BERNARD DAELEMANS, ABERTZALE FLANDESTARRA ETA EUSKALDUNON LAGUNA: “Hizkuntza da flandestar abertzaletasunaren motorra”

Argazkia: Naziogintza

Bernard Daelemans (Mechelen, 1966) hizkuntza irakaslea da Bruselan. VLAAMSE VOLKSBEWEGING herri-mugimendu abertzalearen Zuzendaritza Batzordeko kidea, eta MEERVOUD aldizkariaren erredaktore burua. Aspalditik ezagutzen du Euskal Herria, eta lagun ugari ditu gure artean. 35 alditan egon da gure Herrian azken 30 urteotan, azkeneko aldiz aurtengo Gernikako Aberri Egunean. Azpeitiko txoko batean elkarrizketatu dugu.

 

Atentzioa eman zidan zuen Herria ezagutzean zurea, Bernard, kasu isolatua ez dela egiaztatzeak: flandestar abertzale ugarik -aspalditik- harreman estua eta berezia izan dute beti Euskal Herriarekin. Nola ahaztu Willy Kuijpers-en argazki ospetsu hura Gernikan, Francoren diktadurapean, ikurrinarekin? Nola ahaztu euskaldunon beste lagun min handi hura, Walter Luyten? Eta lotsa ematen dit aitortu behar izateak guk , oro har, gutxi dakigula Flandriaz. Oker al naiz?

Egia da flandestar mugimendu abertzaleak gehiago so egin dio Euskal Herriari alderantziz baino. Ni neu XX. mendean, 1980ko hamarkadaren erdialdean, Euskal Herriaz interesatu nintzen MEERVOUD aldizkariaren bidez: aldizkariak toki zabala egiten zien Europako estaturik gabeko nazioei, tartean euskal nazioari. Garai hartan Euskal Herriak jakingura berezia sortzen zien flandestar abertzaleei.

Bitxia suertatu zitzaidan Euskal Herria lehenengo aldiz bisitatu nuenean ikustea zuen artean zer gutxi ezagutzen zen Flandriako egoera: hemengo abertzale askok, esaterako, ez zekiten tutik ere gure Herriaren egoera soziolinguistikoaz, eta harrituta gelditzen ziren nik esaten nienean Flandrian hizkuntza nagusia gurea zela, eta frantsesa menpeko egoera batean zegoela. Gaur egun, ordea, lehen baino hobeto ezagutzen gaituzuela iruditzen zait.

Nik uste dut Euskal Herriko sektore abertzale zabal batentzat Flandria arrazoi ideologikoengatik ez dela izan erakargarria: nazionalismo flandriarra, orokorrean, ezker muturreko ideologiatik lekutan dago, euskal abertzaletasunaren sektore batean hain errotuta izan den ideologiatik, alegia.

 

Distantziak gauzak aztertzerakoan ematen duen kokapen pribilegiatu horretatik, eta gure Herriaz duzun ezagupen sakon horretatik, nola ikusten duzu Euskal Herriko gaurko egoera politikoa?

Arlo ekonomikoari dagokionez, nik uste dut EAEko Gobernuaren kudeaketa ez dela txarra izan: zuen egoera ekonomikoa Espainiakoa baino askoz hobea da, eta krisiaren ondorio gaiztoei hobeto aurre egin diezue espainiarrek baino. Hein handi batean hori posible izan da daukazuen autonomia fiskalari esker. Ez duzue hori gutxietsi behar. Katalanek eta baita guk ere pozik hartuko genuke Hego Euskal Herrian duzuen burujabetza fiskala.

Egoera politikoari dagokionez, Jaurlaritzak arlo nazionalean ez du ia urratsik eman, beraz normala da independentistak haserre egotea. Nik uste dut zuen agintariak Kataluniako prozesuaren bukaeraren zain daudela, hurrengo mugimendu politikoak horren arabera norabide batean ala bestean emateko. Eta gatazka armatuaren ondorioen konponbidea blokeatuta dagoela ikusten dut, eta horrek euskal independentziarako bidean urratsak ematea oztopatzen du.

