QUEBECEKO HIZKUNTZA-EREDUA, AZTERGAI

    Argazkia: À bâbord

    Bertako hizkuntza berreskuratzeko eta nagusitzeko prozesuetan badaude euskaldunontzat eredugarriak diren hainbat adibide: Flandriakoa, esaterako, non bertako abertzaleek lortu zuten XIX. mendearen bukaeran frantsesak zeuzkan prestigioa eta indarra iraultzea, nederlanderaren mesederako; Israelgoa, hilda zegoen hizkuntza bat -hebreera- berpiztea lortu zuena (horrek ez du esan nahi Israel eredugarria denik beste arlo batzuetan, giza-eskubideen arloan, adibidez); Finlandiakoa, suedieraren nagusitasunari aurre egiten jakin zuena; Kataluniakoa, Europako hizkuntza gutxitu guztien artean ondoen mantendu dena eta gizarte-kohesiorako tresna bihurtzea lortu duena; eta Quebecekoa, artikulu honetan aztertuko duguna.

    Quebeceko berezitasuna Kanadako beste probintziekiko bere hizkuntzan datza. Quebeceko herritarrak frantses-hiztunak dira nagusiki, Kanadako gainontzeko probintzietakoak ingeles-hiztunak diren bitartean. Horrenbestez, Quebeceko nazionalismoaren funtsa bere hizkuntzaren eta kulturaren defentsan oinarritu da bere sorreratik.

    XVIII. mendean hasi ziren gaur egungo Quebeceko lurraldeak ingeles-hiztun bihurtzeko saiakerak, eta horiekin batera hizkuntza-gatazka. 1763ko “Royal Proclamation”-ek benetako asimilazioa proposatzen zuen, lege eta hizkuntza ingelesak frantses-hiztunei ezarriz. Haatik, pixka bat geroago, 1774an, “Quebec Act” deritzonak aurrekoaren neurri zorrotzak ezabatu zituen, eta hizkuntza- eta erlijio-eskubideak eman zizkien quebectarrei.

    Kanadako estatua sortu zenean, XIX. mendean, ingeles-hiztunak saiatu ziren berriz ere frantses-hiztunak baztertzen, eta ingelesa bihurtzen estatu berriaren hizkuntza ofizial bakarra. Frantsesaren irakaspena eskoletan debekatu egin zen. Horrek, eta Kanadara ingeles-hiztunak XIX. mendean zehar multzo handitan iristeak ingelesaren aldeko gehiengo baten sorrera eragin zuen Kanadako probintzia guztietan, Quebecen izan ezik.

    Harrezkero, Kanadako frantses-hiztunak (Quebecen gehiengoa direnak) borrokan aritu dira euren identitateari eusteko, batez ere hizkuntza- eta erlijio-gaietan (ingeles-hiztunak ez bezala katolikoak baitira). Baina gizartearen sekularizazio gero eta handiagoarekin, frantsesa beren nortasunaren ikur bihurtu da (eta ez erlijioa), eta frantses hizkuntzarekiko edozein mehatxu, frantses-hiztunen aurkako mehatxutzat jotzen da. Mehatxu horiek anitzak dira: Ottawako gobernu zentrala ingeles-hiztuna da, AEBetako geografia-hurbiltasunak eta eraginak ingeles-hiztunen alde jokatzen du, Quebeceko enpresa, merkataritza eta banka handia gutxiengo ingeles-hiztun baten kontrolpean dago, eta gaur egungo kultura-globalizazioak, zalantzarik gabe, ingelesa indartzen du.

    XX. mendean ,1960ko hamarkadan, aldaketa sakonak gertatu ziren Quebeceko gizartean, Iraultza Lasaia (“Révolution Tranquille”, frantsesez) izenarekin ezagutzen direnak. Aldaketa horiek Quebeceko modernizazioa eragin zuten, eta hizkuntza-arlora ere iritsi ziren. Urte horietan Quebeceko nazio-sentimendua ere sendotu zen eta 1968an agertu zen bertako nazionalismoaren garapenean eragin handia izan zuen eta duen alderdi politikoa: Alderdi Quebectarra (Partit Québécois).

    Kanadaren batasuna arriskuan ikusiz, Gobernu federalak leku berezi bat eman zion frantsesari Kanadako lege-ordenamenduan: 1969an Hizkuntza Ofizialen Legea onartu zuen, ingelesa eta frantsesa -biak- Kanadako hizkuntza ofizialak zirela aitortzen zuena, beren hiztunei antzeko eskubideak emanez.

    Baina Iraultza Lasaiak gauzak errotik aldatu nahi zituen. Herbert McNaught-ek oso ondo azaltzen duenez, iraultza horrek “Quebeceko arkaismoen eta ustelkeriaren amaiera ez ezik, ingeles-hiztunen ekonomia eta kulturako menderakuntzaren amaiera ere” bazekarren. Izan ere, garai hartan, bi mehatxu kezkagarri zituzten frantses-hiztunek Quebecen: alde batetik, etorkin “alofonoek” (hots, ez frantsesez ez ingelesez hitz egiten zutenek) beren seme-alabak ingeles-eskoletara bidaltzen zituzten, ez frantses-eskoletara. Joera horri gainera frantses-hiztunen jaiotze-tasa gero eta txikiagoa gehituta, epe ertainera  frantses-hiztunen nagusitasuna kolokan ikusi zuten etorkizuneko Quebecen. Beste alde batetik, ekonomia- eta gizarte-arloan frantsesak mendeko jarrera zuen ingelesarekiko, eta frantses-hiztunek, kopuruz nagusi izan arren, ingeles-hiztunek baino errenta maila baxuagoa zuten.

