ASIMILAZIO NAZIONALA, BAITA ZINEMAN ERE

Argazkia: RTVE

Behin baino gehiagotan deitoratu dugu Naziogintza Taldean gure nazioaren asimilazio-prozesua Espainian eta Frantzian nabarmen bizkortzen ari dela azken urteotan. Asimilazio-prozesu horrek ertz asko ditu: politikoa, hizkuntzarena, kulturarena, soziologikoa…Hego Euskal Herrian, bereziki, kultura-erreferentzia espainiarrak hedatzen ari dira orain arte haien aurrean iragazgaitzak ziren eremu euskaldunenetan eta abertzaleetan ere. Hor, Espainiarekin lotutako gauza gehienek konnotazio kaskar eta narrasa zuten iraganean; egun, aldiz, euskaldun ugari liluratuta daude Espainia markarekin, komunikabide abertzaleek berek ere sarritan indartu egiten duten marka horrekin, hain zuzen ere:  ikusi besterik ez dago Goya Sarien ekitaldiak, zine espainiarraren sari-banaketen jai gorenak,  gure Herrian duen ez-ohiko estaldura mediatikoa (EITB, prentsa, sare sozialak…). Etsigarria da urtez urte gero eta euskal antzezle eta zine- zuzendari gehiago ikustea Espainiako zinemaren gala horretan.

Euskal idazle ezagun batek aipatu zigun, duela gutxi, artikulu honen edukiarekin bat datorren pasadizo bat. 2004an, bera izendatua izan zen literaturako sari nazionaletarako (Espainiakoak, bistan da). Une batez bere izendapena onartzeko ala ez onartzekoaren dilema planteatu zitzaion. Bizkor konpondu zuen, eskaera errefusatuz: “ni ez naiz espainiarra, eta oso deseroso sentituko nintzateke idazle espainiar batzuk saritzeko antolatutako espainiar zeremonia batean”. Berak bezala, beste euskal idazle batzuek ere literaturako sari espainiarretarako haien izendapenei muzin egin zieten. “Biziki atsekabetzen nau orain ikusteak hainbeste antzezle eta zine-zuzendari euskaldun zinema espainiarraren galan”, aitortu zigun.

Eta ez soilik literatura edo zinemaren arloan erakusten dute hainbat euskaldunek haien espainiartasuna. Baita kirol-arloan ere. Ez dira gutxi espainiar selekzio “nazionalaren” koloreak harro erakusten dituzten profesionalak eta amateurrak, kirol-federazio espainiar (edo frantses) horiek euskaldunoi geure kirol-selekzio nazional propioak edukitzea debekatzen digutenak direla ahaztuz.

Gure kirolarien, antzezleen edo idazleen presentzia ekitaldi espainiarretan edo frantsesetan deitoratzen dugunean dena politizatzen dugula entzun behar izaten dugu. Kirola, zinema edo literatura politizatzen dugulako salaketa, alegia. Espainiarrek edo frantsesek nazioarteko federazioetan beren betoarekin euskaldunok geure kirol-selekzio nazional propioak edukitzea debekatzen digutenean, antza, ez dute kirola politizatzen. Era berean, euskal zine-zuzendari batek zinema espainiarraren galan sari bat onartzen duenean, hautu politiko bat ere egiten du, kontziente izan ala ez: euskaldunok Espainian integratzen gaituen hautu politikoa. Abertzale gisa, gure iritzia argia da: euskaldun batek bere burua portugaldartzat jotzen ez duen bezalaxe (eta inoiz ez luke Portugal ordezkatuko literaturaren edo zinemaren ekitaldi batean), guk ez dugu geure burua espainiar edo frantziar gisa aitortzen. Edozein abertzalek argi eta garbi eduki beharko lukeen funtsezko premisa hori ahaztu egiten zaigu sarritan. Eta hori egitean, indartzen eta zilegiztatzen ari gara frantsesen eta espainiarren zapalkuntza eta kolonizazioa Euskal Herrian.

Horretaz, noski, euskal alderdi abertzaleek ez dute tutik ere esaten, ez eta erakunde abertzale gehienek ere. Izaera espainiar nabarmena duten ekitaldi eta zeremonietan euskaldunen presentzia onartu egiten da (eta ontzat ematen da), eta, okerragoa dena, ekitaldi horietan euskaldun batek sariren bat lortzen duenean haren irudia goraipatu egiten da. Inork ez du ekitaldi horiei boikota egiteko deirik egiten, auto-baieztapen nazionaleko keinu bat iradokiz. Eta horrela doakigu, gero eta okerrago, Frantziako eta Espainiako asimilazioaren maldan behera ziztu bizian irristatuz.

Oleguer Presas-ek, eliteko futbolari katalana izan zenak, 2006an Espainiako selekzioarekin jokatzeari uko egin zionak, argi utzi zuen behin: “Espainiako selekzioak ez nau ordezkatzen. Aitzitik, gaitzespena eta ezinikusia eragiten dizkit”. Horrelako zerbait egin zuen askoz lehenago, 1977an, Inaxio Kortabarria futbolari euskaldunak. Inoiz ikusiko al dugu antzeko zerbait Goya Sarietan?