ABERTZALEEN ARRAKASTA KORSIKAN

Author: La Croix/AFP

Euskal Herrian eta beste hainbat tokitan aspaldikoa da hainbat hauteskundetan parte hartzeari buruzko eztabaida. Nazio Askapen mugimendu batek parte hartu behar al du estatalak diren hauteskundeetan, aldez aurretik jakinda hauteskunde horiek pertenentzia-erritoak direla eta parte hartzean gizarte horrekiko kidetasuna agerian uzten duela? Uko egin behar al diegu hauteskunde horietatik ondoriozta daitezkeen balizko onurei? Eta parte hartzen baldin bada, nolakoa izan behar da parte hartze hori? Korsikan irtenbide bat bilatu dute: parte hartu dute Frantziako hauteskundeetan baina Korsika Herriaren ordezkari gisa ez alderdien ordezkari gisa. Guretzat adibidea izan daitekeelakoan haren berri ematen dugu.

Lurrikara politikoa izan da. Frantziako 2017ko ekaineko hauteskundeek ezusteko galanta eman zuten Korsikan, non alderdi abertzaleak (Pè a Corsica koalizioan bildurik) erraz nagusitu ziren, uharteko 4 diputatuetatik 3 lortuta. Garaipen historiko hau bertako abertzaletasunaren estrategia berriaren ondorioa da, eta 2015eko Korsikako Biltzarrerako hauteskunde arrakastatsuaren jarraipena.

Pè a Corsica koalizioa 2015eko Korsikako hauteskundeetarako eratu zen, abertzaletasunaren bi alderdi nagusiak (Femu a Corsica autonomista, eta Corsica Libera independentista) akordio batera iritsi zirenean. Saria laster etorri zitzaien: Lurralde Elkargoaren aulkien %45 lortu zituzten (gehiengo absolututik oso hurbil), eta Korsikako Biltzarraren lehendakaritza (Gilles Simeoni abertzaleak eskuratuta).

Formula arrakastatsua errepikatu dute 2017ko Frantziako hauteskundeetan. Ikustear zegoen noraino estrapolatu zitezkeen hauteskunde autonomikoen emaitzak estatu mailako hauteskundeetara, baina aurreikuspenik baikorrenak ere gainditu egin dira: koalizio nazionalistak uharteko ezker eta eskuin estatalistaren urteetako hegemonia politikoa birrindu egin du.

2014tik, Korsika Askatzeko Nazio Fronteak (FLNC) bere jarduera armatua utzi zuenetik, nazionalisten arteko zubiak errazago eratu dira, eta aspaldiko harreman txarrei amaiera eman zaie. Analista politikoek gazteen eta boto abertzalearen arteko lotura estua azpimarratu dute, eta agerian utzi dute Macronen alderdiak -Frantziako beste lurraldeen aldean- arazo handiak dituela Korsikan errotzeko.

Pè a Corsica koalizioak bera “korsikarren ahotsa Parisen” izanen dela hitz eman du. Bere lehentasunen artean, besteak beste, uharteko egoiliarraren estatutua, korsikar hizkuntzaren ofizialtasuna, FLNCren presoen amnistia eta berezko botere legegilea eskuratzea daude.

Korsika da frantziar estatuan autonomia gehien duen lurraldea. XVIII. mendearen hasieran Genovatik askatu zen, baina Frantziak mende horren bukaeran bereganatu egin zuen. XIX. mendearen amaieran lehenengo talde nazionalistak azaldu ziren, eta XX. mendean, 1960ko hamarkadan, mugimendu abertzalea lehenengo aldiz emaitza txukunak lortzen hasi zen uharteko hauteskundeetan, oso apalak, halere, azken hauekin alderatuta.