KONKISTA EUSKAL HERRIAN (I)

JOXE ARAKAMA LOPEZ DE GEREÑUK konkistaren prozesuak eta horiek Euskal Herrian burutu diren moduak aztertzen ditu artikulu honetan, eta hasteko konkistaren definizioa ematen du:

Konkista, era guztietako indarkeriak, engainuak eta amarruak erabiliz gauzatzen den Herri baten azpiratze-ekintza da: talde indartsu batek Herri baten kontra egin dezakeen ekintza kriminalena, gizateriaren kontrako atentatua.

Konkistaren moduak:

Konkista ez da kasu guztietan era berean gauzatzen den ekintza; era berean, konkista gutxitan gauzatzen da ekintza bakar batean eta behin betiko moduan. Izan ere, ahulagoak izan arren, erresistentziak izaten dira herri konkistatuen aldetik. Askotan konkista egiten da, baina kolonizatuak altxatu egiten dira kolonizazioaren aurka eta horrek eskatzen die kolonizatzaileei berriz ere gerran hastea galdutako boterea berreskuratzeko.

Kolonietan kolonizatzaileen kontrako altxamenduak ohikoak izan dira historian zehar. Hori ikusi dugu, adibidez, Kuban, Mexikon, Filipinetan, Algerian eta abarretan, baina baita Euskal Herrian ere. Nafarroako Erresumak, formalki, hainbat aldiz pairatu ditu Gaztelako Erresumaren konkista-ekintzak, Erdi Aroan (Gasteiz 1199-1200, Donostia 1200) eta baita Berpizkunde Garaian ere, Gesaltzen, 1512an, eta Amaiurko gazteluaren kontra 1522an, adibidez. Hain agerikoak ez izan arren, XIX. mendeko karlistadak ere (1836-39 eta 1873-76), funtsean konkista ekintzak izan ziren, nahiz eta itxuraz espainiar monarkiaren oinordetzari lotutako liskarrak izan. Hego Euskal Herria izan zen karlistaden borroka-gune nagusia eta hori ez zen gertatu kasualitatez. Gogoratu azken karlistada galdu ondoren (1876an) Hego Euskal Herria bere burujabetza ia osoa galdu zuela, 140.000 gudari espainiarrek gure lurra okupatu zutela eta Cánovas del Castillo presidente espainiarrak “Derecho de Guerra” aldarrikatu zuela foruak ezabatzeko. Argiago, ezin esan.

XX. mendeko “Espainiako gerra zibila” deiturikoa ere konkista ekintza izan zen Hego Euskal Herrian eta horrela irakur dezakegu Jose Maria Areilzak 1937ko uztailaren 8an Bilboko Teatro Coliseo Albian militarrak eta miliziak goraipatzeko egindako diskurtsoan: “Nos habéis salvado por conquista, por la fuerza, a tiros y a cañonazos en una palabra”. (Konkistaren bidez salbatu gaituzue, hitz batez, indarrez, tiroz eta kanoikadaz); “Bilbao no se ha rendido sino que ha sido conquistado por el ejercito y las milicias con el sacrificio de muchas vidas”. (“Bilbok ez du amore eman, konkistatua izan da, bizitza askoren sakrifizioz, armadaren eta milizien bidez”) (https://es.wikisource.org/wiki/Discurso_de_Jos%C3%A9_M%C2%AA_de_Areilza_en_Bilbao_el_8_de_julio_de_1937)

Frankismo betean eta neofrankismoan ere, Hego Euskal Herrian gauzatu ziren era askotako bortxa-ekintzak okupazio indarren kontrako erresistentzia ekintzak izan ziren funtsean. Horrela bizi zituen populazioak eta horrek laguntzen du ulertzen ETAren mende erdiko borrokaren iraupena. Ildo berean, frankismo garaian atzerrian zegoen Eusko Jaurlaritzaren jarduerak Hego Euskal Herriaren okupazioa salatzera eta kulturan, politikan eta hezkuntzan jasaten ziren okupazioaren ondorio gaiztoak gutxitzera bideratuta zeuden, haren jarduera oso apala izan bazen ere.

Konkistaren helburuak:

Konkista-ekintzen bidez konkistatzaileek berea ez den lurralde baten eta lurralde horretan dagoen ororen (lehengaiak, ondareak, animaliak eta pertsonak) jabetza bereganatzen dute.

