ESPAINOLISMOA, EUSKAL HERRIAREN ETSAIA

OHARRA: Artikulu honetan espainolismoari buruz esaten den guztiak Frantziako jakobinismoarentzat ere balio du, gure Herriaren Bidasoaz beste aldeko zatiari dagokionez.

 

Ez dago zalantzarik Europan eta Amerikan eskuin muturra une goxo batean bizi dela. Frantzia eta Espainia ez dira salbuespenak. Espainian, bere markarik ezagunena (baina ez bakarra) VOX da. Kataluniako prozesu independentistaren urte gorenetan (kasualitatea?) indarrez agertu zen alderdia. Izan ere, eskuin mutur espainiarrak, eta faxismo espainiarrak orokorrean, bere taldekide europarren aldean, badu berezitasun nabarmen bat: bere espainolismo amorratua, inperialismo espainiarraren defentsa sutsua, eta espainiarrak ez diren penintsulako beste nazionalismoekiko  gorroto  itsua, bereziki katalan eta euskal nazionalismoekikoa. Muturreko espainolismo hori frankismoaren oinordeko zuzena da, 40 urte luzetan gure nazioa zanpatu zuen erregimen faxista eta etnozidaren oinordekoa. Herriminez oroitzen duten Espainia inperial hark, atzoko eta gaurko faxistak biltzen ditu.

Gauza jakina da zein zen Francoren kezka eta buruhauste nagusia: Espainiaren batasuna. Hil zorian zela, Juan Carlos errege‑ohiak berak kontatzen duenaren arabera, Franco diktadoreak, Juan Carlos bere oinordekoari eskutik heldu eta zera erregutu zion: Espainiaren batasuna zaintzeko. Ez zion eskatu Espainia komunismoaren edo masoneriaren mehatxuetatik libratzeko, ez, separatismoaren mehatxutik baizik. Pasadizo oso esanguratsua.

Arrazoi asko ditugu faxismoa gaitzesteko. Ideologia zitala da, giza eskubideak zapaltzen dituena eta demokraziari muzin egiten diona. Aldi berean abertzale garen aldetik, espainiar faxismoa arbuiatu egiten dugu, batik bat, espainiar inperialismorik gordinena ordezkatzen duen ideologia delako, euskal nazioaren suntsipena, aho‑bilorik gabe, bilatzen duelako. Espainiako eskuin muturrak ez gaitu onartzen euskaldun gisa, eta bere esku dagoen guztia egingo du gure nazioa asimilatzeko, onean ala txarrean (gero ikusiko dugunez, azken horretan soilik bereizten da Espainiako eskuin muturra beste alderdi politiko espainolistetatik).

Espainiako eskuin muturraren diskurtsoaren muinean inperialismoaren apologia dago. Hori begi-bistakoa da,  Espainiatik autobusetan etorri eta gure herri eta hiriak bisitatzen dituztenean erabiltzen duten jarrera probokatzailea kontuan hartuta. Haien kontsignak gai bakarrekoak dira: “Vascongadas es España!”. Ez dute ezkerraren aurkako kontsignarik, kontsigna espainolistak baizik. Argi dute beste Herri batera etortzen direla, ezberdina den beste Herri batera, euren ideiekiko iragazgaitza den Herri batera. Beren diskurtsoaren ardatza, hona etortzen direnean, espainiartasunaren gorazarrea eta euskal independentismoaren kriminalizazioa da. Gainontzeko guztia desagertzen da haien aldarrikapenetatik. Gauza bera gertatzen da Katalunia bisitatzen dutenean ere.

Euskaldunfobiak eta katalanfobiak tradizio luzea dute Espainian, eta eskuin muturrak biak oso ondo biltzen ditu. Ez da harritzekoa, beraz, VOXen arrakasta Espainiako lurralde askotan. Alderdi horrek bat egiten du oso espainiarra den soziologia batekin, inperio zahar baten nostalgikoekin, euskaldunak eta katalanak “pribilegiatuak”, “fanatikoak”, “egoistak” eta “insolidarioak” garela errepikatzen duenarekin. Funtsean, beren fobien arrazoi sakona penintsulako beste nazioak azpiratzeko eskubidea duen Gaztelako egitasmo inperialista batean oinarritzen da, hau da, konkista­‑eskubidean.

Esandako guztiak, ordea, ez gaitu eraman behar egitasmo espainolista eskuin muturraren ondare esklusiboa dela sinestera. Oso traketsak izango ginateke uste izango bagenu nazionalismo espainiar garratz hori PPren eta VOXen eremura mugatzen dela. Zerbaitek definitzen baldin badu espainiar inperialismoa, hori bere izaera transbertsala da, ezkerrean zein eskuinean oso errotuta dagoena. ¿Ez al zuen Josep Plak esan eskuineko espainiar batekin antzik gehien duena ezkerreko espainiarra dela? PSOEn ez ezik, baita bere ezkerreko eremuan ere, espainolismo sutsu horrek ordezkaritza esanguratsua du.

Horrenbestez, Espainiako ezkerrak eta eskuinak gure eskubide nazionalak ukatzen dituen ideologia bera partekatzen dute. VOX-etik PODEMOS­‑eraino, espainiar espektro politikoaren alderdiek egitasmo inperialista bera dute, formetan soilik bereizten dena. Batzuek gurekin “polizia onaren” rola jokatzen dute, eta besteek “polizia gaiztoarena”, baina biek -taktika ezberdinekin- gure askapen nazionalaren prozesua debekatu eta oztopatzen dute. Biek gaur egungo statu quo-a defendatzen dute, hots, euskal eta katalan nazioen Espainiarekiko mendekotasuna.

