JEAN-PIERRE CHARBONNEAU, QUEBECEKO INDEPENDENTISTA HISTORIKOAK: “Hirugarren erreferendum bat ez egiteak mugimendu independentistaren amaiera ekar lezake”

Argazkia: L'Oeil Régional

Garai batean Quebec-ek euskal independentismoaren arreta erakarri zuen, urte batzuk geroago Eskoziak edo Kataluniak erakarri zuten bezalaxe. Kanadaren menpeko nazio frankofono horretan bi autodeterminazio­‑erreferendum antolatu ziren, eta bigarrenean (1995ean) independentistak garaipenetik oso gertu gelditu ziren (botoen %49,4; frankofonoen artean, %60k independentziaren alde bozkatu zuen). Euforiaren ostean, ordea, etsipena etorri zen. Gureraino ere iritsi zena: Quebec laster ahaztu genuen, eta nazioarteko beste erreferentzia batzuk hasi ginen bilatzen.

Quebeceko independentismoaren gainbeherak ez du etenik izan 1995az geroztik. Alderdi independentista nagusiak, Parti Québécois, hondoa jo zuen 2022an, Quebeceko legebiltzarreko 125 eserlekuetatik 7 eserleku soilik lortu zituenean. Urruti gelditu ziren 1980ko hamarkadako emaitzak, gehiengo osoarenak, Quebeceko alderdi nagusia zenekoak. Québec Solidaire alderdiak, ezkerreko independentismoaren ordezkariak, aurre hartu zion Parti Québécois-i, 11 eserleku lortuz 2022ko hauteskundeetan. Baina independentismo quebectarrak, oro har, 18 eserleku besterik ez ditu orain legebiltzarrean.

Azken urteotan analista politiko gehienek agortutzat jotzen zuten egitasmo independentista Quebec-en. Bigarren erreferendumaren porrotak ekarri zuen ajea betiko izango zela zirudien. Baina gauzak aldatu egin dira. Inkesta guztien arabera, Parti Québécois-ek egundoko igoera izango du eta hurrengo hauteskundeak irabazi litzake. 2025ean egindako hauteskunde partzialetan igoera hori islatu da. 2026ko hauteskundeak irabazten baditu eta gobernura iristen bada, autodeterminazioaren hirugarren erreferenduma gertu egon liteke.

NAZIOGINTZAk Jean-Pierre Charbonneau politikari quebectar eta bertako legebiltzarraren presidentea izan zenarekin hitz egin du, nazio horren gaurkotasun politikoaz gehiago jakin nahian.

 

Zuk, zure ibilbide politikoa 1970eko hamarkadan hasi zenuen, Quebecen sentimendu abertzaleak eztanda egin zuenean eta René Lévesquek Parti Québécois sortu berria zuenean (1968an). Lévesque izan zen, zalantzarik gabe, independentismo quebectarraren figura enblematikoa, 1980an lehenengo autodeterminazio‑erreferendumaren bultzatzaile nagusia. Nola oroitzen duzu Lévesque? Zer ezaugarri azpimarratuko zenituzke bere nortasun politikotik?

Nik esango nuke Quebeceko historian, René Lévesque pertsonaia karismatikoena izan dela. Zuzenbideko tituluduna, kazetaria ogibidez, gerra korrespontsala eta TB publikoko kazetari izarra izan zen. Jendearekiko lotura afektibo berezia garatu zuen herritarren sinpatia bereganatuz.

1960.eko hamarkadan politikan murgildu zen, lehenik Quebeceko Parti Libéralean (Quebeceko Alderdi Liberala) hainbat ministro-kargu betez 1960 eta 1966 artean.

1967an Mouvement Souveraineté-Association izeneko mugimendua sortu zuen, hurrengo urtean Parti Québécois PQ (Alderdi Quebectarra) bilakatuko zena, eta alderdi horren buru izan zen 1985 arte.

Ni neu, independentzia‑zalea izaki, alderdi horretan sartu nintzen 18 urte nituela. 1976an PQ-k hauteskundeak irabazi zituen, eta diputatu izendatu ninduten, hanpa eta ustelkeriaren aurkako ikerketa-kazetaritza lanetan ibili ondoren.

Lévesque Quebeceko Lehen Ministro izan zen 1976 eta 1985 bitartean. 1980an lehen independentzia‑erreferenduma antolatu zuen eta ezetzak irabazi zuen bozen %60arekin.

