Aurkezpena

Ongi etorri, irakurle, NAZIOGINTZAren web orrialde honetara.

Nortzuk gara? Zertarako gaude hemen?
Euskal Herrian gure iritziz dagoen hutsune politiko handi bat lantzeko plazaratu da NAZIOGINTZA.
Alderdi politikoek eta herri-mugimenduek landu gabe utzi duten eremu zabal bat:
Naziogintza Estatugintzarekin lotzen duena, hain zuzen ere.

Gure taldearen izaeran bost puntu nagusi daude:

  1. Naziogintza eta Estatugintza dira gure lan-ildoaren ardatzak. Estaturik gabeko Nazioa nahi ez dugulako, baina Naziorik gabeko Estatua ere nahi ez dugulako. Euskal Herriak biak elkarrekin behar dituelakoan gaude.
  2. Uste osoa dugu euskara dela gure Nazioaren zutabea. Horrenbestez, koherenteak izango gara eta euskarari merezi duen garrantzia emango dio gure taldeak. Euskararen Herria da gure Nazioa.
  3. Ez dugu inongo lotura organikorik alderdi politikoekin edo beste herri-mugimenduekin. Autonomoak gara eta geure burua besterik ez dugu ordezkatzen.
  4. Kontzientzia nazionala hedatzea da gure helburu nagusia. Euskal Nazio egiten gaituzten ezaugarriak indartzea, eta euskal estatuaren aldeko argudioak gizarteratzea. Independentismoa ikuspuntu abertzale batetik lantzea da gure erronka.
  5. Naziogintza eta Estatugintza jorratzeko, besteak beste gurea bezalako Europako estaturik gabeko Nazioen egoera aztergai izango dugu. Era berean, Nazio bidelagun horiekin harreman estuak mantenduko ditugu.