EUSKELDUN BATZOKIJAK

Pako Aristi

2026-02-7an, NOTICIAS DE GIPUZKOA (ORTZADAR).

Izen horrekin fundatu zuen lehendabiziko batzokia Sabino Aranak 1894an, Bilboko Posta kaleko 22. zenbakian. 94 bazkide zituen hasiera hartan, eta asmoa zen JEL doktrina (Jainkoa eta Lege Zaharrak) hedatzea, bazkideak ugaltzea eta batzokia oinarritzat hartuz hauteskundeetara aurkeztu ahal izango zen alderdi politiko berri bat sortzea. Arana ez zen inozoa, eta desbideratze ideologikoak saihesteko oso modu tinkoan gidatu zuen lehen batzoki hura: bertako araudia zorrotz betetzen ez zuten bazkideak zalantzarik gabe kanporatzen zituen. Gaur lan ederra izango luke gizonak; eskerrak ez duen ikusten batzokien norabidea!

Joatea egokitzen zaidan herrietan batzokira sartzeko ohitura hartu dut; termometro ona iruditzen zait herri horrek euskal sentimenduari dion atxikimenduaren neurria zehazteko. Eta ezustetik ezustera nabil aspaldian. Esperientzia heavy-ak bizi izan ditut.

Lehen abentura Oñatiko batzokian gertatu zait. Kafea, ona; tortilla ere bai, baina ez dut hitz bat entzun euskaraz. Zerbitzariak kanpokoak dira, eta elkarbizitzaren ideia ederki barneratua dute: haiek euskaraz hasi ordez, gu jartzen gaituzte espainolez hizketan. Taberna pribatu bat balitz, tira; baina batzokiak duen sinbolismo politikoa kontuan hartuta arraroa egiten da, oso. Eta behin hizkuntza propioari errespetua galduz gero, ondorengoa ere suposatzekoa zen: regaetoia bozgorailuetan. Hori goizeko hamarrak zirela!

Hurrena Azkoitiko batzokian gertatu zait. Hemen zerbitzari euskalduna, kafe eta pintxoak ongi, baina behar zuen okerrak: Nino Bravo kantari, eta Luz Casal eta gisakoak. Pop espainolaren teklari eman izango zion jabeak. Aurrean neukan Sabino Aranaren poster handi bat, eta atzetik Nino Bravo kantari: “Te quiero vida mía, te quiero noche y día….”. Oso heavy-a.

Chamberin nengoela iruditu zait, baldin eta gaur egun Chamberiko tabernetan Espainiako musika arkaikoa jartzen baldin badute. Espainol bat zein pozik egongo litzatekeen hemen: mezua grabatuko lieke etxekoei, esanez “aspaldi honetan Euskal Herrian etxean sentitzen naiz, gure musika jartzen dute bertan, gure hizkuntzan, kalean ere ia inork ez du txakurren hizkuntza gisako hori hitz egiten, ez dut gure aurkako ezer irakurtzen hormetan, selekzio espainolarekin daude gehienak, y en los batzokis reguetón”.

Batzokiak ez dira, noski, arazoaren iturburu, ezta egoeraren eragileak ere. Orokorra da euskaldunak bere buruaz daukan errespetu eskasa. Korrika berri bat hasiko da laster euskal geografian zehar, baina niri sentipen gazi-gozoak pizten dizkit. Ikusiko ditut mila euskaltzale korrika, baina ez ditut euskarazko liburuak erosten ikusten. Ipar Poloan hozkailuen salmentak baino urriagoak baitira gure liburuen salmentak.

Ez ditut ikusten euskal musika entzuten, erosten, bultzatzen. Eta euskal musika ederra jartzen duen taberna bat aurkitzea gehiago kostatzen da pinguino bat bufanda jantzita ikustea baino. Hain ederra izanik euskal musika, ez dut inoiz ulertuko tabernariek dioten herra, ostalaritzak orokorrean ageri duen zabarkeria musikala.

Kolonizazio kulturalean lehen lerroan dago ostalaritza, baina okerrena da haien biktimak ez direla biktima sentitzen: ados daude, funtsean, euskal kultura arkaismo bat dela.

Horrela goaz pintxoz pintxo, potez pote, Korrika eta Euskaraldiak zeharkatuz ezerezera bidean, Chamberi bihurtu arte, edo Cuenca, Teruel edo Argamasilla de Calatrava.