Flandriaz hitz egin dezagun. Zuen abertzaletasuna betidanik oso lotuta dago hizkuntzarekin. Oker ez banaiz, aldarrikapen politikoak egin aurretik flandestar abertzaleek aldarrikapen linguistikoak egin zituzten. Flandesko nazionalismoa osagai linguistikorik gabe uler al liteke?

Ez. Hizkuntza da flandestar nazionalismoaren funtsezko faktorea. Hizkuntza gure abertzaletasunaren motorra izan da.

Nederlanderak (flandesera nederlanderaren dialektoa da) izana eman dio Flandriako Herriari, bere alderdi bereizgarria izan da. Flandestar frankofonoa herrena da, eta gure irudikapen kolektiboan ez da flandestar jatorra.

Belgikako estatua sortu zenean (XIX. mendean) elite flandriarrak -hein handi batean- frankofonoak ziren. Zorionez, intelektual batzuek egundoko lana burutu zuten gure hizkuntzari prestigio soziala emateko. Estatu berriak frantsesez funtzionatzen zuen eta herri xehearen hizkuntza -nederlandera- baztertuta zegoen. Borroka linguistikoa laster agertu zen eta XX. mendearen hasieran areagotu egin zen; 1920an lehenengo hizkuntza legeak agertu ziren Belgikan, denboraren poderioz gaur egungo lurraldetasun linguistikoa ekarriko zutenak. Azpimarratu behar da Belgikako lurraldetasuna ezartzeko orduan irizpide linguistikoak, eta ez historikoak, aintzakotzat hartu zirela: Brabante konderria, adibidez, bitan banatu zuten.

 

Zuek hizkuntzarekiko duzuen atxikimendua ezaguna da, eredugarria estaturik gabeko Europako nazio askorentzat, baita guretzat ere. Gogoan dut aspaldi flandestar abertzale batek kontatu zidan historia: Lehenengo Mundu Gerran soldadu flandestar pila hil egin zela gudazelaietan beren agintari frantseshiztunen aginduak ulertzen ez zituztelako. Gertakizun ilun hark nazionalismo flandestarra piztu omen zuen…..

Bai, I. Mundu Gerran -gurean- armadako ofizial gehienak frankofonoak ziren, eta soldaduak, batez ere, flandestarrak. Hots, agintarien hizkuntza, frantsesa zen, eta mendekoena, nederlandera. Ofizial frankofonoek mesprezu handia erakusten zuten gure hizkuntzarekiko eta bere hiztunekiko, eta bidegabekeria izugarriak burutu zituzten. Horri aurre egiteko lehenengo alderdi politiko flandestarra agertu zen, FRONTPARTIJ izenekoa (euskaraz Fronteko alderdia).

Gerraren ondorioak flandestar askorentzat traumatikoak izan arren, horrek lehenengo aldiz kontzientzia nazional baten agerpena ahalbidetu zuen, eta flandriarren eskubideen aldeko alderdi baten sorrera.

 

Bide batez, antzeko zerbait ere gertatu zen Iparraldeko soldadu euskaldunekin Lehenengo Mundu Gerran, “Morts pour la Patrie” horiekin, baina kasu horretan gertakizun latzak ez zuen Iparraldean euskal abertzaletasuna piztu, frantses sentimendua baizik…. Bitxia da.

Ez dut ongi ezagutzen Iparraldeko euskaldunekin gertatu zena, baina nik esango nuke kontuan hartu behar dela Frantziako eta Belgikako errealitate politikoak ezberdinak direla. Belgikan, bistan da, flandestarrak gehiengoa gara, eta Frantzian euskaldunak oso gutxi dira. Horregatik, errazagoa izan da euskaldunak frantsestea flandestarrak baino.

