Galesko eta Eskoziako parlamentuetarako hauteskundeak egin dira maiatzean. Emaitzek zundaketak berretsi dituzte, eta bertako alderdi abertzaleek garaipen argia eskuratu dute. Ingalaterraren aldean, non udal‑hauteskundeetan Nigel Farageren REFORM UK eskuin muturraren alderdia nagusitu den, Galesen eta Eskozian alderdi independentistak (PLAID CYMRU eta SNP, hurrenez hurren) izan dira bozkatuenak. Bi nazio zelten eta Ingalaterraren arteko arrakala politiko eta soziologikoa gero eta agerikoagoa da.
Lehen aldiz, independentismoa garaile Galesen
Galesen, PLAID CYMRU alderdi abertzale historikoaren garaipenak panorama politikoa irauli du. Galesko abertzaletasunaren ordezkaritza Cardiffeko parlamentuan, azken 25 urteotan, %20-%25 artean izan ohi zen. Orain, %45era igo da. Nazio horretan alderdi laborista izan da historikoki alderdi bozkatuena, urte luzeetan Galesko gobernua zuzendu duena. Oraingo honetan, ordea, hirugarren tokira jaitsi da. Abertzaleek 43 eserleku eskuratu dituzte 96 eserlekuko parlamentu batean, inoizko emaitzarik onenak. Haien garaipena, dena den, ez da ustekabean etorri, inkesta guztiek aurreikusten zutelako Galesko mugimendu independentistaren olatua indarrez zetorrela. NAZIOGINTZAk ere artikulu bat argitaratu zuen duela hilabete batzuk, joera hori azpimarratuz (https://www.naziogintza.eus/nazio-bidelagunak/europan-suspertzen-ari-diren-mugimendu-independentistak/)
Zer dago Galesko abertzaletasunaren gorakadaren atzean? Arrakasta hori ezin zaio arrazoi bakar bati egotzi, indarraldi horrek jatorri multifaktoriala baitu:
1.- Lehenik, Galesko alderdi abertzale nagusiak, PLAID CYMRUk, independentziaren aldeko hautu irmoa egin izana azken urteotan. Independentziaren aldarrikapena aho‑bilorik gabe eta lau haizetara zabaldu izana, alegia. Horrek bultzatuta, YES CYMRU herri-mugimendu independentista sortu zen 2014an, independentzia ardatz hartuta (ikusi: https://www.naziogintza.eus/nazio-bidelagunak/galestar-independentismoa-abian/). Mugimendu horrek independentziaren aldeko manifestazio handiak antolatu ditu azken urteotan, independentziaren gaia agenda politikoan sartuz. Independentismoari ikusgarritasuna eman ahal izateko, beharrezkoa baita alderdi abertzaleek gai hori agenda politikoan txertatzea.
2.- Eskoziako mugimendu independentistaren azken urteotako arrakastak Gales ere kutsatu du. Eta Brexit-ak Galesko gizarteko sektore zabal batean sortu zuen ezinegonak, Eskozian bezala, Ingalaterrarekiko aldea areagotu egin du.
3.- Erresuma Batuko alderdi politikoen krisia, bereziki laborismoarena. Galesko herritar askok alderdi laborista, bereziki, zigortu nahi izan dute, eta zigor horren onuraduna Galesko mugimendu abertzale progresista izan da (Ingalaterran eskuin muturra izan den modu berean)
4.- Belaunaldi‑aldaketa: mugimendu abertzaleak ondo konektatu du belaunaldi berriekin. Gazteek atxikimendu emozional txikia diote unionismo britainiarrari, eta haien artean independentismoa indartsuagoa da helduen artean baino.
Rhun ap Iorwerth abertzalea da Galesko presidente berria. Abertzaleek gutxiengoan gobernatuko dute datozen bost urteetan. Geraint Thomas YES CYMRUko kideak eta herri-mugimendu horren nazioarteko ordezkariak NAZIOGINTZAri esan dioenez, independentziaren aferak, ordea, ez du lehentasunik izango legegintzaldi honetan. Abertzaleak gutxiengoan daude legebiltzarrean, eta gehiengo independentista argia ez dago gizartean (inkestek diotenez, herritarren %35 agertzen da independentziaren alde). Horrenbestez, bost urteko legegintzaldi honetarako bi dira lehentasunak: batetik, alderdi independentista gisa gobernatzeko gaitasuna erakustea, horrek hurrengo legegintzaldian erreferendum baterako oinarri sendoagoa izaten lagunduko bailuke, eta bestetik, Galesentzat transferentzia politiko gehiago eskatzea, bere autonomia Eskozia edo Ipar Irlandaren maila berean kokatuz.