Bukatzeko, esango nuke Quebeceko independentzia‑bidean, René Lévesque aitzindari eta buruzagi ukaezina izan dela, 20 urtez “lokomotora-lana” eginez.

Trumpen portaera oldarkorra Kanadarekiko (gerra komertziala sustatuz eta Kanadaren anexioa iradokiz) zer‑nolako eragina izan du Quebecen? Sentimendu independentista hauspotu du, ala, aitzitik, Kanadaren aldeko jarrera unionistak bultzatzen ditu?

2015etik gaur arte, Kanadako gobernu federala Alderdi Liberalaren eskuetan egon da. Azkeneko hauteskundeetan (2025ean) ere, garaile atera zen, gehiengoak nahiago izan zuelako Mark Carney Donald Trumpen solaskidetzat hautatu.

Hauteskunde horietan, independentziaren aldekoa den Bloc Québécois‑en aldeko hauteslearen zati batek federalista liberalen alde bozkatzea hobetsi zuen, eskuin muturreko Trump-zaleak agintera irits ez zitezen. Alderdi Kontserbadorearen buruzagiak, berriz, ez zuen eta ez du oraindik ere nahiko sinesgarritasunik amerikar enperadorearen mehatxuei aurre egiteko, alegia, Kanada Estatu Batuetako 51. estatua egitearen ametsari.

Baliteke Trumpen politikek Quebeceko mugimendu independentistari kalte egin izana. Azken hilabeteetan independentziari emandako babesak behera egin duela ikusi dugu. Azken inkesten arabera, babes hori % 37tik % 30era jaitsi da.

Independentismo quebectarrak, 1995eko erreferenduma galdu ostean, ahultze‑fase batean sartu zen, eta basamortuko ibilbide luzea egin du azken hiru hamarkadetan. Orain, berriz, suspertu egin da, bereziki gazteen artean. Eta inkesta guztien arabera, hurrengo hauteskundeak erraz irabaz ditzake. Zer dago, zure ustez, ustekabeko berpizte horren atzean?

Nire ustez, bi elementuren batuketa dago berpizte horren atzean:

Alde batetik, Parti Québécois‑eko (PQ) buruzagitzan Quebec independente batera lehenbailehen iristeko beharrari buruzko ideia argi eta irmoak dituen diputatu gazte bat dago (Paul St-Pierre Plamondon)

Eta bestetik, 2022ko urrian, Quebeceko Asanblea Nazionalean bere aulkia hartu zuenean, St-Pierre Plamondon berak, beste PQko bi diputaturekin, uko egin izana britainiar koroari zin egitea. Beraz, Quebeceko Asanblea Nazionalaren araudia moldarazi ondoren, lehena izan zen parlamentuaren arau hori baztertzen, nahiz eta 1970az gero quebectar diputatu independentista denak bete ohi izan duten. Nik neuk ere zin egin nuen, pentsatuz ezinezkoa zela beste era batera egitea!

Jarrera ausart horrek jendea asko hunkitu zuen. Geroztik, ez da beharrezkoa britainiar koroari zin egitea, eta independentziaren aldeko dinamika berpiztu da.

Plamondonen nahia da herritarrak ohar daitezen orain arte Kanadako federazioa erreformatzeko egindako ahalegin denek porrot egin dutela, eta quebectar nazioaren kultur identitatea eta bere berezko joritasuna premiazkoak direla.

Orain dela 3 edo 4 urte, gazteek nahiko jarrera epela zuten independentziaren inguruan. Maila horretan, sakoneko lan bat egin da azken urte hauetan gaurko gazteengan gure belaunaldikoen (1960-1970 hamarkadak) gar bera sustatzeko -ni adibidez, 18 urterekin egin nintzen independentista-. Pentsatzen dut lan horrek eta St Pierre Plamondonen ausardiak parlamentuan britainiar koroarekin loturak askatzeko eragin itzela izan dutela gazteengan, eta errealitate horretaz ohartu direla. Kontuan izan behar dugu 1760ko konkista‑garaiaz geroztik, egunero erabiltzen ditugun txanponetan Ingalaterrako errege edo erreginen aurpegiak azaltzen direla. Eta oraindaino, Quebeceko lege orok britainiar koroaren onespena jaso behar duela. Sinbolikoa izango da baina irudipen kolektiboan oraindik britainiar kolonia bat gara. Pentsatzen dut gazteei zer pentsatua eman diela St-Pierre Plamondonen jarrera puskatzaileak.