Frantziako jakobinismo eta zentralismoaren politika zorrotzak ere aintzat hartu behar dira fenomeno hori aztertzerakoan

 

Kanpotik ikusita, Belgikako estatuan flandestarrak eta valoniarrak elkarri bizkar emanda bizi zaretela ematen du: flandestarrak nederlanderaz bizi zarete, erabateko burujabetza kultural eta linguistikoa duzue, zeuon berezko komunikabideak, alderdi politikoak, eskuduntzak…. Brusela hiriburua izan liteke salbuespen bakarra….

Hala da. Belgikan oso harreman gutxi dago bi komunitate linguistikoren artean, elkarri bizkarra emanda bizi dira. Adibidez, flandestarrek ez dute frankofonoen (valoniarren) telebista ikusten, eta valoniarrek are gutxiago gurea (bide batez, haiek batez ere Frantziako telebistak ikusten dituzte…)

Harreman gutxi izan arren, guk beti ahalegin handiagoa egin dugu valoniarrekin frantsesez mintzatzeko, alderantziz baino. Esaterako, oso esanguratsua da Flandesko eskoletan (nederlanderaz irakasten dutenak) atzerriko hizkuntza nagusia frantsesa izatea, Valoniako ikastetxeetan atzerriko hizkuntza nagusia ingelesa den bitartean (eta ez nederlandera). Ez dago elkarrekikotasunik.

 

Lagun batek aspaldi esana: “Bruselagatik ez balitz, Belgikako estatua aspalditik bitan zatituta legoke”. Brusela, Flandriako zati historiko ukaezina, baina gaur egun nagusiki frankofonoa. Flandriako Errepublika sortzeko noraino da oztopo Brusela? Bruselarik gabeko Flandriako estatua sortzeko tentaziorik izan al duzue inoiz?

Brusela Flandriako salbuespen linguistikoa da. Hiria azkar frantsestu zen XX. mendearen hasieran, bertako burgesia handia eta eliteak frankofonoak zirelako. Hori ez zen gertatu Flandesko beste hiri handietan (Anberes edo Ganten, adibidez), haiek ere elite frankofonoak izan arren.

Bruselak erregimen linguistiko elebiduna du, baina elebitasun teoriko hori sarritan ez da betetzen eta flandestarron eskubide linguistikoak maiz bortxatzen dira (kontuan hartu bruselarren %10 inguru dela nederlanderaduna).

Kasu honetan, nazioaren eta hizkuntzaren arteko identifikazioak kinka zailean jartzen gaitu. Guretzat Brusela Flandesko hiriburua da, noski, eta bruselarrak frantsesez mintzo diren flandestarrak dira. Baina flandestar batzuek ez dute horrela ikusten, eta Brusela ez dute batere maite.

Egia da, Brusela gabe Belgikako estatua aspalditik desagertuta egongo litzatekeela. Brusela arazo handia da guretzat. Ofizialki, ez dago alderdi abertzalerik Bruselari uko egiten dionik, baina pazientzia gutxiko abertzale batzuk, Flandriako errepublika lehenbailehen eskuratu nahi dutenak, prest daude Bruselarik gabeko estatua sortzeko. Nik ez dut bat egiten ideia horrekin, eta uste dut posible izango dela konponbide bat bilatzea Bruselarentzat gure etorkizuneko estatuan.

 

Gai linguistikoa izan da flandestar eta valoniarren arteko gatazkak piztu ohi dituena. Urte luzeetan, adibidez, Brusela inguruko herri flandestarren erregimen linguistikoa kolokan jarri nahi izan dute frantsesdunek. Fourons-Voeren eskualdeko hizkuntza-liskarrak ere sarritan agertu izan dira komunikabideetan. Zein da gaur egungo egoera? Bake linguistikoa lortu al da? Zeintzuk dira flandestar abertzaleen ustez konpondu gabeko arazoak?

