ESKOZIA BIGARREN AUKERAREN ZAIN

Argazkia: Sunday National

ROBIN McALPINE

“COMMON WEAL” Erakundearen Lehendakaria.

Ia bost urte pasatu dira Eskoziak bere autodeterminazio-erreferenduma egin zuenetik, independentistek, ozta-ozta, galdu zutena. Brexit-ak, ordea, aukera berri bat ireki dio Eskoziako mugimendu independentistari, eskoziarrek Europako Batasunean jarraitu nahi dutelako eta lekutan daudelako ingelesen jarrera eurofoboetatik. Azken hilabete hauek manifestazio oso jendetsuak ikusi dituzte Glasgoweko kaleetan independentziaren alde, eta Nicolas Sturgeon lehen ministroak bigarren erreferendum bat bultzatuko duela berretsi du.

Aldeko abagune bat dute independentista eskoziarrek, beraz, nahiz eta Londres oso prest ez egon bigarren erreferendum bat adosteko. Eskoziako testuingurua aztertzen du NAZIOGINTZArako Robin McAlpine-k, Eskoziako Common Weal talde ospetsuaren lehendakariak, artikulu honetan:

 

Erresuma Batuak aztoramendu handia bizi duen aldi honetan, zer arrazoi egon daitezke orain Eskoziaren independentziaren alde? Horri buruzko erantzuna korapilatsuagoa da galdera soil honek aditzera ematen duena baino.

Has gaitezen Erresuma Batuko egoerari begirada bat ematen. Denak datoz bat esatean Brexit moduko bat bozkatu zela 2014an, baina benetan hori da, hain zuzen, inor bat ez datorren gauza. Labur esateko, Erresuma Batua alderdi bakar baten gehiengoa espero duen parlamentu sistema batean oinarritzen da. Koalizio gobernuen tradizioa oso txikia da.

Aldiz, egungo egoeran, nekez sortzen da edozein alderdi politikoren barnean ekintza ildo baten aldeko gehiengo bat, are gutxiago desberdinen artean. Oso aurrekari gutxi dago gehiengoen parlamentu batek gehiengo bat lortu ezin duenean egin beharrekoaz eta, komentario ugari egiten diren arren, artean inork ez daki zer gertatuko den hurrena. Beraz, gehienean anabasa da.

Testuinguru honetan, SNPk Europar Batasuneko hauteskundeetan lortutako emaitzek aditzera ematen dute dena, oro har, ondo doala. Aldiz, hori pentsatzea arriskutsua izan daiteke. 2014tik, iritzi inkesta batek bakarrik jarri du Eskoziaren independentziaren aldeko jarrera lehen postuan. Erresuma Batua urperatzen ari den itsasontzia izango da, baina jendea ez doa artean salbamendu txalupetara, edo ez nahikoa jende.

SNPren hauteskundeetako arrakastak beste arazo bat ezkutatzen du: haren boto kopuruak beheraka egin du nahiko iraunkorki 2015etik. Hori nekez da harritzekoa, une honetan gobernuan baitago, eta azken 12 urtean hor egon da. Bada, Eskoziako Parlamenturako hauteskundeak 2021ean izango dira eta, Parlamentu horretako independentziaren aldeko gehiengoa hain estua izanik, edozein eserleku galerak benetako arazoak sor ditzake.

Zinez ematen du independentziaren aldeko oposizioa eginahalak egiten ari dela SNPk boterean jarrai dezan, kaskarrak direlako, moldakaitzak edo antzeko zerbait ez direnean. Aldiz, ustel atera dakiguke, halaber, uste izatea beti egongo dela Edinburgoko parlamentuan independentziaren aldeko gehiengo bat.

Beraz, zer berri 2021 aurretik erreferendum bat egiteko aukerei buruz? Urrunetik gai honi begiratzen egon bazara, irudi dezake plan irmo bat dagoela hurrengo bi urtean beste erreferendum bat egiteko. Aldiz, irudipen horrek baditu eragozpen oso handi batzuk.

Lehendabizikoa da independentziaren gaia ez dela Eskoziako Parlamentuaren eskumena, Westminsterrena baizik. 2014an, erreferenduma egin zen bakarrik Westminsterrek atribuzio hori Holyroodi eskualdatu ziolako aldi baterako, ‘Section 30 Order’ delako mekanismo bat erabiliz. Eskozia hura gabe erreferendum bat egiten saiatuko balitz, ia seguru legez kontrakotzat hartuko luke Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak, eta oposizioak boikot egingo lioke bozketari. Kataluniako arazoen ispilua izango litzateke.

