IPAR IRLANDAKO HIZKUNTZA ESTATUS ETA KULTURARI BURUZKO LISKARRAK

Photograph: Belfast Telegraph

JAKE MAC SIACAIS

“FORBAIRT FEIRSTE” Erakundearen lehendakaria.

“Kultura Hegemonia” unionismoko alderdi nagusiak gero eta maizago ahotan hartu duen hitza da britainiar kontrolpeko Irlanda ipar-ekialdeko konderrietan. Alderdi Demokratiko Unionistak gehiengo estua lortu zuen Stormonteko tokiko erakundeetan, Ostiral Santuko Hitzarmenean ezarritakoetan. 2016ko urtarrilean, baina, gobernutik kanporatua izan zen, orduko Lehen Ministrordeak, Martin MacGuinness izan zenak, dimisioa eman zuenean.

McGuinnessek aipatu zuen unionistek huts egin zutela 1998ko Ostiral Santuko Hitzarmenean agindu eta itundutako eskubideak ezartzen. Esan zuenez, DUPek inoiz ez du osoki bere egin Ostiral Santuko Hitzarmenak emandako elkarren errespetua eta Irlanda osoko planteamendua. Irlandar elementuen arabera bizi nahi dutenentzat, DUPek intolerantzia zakar eta gordina agertu du”.

Azkenean, heldu gara arazoaren muinera. Aukera ederra edo aukera galdua izateko kinka. Itopuntu egoerak gero eta presio handiagoa jarriko du Irlanda eta Erresuma Batuko gobernuetan, 1998ko hitzarmeneko aginduak zehaztuko duen estrategia bat ontzeko.

Ia urtebete iraun duten elkarrizketa ahalegin amaigabeak ez dira inora heldu. Azaroaren 13an, Michelle ó Neill Sinn Féineko iparraldeko buruzagiak iragarri zuen “amaituegin direla elkarrizketak, eta hitzarmenik ez egoteko arrazoia da DUP eskubideetan oinarritutako gizarte baten kontra dagoela”.

DUPeko Arlene Foster-en ikuspegiaren arabera, elkarrizketak trabatuta daude “ez dugulako ikusten herriaren zati batek besteen gaineko kultura hegemonia edukitzea”.

Foster DUPeko buruzagitzara iritsi zenean, nire erakundeak, Forbairt Feirste irlandera garatzeko agentziak, ondorengoa idatzi zion 2015eko abenduaren 10ean:

“Sinesten dugu probestu egin behar direla borondate ona eta elkarren ulermena eraikitzeko aukerak eta, beraz, gure gonbitea duzue hau Gaeltacht Quarter bisitatuko duen alderdiaren ordezkaritza bat antola dezazuen, Forbairt Feirstek gonbidatuta”.

Bada, ez genuen izan haiek gutuna jaso izanaren berririk ere.

Antzeko moduan zuzendu gatzaizkio DUPi hainbat bider. Azkenekoz, 2017ko apirilean. Berriz ere gurekin biltzera gonbidatu genuen, eta adierazi ere genion luze gabe haren berri izateko esperantza genuela.

Artean, baina, ez dugu erantzunik.

Bale ba. Gonbitea indarrean da.

Beharbada tenorea da atzera pauso bat eman eta itopuntua aukeratzat hartzen ahalegintzeko, eta ez mehatxutzat. Argi dago amaitu gabeko auzi bat dugula.

Nire ikuspegia eman nahiko nuke.

Guztiontzat ez da ezer garrantzitsuagorik identitatea baino. Identitatean arakatzearen bidez egiten (edo osatzen) gaituen identitatearen kultur adierazpidea pertsonala dugu, kuttuna, eta askotan konplexua. Betiere bidaia da.

Gutako gehienak erresumindu egingo gara inork gure kultura iraintzen badu. Gatazka dagoen eta kulturak elkarrekin lehiatzen diren testuinguruetan, horrek gaiztotu egin ditzake gauzak, bortizkeria piztu, edo oso hondagarri bihurtu.

Azter dezagun orain zergatik atera diren milaka pertsona kalera Belfasten 2017an Irlanderaren Hizkuntza Legea eskatzeko. Utzi alde batera alderdi politikak eta heldu gaiari seriotasunez.

Ni gaeleraduna naiz. Irlandar Hizkuntzaren barrutian lan egiten dut. Irlandar errepublikarra eta sozialista naiz.

Artean batzuek arazoak dituzte nire irlandar identitatearekin. Maiz jasan behar izan ditut irainak nire kontra, irlandera hiztun guztiok jasan ditugunak. Belfasteko kaleetan Irlandar Hizkuntzaren Legea eskatu dugun guztiok gure eskubideak babesteko beharra sentitzen dugu. Ez dugu sinesten britainiarren aldeko politikari unionistek gure eskubideak errespetatuko dituztela.

Irlandartasunarekin arazoa dutenak bi kategoria handitan sailkatzen dira: Batetik, 1922an iparraldeko estatua sortu zenetik gaeleraren hizkuntza eta kulturaren aurkako ikuspegiak eduki eta egun, neurri handi edo txikiagoan, britainiarren aldeko jarrera unionista duten alderdien alde bozkatzen dutenak.

Bigarrenik, badira kontrako iritzi hori eduki eta gobernuan egon nahi dutenak eta, gainera, nire hizkuntza uztartu eta parekatu egin nahi dutenak nireaz oso bestelako kultur atxikimendua duten beste batzuekin, ni haiek ukatzen ez ditudan arren. Ez da kalean dagoen kontu bat. Ez da gertatuko.

Egungo DUPen and Sinn Féinen agintaldiak sekulakoak dira. Bien artean 52.000 botoko aldea dute.

Bizi garen estatu artifiziala Irlandari buruzko politika britainiarraren emaitza izan zen eta da azken batean, XX. mende hasieratik. Estatua 100 urte egitera doa orain, eta guztiok bat gatoz esatean hau ez dela bizitzeko toki egonkor, harmoniko eta zinez baketsu bat.

Nazionalista gehienontzat, Kultur Hegemoniak gauza bakar bat esan nahi du: Orangeren eta unionismoaren nagusitza, eta alderdikeria hutsa. Nazionalistak benetan bigarren mailako herritar gisa sentitzen/sentitu gara gure etxean. Britainiartasunaren sinboloz inguratuta gaude, ‘britainiartasunaren erakusgarri bakarrak’ nagusi dira espazio publikoan.

Hizkuntzaren babesa Europa osoan egiten da. Gure Eskozia eta Galeseko auzokideek lege babesa dute. Ez al ditugu guk horiek gehiago merezi, gure egoera ikusita?

Espero dezagun itopuntuari eta aldatutako demografiaren errealitateari benetako elkarrizketak jarraituko diela, noiznahi datorrela ere. Gauzak erabat aldatu dira. Pentsamolde jator berria behar dugu, funtzionatzen duten konponbideak lortuko baditugu. Hitzarmen erdiek eta traketsek ez dute balio. Egin dezagun bidea itxaropenez.

“Forbairt Feirste” Belfasten oinarritutako Irlandar Hizkuntzaren garapenerako agentzia da, Belfasten irlanderaz mintzo den herriaren kemen ekonomikoa hiri osoaren onerako hauspotu nahi duena.