HERRI PEOPLE-N ETORKIZUN ZALANTZAZKOA

Pako Sudupe

2019-08-9an, ZUZEU.

Ez naiz Herri people izenda ETB1-eko programaren etorkizunaz ari, baizik eta han ageri ohi diren herriko jendearena. Portzierto, hitzak hizpidea ekarririk, nola ez aprobetxatu aukera hau programaren izena lotsa-emangarria dela adierazteko; “Herriko jendea behar luke nire iritzi apal edo harroan. Ez al duzue etnia desagertuen museora igarotzeko zorian eta trantzean ikusten herri people programan ageri ohi den jendea? Hemendik urte batzuetara programa horiek ez ote dira ikusi beharko behialako euskaldunak nolakoak ziren jakiteko? Burutazio bitxi horiexek hartzen didate gogoa.

Euskal Herriko ingurune populatu samar batera hurbilduz gero, gero eta zailago gertatzen da euskal etniako jendea aurkitzea. Exajeratzen ari naizela esango duzue, egoera muturrera eramaten, baina pentsa zer-nolako burutapenak izateraino heldu naizen: euskalduna ume gehiago ekartzera motibatu beharko ote luke euskal administrazioak, zerga-kenkari edo hobarien bitartez? Entzuten ari naiz: burutik egiten hasia hago; zelako etniakeria, Pandoraren kutxa irekiko duk moteil…!

Euskal etnia ez dut mitifikatzen eta ez munduko onentzat jotzen. Euskal etniakoa naiz, euskaldunen artean hazia eta hezia, eta denetik ezagutu dut: jende jatorra eta gaiztoa, zintzo-eratsua eta petral eta erretxin askoa, eta gehienak, jakina, tartekoak -neu ere halaxe izango naiz-; beste edozein etniaren antzekoa alegia, baina, diferentea bai, eta etnia hori herri txikietan ez, baizik eta hirietan eta inguru populatuetan nahi nuke ikusi Euskal Herrian, etniaz nahasiago nahi baduzue, baina egungo kultura modernora egokitua eta bera kultura modernoaren sortzaile dela.

Gai arantzatsu hau garatzeko laguntza bila, J.L. Carod Rovura katalan politikariak kazetari bati duela hamabost urte emandako erantzunetara joko dut (Vicent Sanchis: qué piensa J.L. Carod-Rovira. Deria. 2004), baliorik galdu ez duelakoan, eta aldeak alde, eta badira, gure egoeraren ispilu delakoan.

Kazetariak galdeturik ea politikoki ez-zuzena den pentsatzea Kataluniara Espainiatik hirurogeiko urteetan heldu zen immigrazio masiboak, diktadura betean eta integratzeko posibilitate ezin urriagoekin, Kataluniako herriaren egitura sozial, kultural eta politikoa arriskuan jartzen zuela?, Carod-Roviraren erantzuna hauxe izan zen: “Bistakoa da gizarte baten edozein aldaketa demografikok modu masiboan aldatzen dituela gagozkion herriaren identitate ezaugarriak. (…) Uste dut xede hori ere bazuela seguraski frankismoak Espainiako estatutik bereziki gazteleradun etorkinen baina halaber galegodun etorkinen Kataluniarako immigrazioa erraztean. (…) Nahiz eta Kataluniak une haietan etorkinei harrera eta abegi egiteko tresna egokirik ez zuen, zeren Katalunia bera baitzen, erabat harturik, klandestinitatean zegoena, kontent egon gaitezke etorkin haietatik gehienek iritsitako lur berria beren herritzat hartu zutelakoegia bada ere haietako askok, haien seme-alabek ez bezala, ez zuela inoiz aukerarik izan etxe inguruan baino erabil ez zitekeen hizkuntza berena egiteko”.

Zein neurritan daukagu guk esaterik beste horrenbeste hona etorriez?, eta etorkinen seme-alabez? Katalunian ere pentsatzen dut gai horretaz buru hainbat aburu egongo direla.

Dena den, 2004an, arazoa beste bat zen Carod-Rovirarentzat: “Orainarazoa ez da nola amaitu etorkin haien seme-alabak eta bilobak integratzeko lana, zeinak naturaltasun osoz bertarako eginak dauden, nahiz eta hiri handietan oraindik ere badiren auzoak benetako ghetto bihurtuak daudenak…arazoa ez da nola integratu katalan herrian etorkin gaztelaniadunen azken belaunaldiak, baizik eta nola integratu europar erkidegotik kanpoko etorkin saldo berria”.

Gure egoera, irakurle gehienak ados egongo direla iruditzen zait, okerragoa da Kataluniakoa baino hizkuntzari dagokionez, nahiz eta han ere hizkuntza ez-markatua gaztelania den, eta ez katalana, leku gehienetan. Zer egin, bada, migratzaile berriak integratzeko katalan komunitatean? “Honako hau esatea: “Hemen ez da beste inor kabitzen” bezain desegokia da esatea: “Paperak denentzat”, zeren ez dago herririk, munduko aberatsena izanda ere, biztanleko errenta maila handiena izanik ere, gai denik bertara joan nahi duen orori duintasunez leku bat egiteko. (…) Lehen baieztapenazer behar du gure herriakTresna legal eta ekonomikoak behar ditu duintasunez hartzea erabakitako immigranteak har ditzan”.

Garbi dago ez Kataluniak eta ez Euskal Herriak, ez EAEk eta ez Nafarroako Foru Erkidegoak edo Euskal Hirigune Elkargoak dituztela behar-beharrezkoak diren tresna legal eta ekonomikoak, eta Frantziako eta Espainiako estatuek hartzen dituztela erabaki nagusiak, eta horrenbestez, teoriatik ezin garela praktikara igaro, baina aurrera egin dezagun, itzuliko gara-eta atzera berriz puntu honetara.

Nork egokitu behar du norengana: kanpotik etorriak ala bertakoak?: “Halaber esan behar da, absurdokigaitzesgarri dirudiela esatea ezen herri batera iristen denak ezin duela espero harrera-herria izatea berari egokituko zaiona. Egokitu behar duena bera da, jakinik elkarren arteko harremanetan beti bi aldeak ateratzen direla aberasturik eta aldaturik”.

Beharrezko ikusten zuen Carod-Rovirak etorkinei formakuntza-, murgiltze eta egokitze ikastaroak ematea. Eta hizkuntzei doakienez: “Herriaren hizkuntza ezagutzea funtsezkoa da kasu hauetan guztietan, zeren aukera ematen du jendearekin harreman osoak izatekoGure kasuan katalanaren oinarrizko ezagutza izatea esan nahi du, eta halaber, gaztelaniarenaHori ulertzen ez duenak ez daki badela herririk, Ameriketako Estatu Batuetan kasu, non gainera nazio ereserkia kantarazten zaien”.

Nik neuk, zuek ez dakit, beste arrazoi bat gehiago ikusten dut gai ekonomiko-politiko eta soziologiko-kultural honetan independentziaren beharra azpimarratzeko.

Etorkizuneko euskaldunek biharko EITBren artxiboetan ikasi beharko ote dute behialako euskal herrietako euskaldunak nolakoak ziren, jada desagertuak izango direlako?, ditugun eskumen politikoekin eta daramagun martxan posible ote da, funtsean, euskalduna hiriko jendea bihurtzea, gauza batzuetan arras aldaturik, baina, funtsik funtsenean, behialakoarekin jarraitutasunean, hizkuntza ardatz dela? Edota suizidio kolektiboaren amilburutik hurbil gaude?