Era berean, Mouvement Oui Québec (Quebeci Bai Mugimendua https://www.ouiquebec.org/ https://www.ouiquebec.org/les-oui-cest-quoi)  ere aipatzekoa da naziotasunaren berpizte horretan. Independentziaren aldeko mugimendu transbertsala da, alderdi eta aliantza politikoetatik kanpo lan egiten duena.

Paul Saint-Pierre Plamondonek berak, Parti Québécoisen buruzagi gazteak, esan du 2026ko hauteskundeak irabazten baditu eta gobernura iristen bada autodeterminazioaren hirugarren erreferenduma antolatuko duela. Baina alderdi barruan denak ez dira iritzi berekoak. Lucien Bouchard alderdikideak, Quebeceko Lehen Ministroa izan zenak, erreferendumaren aurkako iritzia eman du. Zatiketa al dago Parti Québécoisen barruan? Nola ikusten duzu zuk zeuk hirugarren erreferendumaren aukera?

Hala da, PQ barruan eta oro har mugimendu independentistaren barruan beti izan da eztabaida horri buruz: 1995ean jadanik, hainbatek pentsatzen zuten erreferendum berri bat egin aitzin herritarren sostengu sendoa ziurtatu behar zela.

Jacques Parizeau Lehen Ministro zelarik antolatu zen independentziari buruzko bigarren erreferenduma. Berez baietzak, alde gutxiagatik, irabazi zuen, haatik ezetza gailendu zen Ottawako gobernuaren trikimailuen medioz: zegokion baino diru gehiago xahutu zuen ezezkoaren aldeko kanpainan, eta milaka herritartasun‑agiri banatu zituen migratzaileen artean.

Zaila izan zen porrota irenstea emaitza hain hertsia izaki. Parizeauk dimititu egin zuen, eta baiezkoaren aldeko lider moral eta politikoa zenak, Lucien Bouchardek, Bloc Québéquoiseko buruzagia ordezkatu zuen. Azken honek erabaki zuen orduan estrategia aldatu beharra zegoela, eta urteak pasa ahala, erreferendumaren ideia baztertzen joan ziren. Ordutik, inor ez da izan gai mugimendua aurrera eramateko, ez liderrik, ez eta ere partidurik.

Agure zuhur antzeko bat bilakatu den Bouchard jauna, uzkurtu egin da, eta dramatikoa deritzo berriro erreferendum bat egitea gaur egungo inkesten emaitzetan oinarrituta, hots %36-37 baietzaren aldekoak direla.

Alabaina, nire ustez, Plamondonek egindako promesaren ondoren erreferenduma ez egitea koldarkeriatzat hartua izango litzateke, traiziotzat, eta horrek desmobilizazio itzela ekarriko luke.

Bai, zalantzan jar dezakegu 3. erreferendum baten garaipena, baina ze arrisku dugu egiten badugu ere? Ez egiteak ekar lezake mugimendu independentistaren amaiera.

Militante zahar guztiak ez daude ados Bouchardekin, adibidez Figurese bat, René Lévesqueren ministro‑ohia, edo Claude Charron, gazte mugimenduaren liderra 1970eko hamarkadan eta telebistako izarra urte askotan; honek esan berri du elkarrizketa batean, Boucharden erreakzioaren kari: nahiz eta 3. erreferenduma galdu, horri uko egin eta kanadar federalismoaren ondorio kaltegarriak jasaten jarraituta baino galera txikiagoa izango litzateke.

Zeuk ere, St-Pierre Plamandonen egitasmoa defendatzen duzu?

Bai, erabat, nahiz eta zalantzak ditudan baietzaren balizko garaipenari buruz. Claude Charronen elkarrizketak zer pentsa eman dit. Nire ustez arrazoi du. Galduko bagenu oraingo egoeran geldituko ginateke. Eta emaitza duin bat lortzen badugu, gure herriak, gure nazioak kohesio gehiago lor lezake eta belaunaldi berriak motibatuago izango dira independentziara bidean.

Baina ezin dugu ametsik egin, gaur egun ezin da esan gazteriaren %80a, 70a, edo 60a baietzaren alde dagoenik. Halere, inkestei erreparatzen badiegu, gazteen aldeko kopurua da gehien hazi dena. Hori ukaezina da.

Zergatik uste duzu Parti Québécoiseko Plamondonek hartu duela hirugarren erreferendumaren aldeko jarrera? Zerk bultzatu du erabaki hori hartzera?

