IKASTOLEK FRANTZIAKO HEZKUNTZA SISTEMA JAKOBINOA INARROSTEN DUTE

    Argazkia: Kazeta.eus

    NAZIOARTEKO IRAKURLEENTZAKO OHARRA:

    Ipar Euskal Herria (Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa) Frantziaren menpe dagoen Euskal Herriko zatia da. Euskal Herri osoaren %15eko azalera du, eta populazioaren %10 (300.000 biztanle). Biztanleriaren %25ak euskaraz hitz egiten du, baina euskal hizkuntzak ez du inongo ofizialtasunik bertan, Frantzia osoko hizkuntza ofizial bakarra frantsesa baita. Harreman kultural eta politikoak mantentzen ditu Hego Euskal Herriarekin.

     

    Azterketa bat gainditu behar dute Ipar Euskal Herriko ikasleek Lizeoaren etapa bukatutakoan unibertsitatean sartu ahal izateko: Baxoa. Hego Euskal Herriko hautaprobaren edo selektibitatearen antzekoa da Baxoa, baina ezberdintasun garrantzitsu batekin: ezin dute osorik euskaraz egin.

    Aspaldikoa da Iparraldeko ikasle euskaldunen borroka Baxoa euskaraz egin ahal izateko. Borroka horri esker, duela urte batzuk, frantses estatu jakobinoak amore behar izan zuen -partzialki- eta “ikasleek berena duten hizkuntzan” azterketa egiteko eskubidea onartu zitzaien bi ikasgaitan: Geografia eta Historian, eta Matematiketan. Garaipen gazi-gozoa, ikasle euskaldunek, logikoa denez, azterketa osoa euskaraz egin nahi zutelako eta dutelako, Hego Euskal Herrian egiten den bezalaxe.

    Iparraldeko euskaldunek lortu dutena gutxi den ala asko den baloratzeko kanpoko erreferentziak aintzakotzat hartu behar dira: ez dago zalantzarik Euskal Autonomia Erkidegoarekin edo Nafarroarekin alderatuta gutxi dela, baina fokua Frantzian jartzen bada garaipen handia da, Ipar Euskal Herriko ikasleak bakarrak direlako frantziar estatu osoan Baxoaren azterketa (bi ikasgaitan) beren bertako hizkuntzan burutu ahal dutenak (bretoiek, katalanek, okzitanoek, korsikarrek eta alsaziarrek ez dute aukera hori).

    Salbuespen deigarri horren atzean (bitxia baita 300.000 biztanleko lurralde apal batek -Ipar Euskal Herria- Frantziako hezkuntza sistema jakobino ahalguztidunari tamainako erronka hori partzialki irabaztea) Iparraldeko ikastolen mugimendu indartsua dago. Ikastolak izan ziren frantsesa ez zen hizkuntza batean murgiltze- eredua jarri zuten eskola aitzindariak: 1969an sortu zen lehena, duela 50 urte. Ikastolen ondoren sortu ziren Okzitaniako Calandretek, Ipar Kataluniako Bressolek, edota Bretainiako Diwan-ek ikastolen eredua erreferentzia nagusitzat hartu zuten. Bestalde, ikastolek duten indarrak ez du parekorik frantses estatuaren beste eskola “autoktonoetan”: Ipar Euskal Herriko eremu txikian (2967 km2 eta 300.000 biztanle) lehen mailako 31 ikastola daude, 4 kolegio eta lizeo bat, 4.070 ikasleekin guztira. Bretainia, Ipar Katalunia edo Okzitaniako eskola autoktonoek (bretoieraz, katalanez edo okzitanoz irakasten dutenak) lekutan daude zifra horietatik. Gogoratu behar da ere Korsikan eta Alsazian ez dagoela bertako hizkuntzan irakasten duen murgiltze-ereduaren eskolarik, eskola elebidun gutxi batzuk baizik.

    Bi datu gehiago ikastola eta gainontzeko eskola autoktonoen arteko aldea erakusteko: Okzitaniako Calandretek lehen hezkuntzako Okzitaniako ikasleen %0,2 eskolaratzen dute; Ipar Kataluniako Bressolek, ikasleen %2; Bretainiako Diwan-ek, ikasleen %1. Ikastolek, aldiz, Ipar Euskal Herriko lehen hezkuntzako ikasleen %13 berenganatuak dituzte.

    Unibertsitate aurreko irakaskuntzari dagokionez (Lizeoan), Ipar Euskal Herriko ikastolek ikaslegoaren %4 hartzen dute. Bretainiako Diwan-ek, beren aldetik, ikaslegoaren %0,2. Okzitanian eta Ipar Katalunian ez dago bertako hizkuntzan irakasten duen lizeorik.