Baina helburuak ez dira bakarrik pertsonen, animalien, altxorren eta era guztietako ondareen harrapaketakoak. Horrez gain, konkista gertatzen denean, azpiratutakoen hizkuntza, kultura, erlijioa, ideologia politikoa eta munduaren ikuskera ordezkatzen dituzte indar kolonialen homonimoek. Kolonizazioaren bidez egiten dute hori. Kolonizazioaren historian, gainera, hainbat kasutan gertatu da bertako populazioa esklabotzara behartzea. Konkistaren ondorioz, kolonizatzaileek lurralde edota komunitate bat baino gehiago mendean hartzen dituztenean, inperialismoaz hitz egiten dugu, Gaztelako (Espainiako) eta Frantziako inperialismoaz, adibidez.

Konkistaren harrotasun-garaiak:

Konkisten goraldi-garaietan, inperioak zabaltzen diren garaietan, inperioen eliteak harro agertzen dira, euren balentriak lau haizetara zabaltzen dituzte, liburuetan kontatzen dituzte eta, gurean duela gutxi arte ikusi dugun eta gaur egun oraindik ere hein batean ikusten dugun bezala, eskoletan, haurrak doktrinatu egiten dituzte sentimendu inperialean: “Espainia, eguzkia sekulan sartzen ez den inperioa” dela esaten ziguten eskolan. Eta ez dira esaerak soilik; konkisten heroiak ere irakasten zizkiguten eta oraindik ere irakasten dira eskoletan balorazio positibo eta miresmen-adierazpenen artean: Pizarro, Hernán Cortés… Gero, kale izenak, omenaldiak eta ohoreak konkista ekintzetan aritu izan ziren pertsonaiei. Gurean Juan Sebastian Elkano, adibidez, loriatu egiten dute kolonizatzaileek, baina ez bakarrik kolonizatzaileek, kolonizatuek ere goraipatzen dute eta horrek zalantzak sortzen ditu gure gogoetetan: oker daude ala espainiar asimilazioaren azken fasean sartuta daude gure herrikideak? Bereganatu al dute inperioaren harrotasuna? Hala ematen du. Beraz, Espainiar inperioa harro agertu da eta agertzen da egindako konkistengatik, nahiz eta tartean-tartean, beste garai batzuetan, disonantzia egiten zuten ahotsak ere agertu, batez ere misiolarien artean.

Konkistari atxikitako ideologia inperial hori ez zen zabaltzen elite politiko, erlijioso eta militarren bidez soilik; eliteek herritar arruntei transmititu egin izan diete harrotasun inperiala, tartean euskaldunoi, eta horrek bere eragina izan du eta orain ere izaten ari da euskaldunok eta katalanek Espainiarekin dugun liskar politiko eta historikoaren ulerkuntzan. Espainiar herritarren gogoetan, baita egoera miserableenean bizi diren herritarren gogoetetan ere, ulertezinak dira katalanek eta euskaldunok, mendekoak izanda, espainiartasunari egiten diogun ukoa eta horrek dakartzan ondorio gaiztoak. Era berean, orokorrean, horientzat ulertezinak izaten dira inperioaren diskurtsoarekin bat egiten ez duten bestelako diskurtsoak edo jarrera politikoak. Beren konkista-ekintzez harro dauden espainiar eta frantziar estatuen ideologiaren erakusle da harrotasun inperial hori. Eta hori egunero-egunero ospatu egiten dute gainera beren desfile militarrekin, dituzten monumentuekin eta beren erara kontatutako historiarekin. Gainera, dituzten hedabideek, telebistak buru direla, hori normaltasun osoz zabaltzen eta hedatzen dute komeni zaien aldi guztietan, eta jendeak hori normaltzat hartzea lortzen dute. Horrek ondorio nabarmenak ditu jarduera politikoan eta hauteskunde giroetan, abertzaleontzat kaltegarria dena. Eta hala eta guztiz ere, Euskal Herrian eta Katalunian bertako alderdi politikoak gailentzen dira eta estatu espainiarreko gainontzeko tokietan alderdi kolonialak.

Harrotasun inperiala agertzea, garaiotan, ez da jarrera oso prestigiotsua, beste garai batean izaten zen bezala. Jarrera hori ulergaitza da gaur egun eta gizarte modernoan kolonoek zerbait egin behar dute irudi txarra ezkutatzeko, amore eman gabe. Eta hori da egiten dutena: sena eta praktika inperialari eutsi eta aldi berean itxura demokratikoa eman. Espainiar herritarrek, gaur egun, aspaldian burututako konkista-ekintzak eta kolonia-izaera onartzen dizkiete espainiar kolonizazioa gainditu zuten Mexiko, Filipinak, Kuba, Ginea eta gisako herrialdeei, baina lotsarik eta erreparazio-asmorik sentitu gabe; aldiz, ukatu egiten dute Katalunia eta Hego Euskal Herria behin eta berriz konkistatuak eta bereganatuak dituztela.