Jose Mari Pastorrek artikulu bikain batean idatzi zuenez (https://www.berria.eus/euskal-herria/aitormena-baina-erreboltarik-gabe_2153369_102.html), PSOEren eta ingurukoen mezua gurekiko honetan laburbiltzen da: “subiranista pasiboak, bai; independentista aktiboak, ez!”. Bestela, 155. artikulua eta espetxea (edo erbestea) Espainiako batasunaren urratzaileentzat.

Eta zer esan PODEMOSi buruz? Kataluniako prozesu independentistaren urte bizietan, Pablo Iglesiasek, PODEMOS alderdiaren buruzagiak, garbi esan zuen bere alderdiari botoa ematea zela Espainiako batasuna bermatzeko modurik onena. Argiago, ezin.

Alderdi politikoetan ez ezik espainolismoa estatu espainolaren muin­‑muinean dago, erakunde guztietan txertatuta eta Espainiaren eta Euskal Herriaren arteko  harreman orotan islatzen da. Adibidez, koiuntura ona probestuta Eusko Jaurlaritzak odol-izerdiak botata eskumen ziztrin batzuk legez onartzea lortzen duenean, Administrazioko zerbitzariek oztopo tekniko kontaezinak baliatzen dituzte botere zatitxoa ez transferitzeko edo transferentzia lardaskatzeko. Erakunde espainol guztietan aurkituko ditugu agintari espainolista saiatuak Euskal Herriaren edo Kataluniaren eskubideak ukatzeko: justizian, armadan, polizian, hedabideetan, kiroletan, kulturan, ekonomian, enpresetan, sindikatuetan, lan munduan, eliza katolikoaren hierarkian,….

Are gehiago, espainolismoa hiritar arruntengan sakonki barneratuta dagoen ideologia da. Izan ezkerrekoak edo eskuinekoak, aberatsak edo pobreak, ezjakinak edo eskoladunak, prest daude beti euskaldunen kontra joateko, dagokien mailan, eta agintarien erabaki antieuskaldunak txalotzeko. Finean, hiritarren ideologia espainolistak eta erakundeenak elkar berrelikatzen dute.

Espainolek ondo dakite euskaldunok ez garela espainolak, gu beste nazio batekoak garela, eta egoera arruntenean ere espainol agertzen dira gure aurrean. Ez dituzte, bada, bandera espainolez betetzen futbol‑zelaiak euskal taldeek edo katalanek jokatzen dutenean? Eurek elkarren kontra ari direnean ez dute gauza bera egiten.

Guk Euskal Herria maite dugun modu berean, espainolek  Espainia maitatuko dute eta bakoitza beren abertzaletasunean ez dago zertan gaitzetsi, naturala da-eta. Espainolismoa, aldiz, ideologia zapaltzailea da, beste nazio batzuen eskubideak urratzen dituena, geurearenak, kasu. Euskal Herriaren etsai nagusia da espainolismoa eta horrela izendatu behar dugu, argi eta garbi. Jarrera espainolistak identifikatu behar ditugu, salatu eta aurre egin. Feminismoak sexismoa identifikatu eta areriotzat jotzen duen modu berean, guk ere espainolismoa izendatu behar dugu Euskal Herriaren etsai, identifikatu, salatu eta indargabetu.

Joko politikora itzulita, beraz, huts larria egingo genuke, abertzale gisa, uste izango bagenu faxismoa dela gure nazioaren etsai bakarra. Horrekin batera, espainolismoa delako Herri gisa dugun mehatxurik larriena, gure erabateko asimilazioa bilatzen duen ideologia inperialista zitala. Sarritan ahazten zaigun hori aintzat hartu beharko genuke beti, askapen nazionaleko estrategia bat abian jartzerakoan ez tronpatzeko.

Esandako guztiarengatik, ezin dugu euskal alderdi abertzaleek Madrilen duten jokaera politikoa ulertu. Eta ez dugu partekatzen beren estrategia, PSOEri sostengua ematearena PP eta VOXen etorrera saihesteko. Eskuineko espainolismo garratza boterera iristea ekiditeko ezkerreko espainolismoari txeke zuria eman behar al zaio? Ez al da ba PSOE Franco hil ondoren Hego Euskal Herria zatikatzea erabaki zuena, GAL sortu zuena, euskal presoen sakabanaketa-politika abian jarri zuena, Ibarretxeren aurka PPrekin bat egin zuena, ezker abertzalea ere legez kanpo jarri zuena, Katalunian 155. artikuluaren aplikazioari sostengua eman ziona? Sanchezen espainolismoa Feijoorena baino apalagoa al da? Ez dugu uste.

Ezkerreko espainolismoa hauspotu beharrean, beste bat izan beharko luke euskal alderdien zeregina Madrilen: Espainiako erakundeak desegonkortzea eta independentziaren aldeko urratsak ematea.  Faxismoaren eta olatu espainolistaren aurkako eginkizunik onena baita zapaltzen gaituen Espainia zaharkitu, ustel eta autoritario horretatik alde egitea eta Euskal Errepublika lehenbailehen lortzea.

Kontuan har dezagun alderdi espainolek liskar politiko garratzenen erdian ere, ez dutela inoiz ahazten euren aberria zein den, ezta estatu-arrazoia ere egoera larritzen zaienean. Bada garaia euskaldunok behingoz  gauza bera egiteko eta elkarrekin lanean aritzeko, naziogintza ardatz eta independentzia helburu.