FUTBOL-EPAILEA ETA ETB-2 ILDO BEREAN

Andoni Canales

2018-02-22an, BERRIA.

Idiazabal eta Elgoibar futbol taldeen arteko partiduan epailearen jokalariekiko eta euskararekiko ustezko mespretxuzko jarreraren harira eta astelehen gaueko ETB2ko irudiak eta elkarrizketak entzunda, zera adierazi nahi dut:

Epailearen jarrera erabat kritikagarria izan daitekeela argi utzita (berak beste bertsio bat darabil), niretzat are kritikagarriagoa eta tamalgarriagoa da ETB euskaldunak diren horiek gaztelaniaz berba egitera bultzatzera darabilen politika hori indarrean egotea oraindik ere. Hamaika adibide datozkit burura, non EITBn agertzen diren euskaldunak gaztelania hutsean aritzera «bultzatuak» izan diren (hamaika aldiz kritikatua izan den politika), beste gauza batzuen artean, euskara gutxietsia izaten delarik. Baina, kasu honetan, are mingarriagoa egin zait euskaldun petoak diren horiek (alkate, presidente…) erdaraz hitz egiten ikusi eta entzun ditudanean.

Kanpotik oldarkor datozkigunean euren hizkuntza inposatzera oso argia da egoera eta egin beharrekoa, aldiz, euskara erdigunetik kanpo mantenduko dituzten politika edo ekintzen aurrean otzan jokatzen dugu.

Eskerrik asko EITB beste behin euskaldunak bazterrean uzteagatik eta 80. hamarkadan telebista publikoa sortzearen arrazoi printzipala lekutan uzteagatik zergatik eta hautestontziei hizkuntzari baino garrantzi gehiago emateagatik.