EUSKARARI ERASO…..JAURLARITZATIK BERTATIK!

Jonjo Agirre

2018-08-28an, BERRIA.

Andoni Unzalu Eusko Jaurlaritzako goi-kargudun PSOEtarrak Ideas o creencias liburuxka argitaratu du, alderdiaren babesik handienarekin: Celaa, Retortillo, Lopez, San Jose, Prieto, eta beste agintari batzuk izan ditu lagun aurkezpenetan.

Pentsamolde zaharkitua da Unzalurena, antimodernoa, ez-zientifikoa, batere ekarpen berririk ez duena, mila aldiz errepikaturiko aurreiritzi linguistikoz ondua. Gutxienez, Unamunoren garaiaz geroztikoak. Berritasunik ez inperialismo linguistikoaren ortzemugan.

Halakoxe loreak bota ditu ETAkide ohiak, adibidez: «El 33% sabemos euskara, pero el 100% de los funcionarios tienen que ser vascoparlantes. Así, se excluye al 70% de la población del acceso a la función pública. Esto debería alarmarnos a todos. Euskaldunizar la Administración es expulsar a todos los que no saben euskara».

Gezur handia da funtzionarioen %100ari euskal hiztunak izatea exijitzen zaienik (espainiera-hiztunak izatea bai, ostera). Eta zer esanik ez, gezurra eta astakeria latza, biztanleriaren %70i funtzio publikoan lan egiteko aukera ukatzen zaionik, euskararen ezagutza dela tarteko.

PSOEri berdin zaio. Gezurra errepikatuaren errepikaz lortu du horiek bezalako hamaika uste ustel herritar askoren buruetan txertatzea. Erdaldunenetan batez ere, baina baita euskaldun askorenetan ere. Horregatik ematen die hauspoa unionismoak Unzaluren modukoei, lan zikina egiten gozatzen duten horiei.

Unzalu Kabinete zuzendaria da Turismo Sailean. EAEren irudia, nolabait ere, munduaren aurrean aurkeztu/saldu behar duen saileko ordezkari politikoa da. Horrek larriagotzen du bere jarrera euskarafobikoa. Ezaguna da, era berean, Patxi Lopezen garaian Lehendakaritzaren euskarazko konunikazio-politikak izan zuen deskalabroa. Andoni Unzalu zen haren protokolo-kabinete edo dena delakoaren burua. Aurrekoaren haritik, Jaurlaritzan kargu instituzionala duen heinean, premiazkoa da jakitea Jaurlaritzak zenbateraino konpartitzen dituen Unzaluren tesiak.

«Nos está costando una barbaridad el euskara. Si hubiésemos destinado lo mismo al inglés, a lo mejor tendríamos la generación mejor formada de la historia», dio subentzio mardulak kudeatu dituen Zornotzako Barnetegiko eta Aurten Bai fundazioko zuzendari ohiak.

Berak jakingo du zer egiten zuen jasotako diru publikoekin.

Ondotxo jakingo duen bezala, bere Patxi Lopez maiteak zelako dirutza publikoa xahutu zuen irakasle partikularra kontratatuz lehendakari zenean, klasera ez zela joaten aitortzeko gero.

Esan gabe doa Unzaluren PSOEk historikoki gobernatutako Andaluzian, Extremaduran, eta hainbat hiri eta herritan, herritar guztiak «ingelesez» mintzo direla eta «prestakuntzarik oneneko belaunaldiak» horietan bizi direla…

Oker egongo naiz agian, baina ez dut alderdi abertzaleen aldetik erantzunik ikusi unionisten eraso berri honen aurrean, EAJren hizkuntza politika «kontsentsuatu» delakoaren hamaikagarren arrakasta. Aldiz, ordezkari abertzale bati irakurri nion «ez zaiola Unzaluri jaramonik egin behar, ospe bila omen dabil eta». Halako aitzakia merkeak soilik euskarari lotutako auzietan ageri ohi dira, ez bestelako ezein gaietan noski. Euskaltzaleen artean sarritan entzuten da «ez du erantzutea merezi», «horretan indarrak xahutzea ere»… Oso akats larria: unionismoak, supremazismo erdaltzaleak espazio mediatikoa irabazten digu; erantzunik ezean, Unzaluren diskurtsoa errotzen da gizartean. Horregatik da hain beharrezkoa Torrealdairen jarrera eta mezua.

Acoso al euskara liburu mamitsua argitaratu du berriki JM Torrealdaik, euskaldunon eta euskararen egoeraren zergatiak ulertzeko tresna ezinbestekoa. El libro negro del euskara delakoan hasitako lanari jarraipena eman nahi izan dio, zorionez, Forukoak.

Bada, Acoso al euskara honek ere jarraipena beharko du, unionista espainiar eta frantsesen ekimen geldiezinari erreparatuz gero. Azken-aurreko erasoak, Lasarteko Udalean (PSOE eta Podemosen eskutik) eta Jaurlaritzan bertan pairatu ditugu. Nafarroan ere, alderdi abertzaleen utzikeria agerian geratu da beste behin ere, lanpostu publikoak lortzeko euskarak atzerriko hizkuntzak baino gutxiago (zero) baloratzen delarik!

Alderdi abertzaleek ez dute unionisten erasoei erantzuteko neurriko gaitasunik?

Beharbada ez dute euskararen eta euskaldunon egoera behar bezala ezagutzen, ez diotelako arreta handiegirik jartzen, euskalgintzaren esku utzi baitzuten euskararen defentsa, kasurik onenean, sortu zirenetik bertatik.

Beharbada uste dute ez zaiela bozetan errentagarria, unionistek ez bezala.

Kontuak kontu, unionismoa erasotik erasora ari zaigu euskaldunoi, gero eta lotsagabeago, ikusirik ganorazko erantzunik ez dutela jasotzen ordainetan.

Torrealdaik adierazi bezala, «Bizi-bizirik jarraitzen du euskararekiko mespretxuak, frankismo garaian bezala… Supremazismo linguistikoaren intelektualek gizartean eragin nahi izan dute, lortu dute eta gu ez gara enteratu ere egin».

Gu ez, eta eragile abertzaleak are gutxiago. Horregatik ausartzen dira edozeinen bitartez, edozein ergelkeria jaurti eta zabaltzera. Abertzaleak bitartean, pagoari begira. Noiz arte?