    Datu horiek aintzakotzat hartuz, ez da harritzekoa Frantziako estatuan Baxoa hizkuntza autoktonoan egitearen aldeko eskaerarik ozenena Euskal Herritik etortzea

    Baxoa egin behar duten Lizeo euskaldunaren (Bernat Etxepare) ikasleek urtero mobilizazioak eta kontzentrazioak egiten dituzte gai guztien azterketak euskaraz egin ahal izateko. Baxoa euskaraz! plataforman biltzen dira. Duela bi urte, euskaldunek baino eskubide linguistiko gutxiago dituzten Bretainiako 15 ikaslek intsumisioaren ekintza bat egin zuten eta Baxoaren matematikako azterketa bretoieraz idatzi zuten. Frantziako estatuari presioa egiteko bide hori eraginkorra ote den galdetu dio NAZIOGINTZAk Iban Thikoiperi, Ipar Euskal Herriko ikastolen (Seaska) lizeoaren zuzendariari. “Azterketa osoa euskaraz egingo luketen ikasleek jakin behar dute arrisku handia hartzen dutela, haien azterketa zuzendua ez izateko eta unibertsitatera ez joan ahal izateko arriskua”, diosku. “Guk, Lizeo bezala, ikasleei ezin diegu esan arrisku hori hartzeko. Norbaitek hori egitea erabakitzen baldin badu, ordea, gure sostengu osoa izanen du

    Aldaketa garrantzitsu bat ezagutuko du Baxoak bi urte barru (2021ean), bere gaurko egitura irauliko duena”, erantsi digu Thikoipek. Izan ere, Baxoa azterketa bakarra zen orain arte, unibertsitatean sartu ahal izateko gainditu beharrekoa. Haatik, hemendik aurrera azterketa horrek kalifikazioaren %60 hartuko du; beste %40 Lizeoan bertan egingo diren azterketekin osatuko da. Lizeo euskaldunaren zuzendariak %40 hori euskarazko azterketekin egitea espero du. Hala balitz, euskarazko pisua Baxoan nabarmen areagotuko litzateke.

    Lizeoko ikasle euskaldunek ere espero dute erreforma horrek euskarazko azterketak emendatuko dituela. Horietako batzuek NAZIOGINTZAri esan diotenez, euren aldarrikapen historikoak moldatu egin beharko dira etorkizunean, egoera berria aintzat hartuz. Horrenbestez, haien epe laburreko helburua Baxoaren azterketan Lizeoak ahalik eta konpetentzia gehiago eskuratzea izango da, ahalik eta azterketa gehien bertan egin ahal izateko. Euskaraz, jakina.

    Ikastoletako ikasleek badakite Baxoa euskaraz lortzeko borroka neketsua eta luzea izango dela. Frantziar estatua mendebaldeko Europako zentralistena baita, eta tradizio jakobinoa arras errotua du. Bere Hezkuntza Ministroak arestian gogoratu du “Frantziako eskola publikoetan hizkuntza nagusia frantsesak izan behar duela”. Ipar Euskal Herria, ordea, horren salbuespena da berriro: lurralde bakarra da estatu osoan murgiltze-eredua aplikatzen duten lau ikastetxe publiko dituena. Beste tokiek baino abiapuntu hobea du, horrenbestez, frantziar estatuko zentralismo zorrotzari pitzadura gehiago eragiteko.

     

    NAZIOARTEKO IRAKURLEENTZAKO BIGARREN OHARRA:

    Ikastolak ez dira eskola publikoak, baina ezta pribatuak ere. Gurasoen kooperatibak dira, Hego Euskal Herrian sortuak XX. mendearen hasieran (1915ean Donostian), gero debekatuak eta 1950eko hamarkadan, frankismoak euskal hizkuntza eta kulturaren arrasto txikiena ezabatu nahi zuenean berriro eta indar handiagoz birsortuak. Guraso batzuek euren seme-alabek hezkuntza euskalduna jaso zezaten sortu zituzten, klandestinitatean. Baina hizkuntzaz gainera, ikastolak gaur egun gurasoek eta irakasleek zein bertako langileek zuzenean kudeatutako eskola euskaldunak dira. Eraketa juridiko aldetik, berriz, Euskal Herrian hain errotuta dagoen mugimendu kooperatibistaren isla dira ikastolak. Hego Euskal Herritik Ipar Euskal Herrira pasatu ziren XX. mendeko 60ko hamarkadaren bukaeran. Euskal Herri osoan gaur egun 111 ikastola daude, 57.322 ikasle eskolaratzen dituztenak.