Gatazka linguistikoa, gaur egun, Brabante eskualdean dago, Brusela inguruko herri flandestarretan. Bruselako hazkunde azkarraren ondorioz etorkin ugari -europar erakundeetako funtzionarioak- Brusela inguruko udalerrietara mugitu dira, frankofonoen kopurua izugarri emendatuz. Hori oso kezkagarria da guretzat. Udalerri horiek nederlanderadunak ziren, eta hala sailkatuta zeuden Belgikako lurraldetasun linguistikoaren irizpideen arabera. Gaur egun, aldiz, frankofonoek udalerri horiek Bruselako eskualdean sartzea -boto eskubideari dagokionez- lortu dute. Flandesko zati bat kendu digute, nolabait esateko, Bruselako eskualdean sartu dutena.

 

1971tik Flandriak bere Parlamentua dauka. Zeintzuk dira Parlamentu horrek dituen eskuduntzak? Eskuduntza horiek esklusiboak al dira? Zeintzuk dira abertzaleek faltan sentitzen dituzuen eskuduntzak?

Eskuduntza esklusiboak ditugu Hezkuntzan, Kulturan, Osasunean eta Azpiegituretan (trenbide sarea izan ezik). Autonomia oso zabala dugu halaber Kanpo-harremanetan (nazioarteko itunak, adibidez, sina ditzake Flandriako Gobernuak beste estatuekin) baina ez dugu Hego Euskal Herriak duen burujabetza fiskalik

 

Belgikako Parlamentuan alderdi abertzale flandestarren ordezkaritza %40 ingurukoa da egun. Bertan N-VA zentro eskuinekoa (alderdi nagusia) eta Vlaams Belang eskuin muturrekoa daude. Flandriako estatus politikoari dagokionez, zein da alderdi horien hautua? N-VA, bestalde, Belgikako koalizio gobernuan da egun, horrek noraino mugatzen ditu asmo independentistak?

Zuk aipatu dituzun bi alderdi horiek independentistak dira, hori garbi azaltzen da haien estatutuetan.

Halere, N-VAk -epe laburrera- estatu konfederala aldarrikatzen du. Haien ustez, estatu konfederal batean nazio flandriarrak burujabetza handia izango luke. Horrek, jakina, ez gaitu asetzen independentistak garenok.

Belgikako gobernuan sartzean, N-VAk bere aldarrikapen independentistak eta konfederalak zokoratu egin ditu. Beldur naiz hurrengo hauteskundeetan (2019an) horrek botoak kenduko dizkiola, Vlaams Belang-en mesederako, oso kezkagarria izango litzatekeena.

 

Europako estaturik gabeko beste nazioen antzera, Flandria ere arreta handiz jarraitzen ari da Kataluniako prozesu independentista. Badakigu harreman estuak mantentzen ari zaretela bertako alderdi eta erakundeekin. Zer nolako eragina izan lezake Flandesen edo Euskal Herrian Europako mendebaldean katalan estatu berri baten agerpenak zure ustez?

Ikusmin handia dago Flandrian Kataluniako prozesuarekin. VLAAMS VOLKSBEWEGING taldean harremanak mantentzen ditugu Kataluniako erakunde independentistekin.

Belgikako komunikabide ofizialak ez daude eroso gai horrekin, eta saiatzen dira informazioa ezkutatzen. Haien ustez Kataluniakoa aurrekari oso arriskutsua izan liteke, nazio flandriarra ere “kutsa” lezakeena.

Guretzat eta zuentzat, berriz, aukera aparta izan liteke: azken olatu independentista, duela 30 urte, Europako erdialdean eta ekialdean gauzatu zen. Mendebaldeko Europan arrakastaz bukatutako prozesu independentista bat pizgarri garrantzitsua izango litzateke Flandria zein Euskal Herriarentzat.

NAZIOGINTZAK EGINDAKO ELKARRIZKETA
2017ko Ekaina