    Horregatik guztiagatik Alderdi Quebectarra Quebeceko gobernura iritsi zenean (1976an) autodeterminazioaren bidean urratsak emateaz gain (1980an egin zuen Quebecek autodeterminazioaren lehenengo erreferenduma) hizkuntza-auziari ere heldu zion, 101 izeneko legea onartuz (1977an) (Hizkuntza Frantsesaren Gutuna). Gutun horrek Quebeceko hizkuntza ofizial bakarra frantsesa zela argi esateaz gain (handik aurrera Quebeceko administrazioan modu esklusiboan erabiliko zena), lan- munduari eta ekonomia-arloari ere zuzen heldu zion, eta helburu argiarekin heldu ere: merkataritza eta negozioen mundua frantsestea. 50 langile edo gehiago zituzten enpresek frantsesa izan behar zuten lan-hizkuntza, eta elkargo profesionalek  jarduteko lizentzia emango zieten soilik frantsesaren ezagutza egokia zutenei beren lanbidean aritzeko. Irakaskuntzari dagokionez, legeak zioen eskola publikoetan zein itunpekoetan, hizkuntza nagusia frantsesa izango zela, hainbat kasutarako salbuespen batzuk aurreikusiz.

    Quebeceko 101 legea argia eta zehatza zen: Quebecen ez zegoen tokirik elebitasunarentzat. Frantsesa nagusitu behar zen gizartearen arlo guztietan, elebitasunak bere aurka eta ingelesaren alde jokatzen zuelako. Eta horretarako, noski, ingeles-hiztunen eskubide batzuk murriztu behar ziren. Kanadako auzitegiek, zer esanik ez dago, behin baino gehiagotan jo izan dute lege horren aurka, baina tirabira horiek ez dute bigundu abertzale quebectarren jarrera hizkuntzaren auzian.

    Gaur egun 101 legeak lehengo ingelesaren aldeko joera hura aldatzea lortu du: etorkinen seme-alabek frantsesez ikasten dute, lan-mundua (enpresa handietan, bereziki) frantsestu da eta hizkuntza frantsesak prestigio handia lortu du gizartean. Montreal hiriburuan, baina, ingelesaren aldeko inertziak nabarmenak dira, eta esan daiteke hein handi batean bertan jokatzen dela Quebeceko hizkuntzaren etorkizuna.

    Hizkuntza-politikak, orokorrean, bi motatakoak izan daitezke: gutxiengo linguistiko baten eskubideak bermatzeko sortzen direnak, alde batetik (gehien ezagutzen ditugunak), edo gehiengo linguistiko baten hizkuntza babesteko abian jartzen direnak. Bigarrenak ez dira hain ohikoak, baina estatu propiorik ez duten hainbat naziotan, aldamenean hizkuntza indartsuak dituztenetan, garatu izan dira. Flandrian edo Quebecen, esaterako. Kasu horietan hizkuntza-politikak gehiengoaren hizkuntza gizarte-bizitzaren erdigunean jartzen du. Modu horretan gehiengoaren hizkuntza ez dutenek beren “erosotasun-eremu”tik mugitu egin behar dute eta gehiengoaren hizkuntza ikasi eta erabili egin behar dute.

    Bestalde, bistan denez, Quebeceko gobernuek lurraldetasun-printzipioa aplikatu dute beren hizkuntza-ereduan, Belgikan edo Suitzan bezalaxe. Lurraldetasun-printzipioaren arabera, lurralde jakin batean bizi diren guztiek lurralde horretako hizkuntza ofiziala erabili behar dute beren harremanetan administrazio publikoarekin, eta beren seme-alaben eskolatze-prozesua hizkuntza horretan burutu behar dute, harreman pribatuetan nahi duten hizkuntzan aritzeko eskubidea izan arren.

    Ezberdintasunak ezberdintasun, Quebeceko eredutik badugu zer ikasi. Han, frantsesa nagusitzeko prozesua hiru hanketan oinarritu zen eta hala oinarrituta dago: administrazio publikoa, irakaskuntza eta lan-mundua. Hemen lehenengo bi arlotan urrats batzuk eman dira (ez erabatekoak), baina hirugarrena ez da ukitu ere egin. Inork uste al du posible dela gure gizartea euskalduntzea merkataritzan, lan-munduan eta negozioen eremuan neurriak proposatu eta hartu gabe?

     

    EPILOGOA: Frantsesaz eta ingelesaz gain, komunitate autoktonoek beste hizkuntza batzuk ere hitz egiten dituzte Quebecen. Quebeceko gobernua izan zen Kanada osoan herri autoktono horiei beren identitatea, hizkuntza eta kultura aitortzen lehena. 101 Legeak amerindiar eta inuitei beren hizkuntzak jakiteko eta erabiltzeko eskubidea onartzen die. Hizkuntza horien etorkizuna, hala ere, ez dago bermatuta.