MIN EGITEN DU

Surflari ernegatua

2021-05-3an,  GARA.

Azkenaldian albiste dira Olinpiar Jokoetan parte hartu ahal izateko egingo diren herrialdeen arteko lehiaketetan parte hartzeko sailkatu diren euskal herritarrak. Batzuek selekzio espainiarrean izatea izango dute jokoan eta besteek selekzio frantsesean. Kontuz, ez nahastu “euskal herritar” eta “euskaldun” hitzak, ez dira-eta gauza bera, inondik inora. Esan bezala, Euskal Herrian bizi diren eta selekzio espainiarrarekin edo frantsesarekin parte hartzeko hautatu dituzten surflarien izenak albiste dira, baita egunkari honetan ere, baina ez astelehenetako atal honetan, beraz, zergatia azaltzera noa.

Lehenik eta behin, kirolen atala eta surfaren atala bereizi behar dira. Euskal herritar bat edozein kiroletan edozein selekziorekin aritzeko hautatua izatea beti da albiste, beraz, kirolen atalean argitaratu beharrekoa da. Surfaren atal honetan, ordea, irizpideak zehatzagoak dira, esaterako, surfa nazio ikuspegi batetik begiratuta jorratzen saiatzen naiz. Ondorioz, euskal herritar bat Txina edo Espainiaren izenean lehiatzeko hautatua izateak ez du garrantzi handirik, baldin eta izendapenari uko egiten ez badio. Soilik Euskal Herriko selekzioak hautatutako surflariek merezi dute albistea. Hots, euskal selekzioak mundu mailan lehiatzeko eskubiderik ez duenez, gainontzeko selekzioei uko egiten dietenek bakarrik mereziko lukete albiste duin bat.

Azkenaldian modan jarri da edozer gauza egin eta egindakoa norberaren “karrera” justifikatzeko erabiltzea. Aktoreak zer nahi antzezten, kirolariak zernahi ordezkatzen eta zaleak txaloka. Ba ni ez nago ados. Pentsa ezazue argudio bera edozein arlotan edonork erabiliko balu…. Edozer justifikatzeko balioko luke? Zergatik egiten dugu salbuespena kirolariekin edo kultur munduko pertsonaiekin?

Atzerriko selekzioekin joaten direnek emaitza on bat lortu dutenean argitaratu izan dugu atal honetan, eta berriz izendatua izan den surflari horietako batek zorioneko emaitzaren bat lortzen badu argitaratuko dugu. Baina hortik aurrera, ez eskatu niri haiei elkarrizketak egiteko edo gure taldearekin aritzeko eskubidea ukatzen digutenak hauspotzeko. Beste kazetari askok baino errazago daukat haiek elkarrizketatzeko, baina galdera mingarriak egin beharko nizkieke eta ez nuke nahi zauririk eragin gure arteko harremanetan. Finean, garaiak aldatu direla argudiatzen dutenek egoera bere horretan mantentzen baitute, ezer aldatu gabe, eta, auzia mahai gainean jartzen bada, euskal herritarren eta euskaldunen arteko desberdintasunak azaleratzen dira. Eta horrek min egiten du.