Eskozian SNP da bozkatuena, baina eserlekuetan galera izan du
Bosgarren aldiz jarraian (gauza bera egiten ari da 2007tik) SNP ezkerreko alderdi independentistak irabazi ditu Eskoziako parlamenturako hauteskundeak. Garaipenak, halere, zapore gazi-gozoa du, aurreko hauteskundeekin alderatuta sei eserleku galdu dituelako. 57 eserleku izango ditu 129 eserlekuko legebiltzarrean.
John Swinney SNPko buruzagi independentista Eskoziako Lehen Ministro izendatu zuten maiatzaren 19an. Gobernu berria SNPkoa da, eta momentuz gutxiengo parlamentarioan jardungo du.
Aipatu behar da independentismoak nagusi izaten jarraituko duela Eskoziako legebiltzarrean, SNPko eserlekuei (57) Eskoziako Berdeenak (15) gehitu behar zaizkielako. Ekologistak beti agertu dira Eskoziako independentziaren alde.
Gobernu berria laster hasi da urratsak ematen burujabetzaren arloan: maiatzaren 26an ekimen bat aurkeztu zuen legebiltzarrean Londresi erreferendumak antolatzeko eskumena eskatzeko. Ekimena aurrera atera zen SNPren eta Berdeen botoei esker (72). Eskumena ez da nolanahikoa, gaur egun Eskoziak ez baitu independentziari buruzko beste erreferendum bat antolatzeko gaitasunik. Londresko gobernuak laster erantzun du bere aurkako jarrera berretsiz: Eskoziak ez du gaitasunik independentziari buruzko bigarren erreferendum bat egiteko, eta Londresek ez du baimenduko erreferendum hori antolatu ahal izatea.
Robin Mc Alpinek, “Common Weal” erakundearen lehendakariak eta independentziaren aldeko ekintzaileak NAZIOGINTZAri esan dioenez, aurtengo hauteskunde‑kanpainan SNPk ez du independentzia jarri bere diskurtso politikoaren muinean. Eskuin muturraren mehatxua erabili du, batez ere, botoak bereganatzeko.
Hori gutxi ez, eta hauteskundeen ondoren, gertaera larri batek Eskoziako alderdi independentista horren irudia zikindu du: Nicola Sturgeon presidente‑ohiaren senar‑ohiak aitortu du dirutza ostu ziola alderdiari. Duela bost urte alderdiaren auditoria batzuek kontabilitateko irregulartasunak antzeman arren, alderdiak berak ez zuen ezer argitu, eta orain, eskandalua azaleratu da. Zer esanik ez dago alderdi unionistek gertaera horri txinparta ateratzen diotela, eta SNPren aurkako mezuak gogortu dituztela.
Kontuan hartu behar da Eskozian mugimendu independentista alderdi bakar baten inguruan gauzatu dela, SNPren inguruan, eta gertaera tamalgarri horrekin “shock‑egoera” batean gelditu dela. Independentziaren aldeko herri-mugimenduak SNPren itzalean garatu dira, eta azken urteotan dinamismoa galdu dute. John Swinney presidenteak behin baino gehiagotan aipatu du independentziarako “B plan” bat duela, baina inoiz ez du argitu zein den. Alderdiak beti baztertu egin du aldebakarreko bidea burujabetza osoa lortzeko, eta Londresekin akordio bat lortzea lehenetsi du (alderdiaren barneko sektore txiki bat horrekin ados ez egon arren).
Beraz, ez du ematen datozen bost urteetan Eskoziak independentzia lor dezakeenik, SNP bere momenturik onenean ez dagoelako, Londresek (ezker-eskuin) erreferendumaren aurkako jarrera tinkoari eusten diolako, eta mugimendu independentistak aldebakarreko bidea baztertua duelako. Katalunian bezala, Eskoziako burujabetza‑prozesua “impasse” etsigarri batean sartu da. Prozesu independentistak, ordea, ustekabeko uneetan aktibatzen dira askotan. Eskozia, gehiengo subiranista duen parlamentu batekin, posizio onean dago gertakariren batek independentziaren txinparta piztuko balu hura lortzen ahalegintzeko.
