AUSTRIAKO NAZIONALITATEA HEGO TIROLEKO BIZTANLEENTZAT

    Photograph: Süd-Tiroler Freiheit

    Austria eta Italiaren arteko harremanak tarteka gaiztotu egiten dira Hego Tiroleko aferak protagonismoa hartzen duenean. Noizbehinka gertatu da hori, azken urteotan giroa baretuagoa izan arren. Orain, berriro ere, liskarra berpiztu da, Austriako gobernu berria (OVP eta FPOren arteko koalizioa) osatu denean.

    Auzia aspalditik dator. 2018an 100 urte beteko dira Italiak Hego Tirol bereganatu zuenetik, I. Mundu Gerra bukatutakoan eta Austria­‑Hungariako inperioa desagertu zenean. Hego Tirol Erromako administrazioaren mende gelditutako Austriako Tirol herrialdearen zati historikoa da, kultura eta hizkuntza germaniarrekoa. Italiako eskualderik aberatsena da eta biztanle gehienak alemanez mintzo dira.

    Politiko italiarren aztoramena Austriako gobernu berriak eragin du. Gobernu horrek iragarri du Austriako pasaportea eta nazionalitatea eskainiko dizkiela nahi duten hego tiroldar aleman hiztunei. Haiek aukera izango dute, hortaz, nazionalitate bikoitza izateko: italiarra (derrigorrezkoa) eta austriarra. Eskaintza horrek harrera ona izan du Hego Tiroleko alderdi abertzaleen artean, haien aldarrikapen historikoa izan baita. Alderdi abertzale horiek gehiengo zabala dute Hego Tiroleko parlamentu autonomoan.

    Oso bestelakoa izan da politikari italiarren erantzuna. Italiako gobernuak gogor kritikatu du proposamena, “etno-nazionalista” delakoan. Antonio Tajani Europako Parlamentuko presidente italiarrak “nazionalismoak tokiz kanpo daudela Europan” baieztatu du. Alarmistenek neurri horrekin Balkanetakoen antzeko liskarrak ager litezkeela iragarri dute…

    Hego Tirolek errepresio latza pairatu zuen Benito Mussolini diktadore faxistaren garaian: bertako hizkuntza (alemana) debekatu egin zuen, toponimia aldatu eta herrialdea italiartzen saiatu zen, kolonoen bidez. II. Mundu Gerra bukatuta autonomia zabala lortu zuen. Halere, 1961ean Austriak Hego Tiroleko afera eraman zuen NBEra, eta harrezkero Italiarekin dituen harreman diplomatikoak oso gorabeheratsuak izan dira beti.