Naziogintza Taldearen sorrerako helburuetako bat euskal kontzientzia nazionala hedatzea eta indartzea zen, Euskal Herriak pairatzen duen asimilazio prozesuaren aurkako antidotorik onena delakoan baikaude. Horretarako, besteak beste, euskal abertzaletasunaren bost figura enblematiko hitzaldi ziklo baten bidez publiko orokorrari ezagutaraztea bururatu zitzaigun. Abertzaletasunaren eremuan eragin handiko figurak dira gure zikloan aurkeztu ditugunak, zaila baita gaur egungo euskal nazionalismoa ulertzea haien ekarpenak aintzakotzat hartu gabe.
Euskal abertzaletasunaren historia, zoritxarrez, oso ezezaguna da gure gizarteko sektore zabal batentzat, baita beren burua abertzaletzat jotzen duten askorentzat ere. Urte luzeetan debekatu eta ezkutatu zaizkigu eragin handiko abertzaleen biografiak, haien ekarpenak eta lan ideologikoa, eta debeku horiek gainditu ditugunean ez gara gai izan figura horiei merezi duten ezagutza eman eta aitorpena egiteko. Ziklo honen bidez justizia egin nahi izan dugu, gure historia garaikidearen ezinbesteko erreferentzia intelektual eta politiko horiek ezagutaraziz.
Zikloa bost hitzalditan banatu genuen. Hainbat adituren eskutik, aukera izan genuen Manuel Larramendiren, Sabin Aranaren, Eli Gallastegiren, Telesforo Monzonen eta Txillardegiren lana sakon ezagutzeko. Hitzaldi guztiak grabatu egin genituen, eta bideo horiek ikusgai dituzue beheko loturetan.
Bizi garen une motel eta gogogabe honetan, bost abertzale handi horien lana ezagutzeak euskal abertzaletasunaren sugarra indartzen laguntzea nahiko genuke. Hau izan da gure ekarpen apala helburu horretarako.