Vicent Partal
2025-03-24an, VILAWEB.
(Katalanetik itzulitako artikulua)
Espainiak bere bandera jartzera behartu gaitzake, baina ezin gaitu inoiz geurea bezala sentitzera behartu. Sinboloa inposa dezake, baina ez esanahia. Eta are gutxiago emozioa.
Norbaitek, Espainiak adibidez, bere bandera indarrez inposatu behar duenean, ongi da jakitea keinu horrek zer esan nahi duen; hau da, herritarren bihotzaren aldeko borrokaren zati bat galdua duela jada. Horixe da, hain zuzen ere, Espainiako eskuin muturrak Vergeseko Udalaren eta Diana Canals alkatearen (CUP) aurka jarri duen salaketarekin egunotan berriro ere bizi duguna, Espainiako bandera udaletxean jarrita ez dagoelako. Bandera bat ez da koloretako oihal zati bat soilik. Topagune emozional bat da, identitate, kidetasun eta memoria kolektiboko sentimendu, sarri konplexuak, barnebiltzen dituen sinboloa. Eta etorkizuneko proiektu bat ere bai. Gurea iruditzen zaigun bandera bati begiratzen diogunean, ez dugu diseinu bat besterik gabe ikusten, baizik eta partekatutako historia, baloreak, itxaropena; bizi izan ditugun gertakari multzo oso bat proiektatzen dugu, eta gertakari horiek bizi eta partekatu izan ditugun pertsonak. Eta hain zuzen ere dimentsio emozional horrek egiten ditu banderak hain indartsu, oihal zati soil batek, gutxi gorabehera ondo diseinatuak, besterik gabe ez daukan indarra alegia.
Hor dago inposizioaren paradoxa: ezin da emozioa behartu. Espainiak bere bandera jartzera behartu gaitzake, baina ezin gaitu inoiz geurea balitz bezala sentitzera behartu. Eta are gutxiago emozioa. Gutako edonork gure herriko udaletxean legeak ezarritako Espainiako bandera, edo Frantziakoa Iparraldean, begiratzen duenean, ez dugu ikusten batasunaren ikur bat, menpekotasunaren oroigarri bat baizik. Eta horrekin, betebehar juridikoak lortu nahi duenaren guztiz kontrako ondorioa lortzen du: hurbildu beharrean, haiengandik are gehiago urruntzen gaitu.
Banderek ahotsa dute. Haizetan koloreak astinduz, istorio kolektiboak, nortasun partekatuak, ametsak eta borrokak kontatzen dizkigute. Baina borondatez jartzen direnean bakarrik hitz egin dezakete, herriaren erabaki libre eta kolektibo baten fruitu direnean soilik. Mehatxuekin ezartzen den bandera mutua da, dimentsio burokratiko eta gutxieneko emozionaltasunera murriztua. Norbaitek abestera behartzen zaituen abesti bat bezalakoa da, doinua oso polita izan arren, egoerak behartuta edo, kantua obligazioaren hotsa da eta obligazioa besterik ez die transmititzen kantariei.
Horregatik dago hain alde emozional handia etxe baten jabearen edo bizilagunen erabakiz balkoian ipintzen diren banderen, edozein direla ere, eta eraikin ofizial batzuetan derrigorrez zintzilik dauden banderen artean. Lehenengoak sentimendu bizi baten adierazpenak dira, partekatutako nahi, gurari edo desio batenak. Bigarrenak, aldiz, besterik gabe, araudi baten betetzaile nekatuak dira, paper edo arau betetze baten irudiak, bandera batek eragiten dituen emozioak hustuta dituzten zintzilikatutako objektuak.
Beti bezala, baina are gehiago Printzerriko prozesu independentista hasi zenetik, espainiartasuna bereziki erasokor bilakatu da eta, aldi beran, pairatzen duen segurtasun-gabezia kronikoaren erakusle eta biktima ere bada. Horregatik, bere sinboloak zalantzan jartzen dituen edozein ekimenen aurrean agertzen duen erreakzioa beti berdina da: indarraren erabilerara jotzea, bortizkeria praktikatzera alegia. Emozioen gudua galdua duela jakinda, espainolismoari gelditzen zaion baliabide bakarra hertsadura da, bortxa, nazionalismo kolonialista batek berea duen ohiko erreakzioa.
Inoiz ez dute ulertuko, baina kontua da espainolismoak politika horretan sinesten jarraitzen duen bitartean -itsu-itsuan sinesten duen moduan-, legez inposa dezakeela konbentzimenduz onartu eta lortu ezin duena, baina bide horretatik distantzia emozionala zabaldu baino ez du egingo katalanen eta Espainiako Estatu izena daramaten estatuko milioika herritarren artean. Izan ere, azken finean, bandera bat derrigorrez erakutsi beharra da espainiar sinbolo horren zentzua husteko modurik onena. Eta sinboloa zentzuz husten denean, oihal diskretu bat baino ez da geratzen, zutoin batetik zintzilik dagoen arropa bat.