EUSKALTZALEOK BOZKA PUIGDEMONTI?

Xabier Arregi

2019-05-18an, NOTICIAS DE GIPUZKOAn.

Europar parlamenturako hauteskunde deialdia daukagu. Hauteskunde horietan Puigdemonti bozkatzeko aukera dugu, eta badago sare sozialetan hori bultatzen duten hainbat adierazpen. Zer arrazoi izan dezake euskaltzale batek Puigdemont presidentaren alde bozkatzeko? Hautu hori herri kataluniarraren borrokari elkartasuna adierazteko modua da, eta espainiar estatua nabarmen uzteko ere. Bestalde, euskaldunok onura atera ahal izango genuke bere izendapenarekin, herrien Europaren aldeko borroka legitimoan aitzindari egokia izan daitekeelako. Baina horiez gain egon behar dira beste arrazoi batzuk, eta horrek hausnarketa egitera eraman behar gaitu Katalunian eman den prozesu osoaz. Hausnarketa horretan kontuan hartzeko hiru puntu: ikuspegi historikotik euren irakurketa egin eta transmititu dute, eta iraganak ematen duen legitimotasun politikoa aldarrikatu dute, bestetik, hizkuntzaren defentsa eraginkorra egin dute, eta Katalana izatearen duintasunaren defentsa egin dute. Gurean gure politikoek hiru puntu horietan egiten dute huts. Ikuspegi historikoari dagokionez, katalanek euren borrokaren jatorri sinbolikoa jarri dute 1714an, hau da, euren foru­–errepublika gerraren bidez kendu zieten garaian. Gurean iragan horren irakurketa espainiarra eurenganatu dute politikoek, eta legitimotasun iturri hori ezkutatzen da, eta ahazten dira gure foru errepublikak defendatu zuten matxinada foruzaleak (gerrate karlistak espainiar terminologian). Katalanengandik ikasiz, aldarrikatu beharko genituzke –Pozak, Larramendik, Egañak eta beste hainbatek egin zuten bezala– gure foru errepublikak, gure foru subiranotasuna, independentziaren lehen aurrekaria dena. Duintasunari dagokionez, euskalduna izatearen aurkako gutxiespenak ez dira gutxi izaten, baina ez dute gure politikoen erantzuna jasotzen. Bururatzen zait zinetan eta telebistetan zabaldu den euskaldunok barregarri uzteko moda politikoa, inolako erantzunik ez daukana gure politikoengandik.

Badugu zer ikasi egin duten hizkuntza politikatik ere. Ematen du alderdi abertzaleek euskara eta euskal herritartasun kontuei dagozkien eskaerak eta beharrak euren egitasmo politikorako traba, lotsa, modura bizi dituztela. Hori dena “lo social” deritzotenaren azpian geratzen da, eta mugimendu sozialtzat jotzen direnen aldarrikapenek dute lehentasuna. Hortik abiatuta, Europarako egitasmoa izaten dute arrazakeriaren, maskulinismoaren, neoliberalismoaren, kapitalismoaren eta beste hainbat bidegabekerien aurka egitea, eta ez herritartasunaren edo jatorrizko hizkuntzen alde. Arazo horiez arduratzen diren mugimenduentzat euskarak bazterreko lekua du. Feminismoak euskarari presentzia ematen dio, hausnarketa ere egiten saiatzen da, baina ez daki zer egin. Gainera, euskal bizitza tradizionala beltzez tintatzearekin obsesionatuta bizi da, arbuiatuz hainbat ikerketak erakusten dutena (Maite Lafourcade, Anne-Marie Lagarde…). Are gehiago, espainieraren filtrotik pasatzen dute euren hizkera: “matxoa”, “matxismoa”, “matxitoa”… kategoria espainiar “kastizoak” erabiltzen dituzte, eta ez gizonkeria, gixonkeria, maskulinismoa, genero indarkeria… Eta batzuetan garrantzi handiagoa ematen diote espainierak duen hizkera igualitarioa garatzeko ezintasuna konpontzeko ahaleginari euskarari baino. Bestalde, multikulturalismo dogmatikoa eta suntsitzailea bultzatzen duten taldeentzat euskara traba da euren egitasmo unibertsalistarako. Migrazionismoaren dogma liberaletik abiatuta, ez dute gogoan dogma horren aplikazio kontrol gabeak izan dezakeen talka erkidego tixikietan, eta gurean euskararen ahultzean; alderantziz, euskara traba bihurtzen da etorkinentzako, traba horien giza eskubideetarako.

Besteak euskararekin ahaztu ziren duela berrogei urte inguru ezarri zuten legediarekin. Euskara putzu hartara botata, eurentzat lehentasuna da boterean betikotzea, ekonomiaren kontrol politikoa, eta neurri bariko hazkunde ekonomia (obra publikoak, turistizazioa), kontuan izan gabe gastuaren eraginkortasuna, hizkuntza talka, demografia talka, ekologia talka. Euren hizkuntza eta herritartasun politika orain arte egindakoa goratzera mugatzen da, eta gaizki egindako guztia ezkutatzera, eta ahazten dituzte euskal herritartasunarekin zerikusia duten aldarrikapenak.

Egoera horren aurrean nekea, kexa eta amorru legitimoa modu eraginkorrean adierazteko beharra ere badago, eta Puigdemonten buru duen zerrenda izan daiteke bidea. Horrela euskal alderdiei eskatuko litzaieke hizkuntza politika eraginkorra lehen planoan jartzeko, katalanek bere garaian egin zuten moduan, eta heriotza gozo baterako bidean jarri zuen politika bertan behera uzteko. Beharrezkoa da euskara lehentasunezko hizkuntzatzat joko duen legedia, beharrezkoa da hezkuntza lege berria, Katalunian bezala murgiltze eredua izango duena eredu bakartzat, eta beharrezkoa da euskararen erabilera legea, euskaldunok izan gaitezen aintzat hartuak eta duintasunez tratatuak gure bizitzaren une eta toki guztietan. Helduak gara eta norberak badaki nori eskatu eta nori eman bozka, baina hausnarketa egin behar da, eta hortik atera behar diren irakaspenak aplikatu behar dira eguneroko politikan, eta ikuspegi estrategiko batetik.