Westminsterreko buruzagi bat 2021 baino lehen beste erreferendum bat egitearekin ados egoteko aukerak hutsaren hurrengoak dira. Testuinguru horretan, pentsatzeko arrazoiak ditugu independentziari buruzko une honetako zarata askoz gehiago dela SNPko jarraitzaileak baretzeko ahalegin bat bigarren erreferendum bat egiteko pauso irmoak ematea baino.

Eta ondoeza hazten ari da zalantzarik gabe. Independentziaren aldeko mugimenduaren ezaugarrietako bat diziplina maila nabarmen bat izan da, eta SNPren lidergoaren kritika (publiko) oso gutxi. Aldiz, Eskoziak independentziarantz ia aurrerabiderik egin gabe, Erresuma Batua Brexiteko hondamendian gehiago hondoratu ahala, ozenago bihurtu dira buruzagien estrategiari egin zaizkion kritikak.

Horretaz gain, independentzia mugimenduaren barruan, iritzi benetan desberdinak sortu dira irabazteko aukera gehien izateko hartu beharko genukeen jarrerari buruz. Mugimendua koalizio zabal bat izan da, baina politika arloan ezkerralde zabalera lerratua, sozialdemokraziatik sozialismora.

Hala ere, azken urtean, mugimendu barruan, ahots batzuk geure burua birkokatzearen alde mintzatu dira, zertxobait gehiago ‘erdialdera’ lerratzearen alde, edo are, ‘erdialde-eskuinera’. Eman duten arrazoibidea da hor kokatzen direla irabaz ditzakegun botoak.

Arreta puntua ‘Growth Commission’ (Hazkunde Batzordea) izan da, Nicola Sturgeonek sortutako ekimen bat, Eskoziak erabili beharko lukeen diru motaren inguruko galdera handiei erantzuteko eta independentziarako arrazoi ekonomikoen alde egiteko. Diru motari buruzko ikuspegi biziki kontserbadorearen aldeko Batzordearen proposamenek nabarmen lerratuko lukete mugimendua eskuinaldera. Aldiz, berriki egindako konferentzian, proposamen horiek garaituak izan dira zati batean gutxienez, hutsune politiko moduko bat utziz.

Honi guztiari buruz, baina, oso etsigarria da ikustea froga argiak daudela itxura horren justu azpian jarrera publikoek gero eta gehiago babesten dutela independentzia. Faktore erabakigarriak, adibidez, Erresuma Batuko politikaren gaineko konfiantza maila, Erresuma Batuko politika krisian dagoelako irudipena eta atxikitzeko estatus quorik ez dagoelako irudipena, oso jarrera aldakorrak dira.

Dena den, kontrako noranzkoan ere izan dira presioak: Brexitaren kudeaketa hain traketsa izan da non Eskozian bestelako iritziek ere beren bidea egin duten (“ikusten nola batasun politiko batetik ateratzea oso gogorra den?”). Gauzak, oro har, askoz hobe joan beharko litzaizkiguke independentziaren zaleoi gure aurkariei baino eta, hala ere, azaldu ditudan beste arrazoiak direla eta, gure posizioa onenera jota ‘itxarotekoa’ da, eta okerrenera jota, berriz, ‘paralizatua’. Bada gure patua gure eskuetan ez dagoelako irudipen bat, kanpoko gertaerek lagunduko gaituzten zain gaudela.

Aldiz, beti egon dira hor independentziaren aldeko mugimenduaren oinarriko militanteak. Haien gainetik dauden ekintzak onenera zuhurtasuntzat edo egonarritzat joko dituzte, edo bestela, noraeztzat edo zatikapentzat, baina beti bezala, haiek neurria ematen dute horren aurrean.

Ondorioz, kaleko kanpainek (are, une honetan hainbat martxa oso handi daude antolatuta herrialde osoan zehar) inoiz ez dute behera egin. ‘Independentziaren aldeko armada’ prest dago borrokarako, beti egon den bezala. Orain galdera da noiz irekiko ote zaigun erreferendumaren zidorra, edo zidor hori geuk urratu behar dugun, edo are, beste bat aurkitu.

Brexita anabasa da, ukitzen duen guztia kutsatzen du. Aurrera mugitu du Eskoziako independentziaren eztabaida, baina gu ere kutsatu egin gaitu.