Aipatu ditudan arrazoiez gain, iruditzen zait Plamondonek hautsi egin nahi duela azkeneko 30 urteetan egin den politika. Hots, azkeneko erreferendumaren porrotaren ondoren, politika berbera aplikatu da, alegia, baldintza hobeagoen zain egotea erreferendum berri bat antolatu baino lehen. Hortaz, zertarako buruzagi berri bat, diskurtso zaharkitu berbera errepikatu behar badu?

Menturaz, gazteak mobilizatzen badira, ni bezalako adinduok, 1980an eta 1995ean independentziari BAI esan genionok, geure buruari zera galde geniezaioke: nire konbikzioei uko eginez hil nahi al dut, nik neuk 25, 30, 45 urte nituenean defendatzen nuen bide bera gazteek jarraitu nahi dutenean?

Bide batez, aukera paregabea ikusten dut orain belaunaldien arteko loturak estutzeko.

 

Argazkia: Montreal Gazette

 

Quebeceko bigarren erreferendumaren ondoren (1995ean) ika-mika bat egon zen Kanadako Gobernu Federalaren eta Quebeceko Gobernuaren artean, lehenak “Argitasun Legea” atera zuen, balizko erreferendum berri bati muga batzuk jarriz. Esaterako, Gobernu Federalak esku-hartzea izango luke galderan eta lortu beharreko gehiengoan. Zure ustez, onartuko al luke Kanadako Gobernuak Quebecek hirugarren erreferendum bat egitea?

 Ez du beste aukerarik nazioarteari begira, zeren bi aurrekari badaude jadanik. Lehen erreferendumean, Ottawak parte hartu zuen eta asko inplikatu zen, diru asko jarri zuen ezetza garaile atera zedin, eta hala izan zen. Bigarrenean ere diru asko xahutu zuen, aurrekoan baino gehiago, eta gainera, ez zituen onartutako arauak errespetatu, eta irabazi egin zuen. Dena dela, bi kasuetan ere, Quebeci autodeterminazio‑eskubidea aitortu zitzaion. Beraz, hirugarrenean ere gauza bera izango da. Gainera, nazioartean inork ez luke ulertuko demokratikoki eta baketsuki antolatutako bi erreferendumen ondoren, hirugarren bat ez egin ahal izatea, batez ere kontuan izanik 1995az geroztik hautesleen kopurua biziki emendatu dela.

Eta “Argitasun Legeari” dagokionez, Quebectarrok esana dugu irabazteko gehiengoa %50+1 dela. Quebeceko partidu federalistek ere horren alde bozkatu zuten. Beraz, gauza ez da 2/3ak edo %60a lortu behar izatea. Bistan da %55 edo %60 lortuko bagenu askoz hobe izango litzatekeela. Baina jadanik %50+1ek quebectar frankofonoen %66 suposatzen du, hots quebectar Herriaren oinarri identitario eta historikoa.

Auzitegi Gorenak ere eman du bere iritzia gai horri buruz, eta Kanadako Gobernuak negoziatu egin beharko du. Hortaz, “Argitasun Legea” ezin izango da traba izan beste erreferendum bat aurrera eramateko.

Esaten duzu nazioarteko iritziak ez lukeela ulertuko 3. erreferendum bat atzera botatzea, baina hori bera gertatu berri da Erresuma Batuan Eskoziaren kasuan.

Egoera desberdina da, eskoziarrek negoziatu egin baitzuten erreferenduma egitea, alta, guk ez dugu inoiz negoziatu, ez dugu baimenik eskatu. Erreferendumak egin ditugu, eta kito! Autodeterminazio‑eskubidea gauzatu dugu.

Katalanak, berriz, Eskoziar eta Quebectarrak baino egoera okerragoan daude. Espainolen konkistatzaile‑izaerak zerikusia izango du horretan, ziur asko. Espainiak 40 urtez diktadura pairatu zuen, eta espainiar kulturan katalanak eta zuek, euskaldunak, espainolak zarete. Jende askorentzat Espainia sakratua eta zatiezina da.

Alabaina, horrek ez du esan nahi Kanadako Gobernu zentralak ez duela eragozpenik jarriko. Haatik, ez du funtzionatzen britainiarrek bezala eta are gutxiago espainiarrek bezala, zeintzuk ez zuten zalantzarik izan Kataluniako erreferenduma bortizki eragozteko. Gurean jarrera hori onartezina izango litzateke.

Hizkuntza da, zalantzarik gabe, Quebeceko nortasun nazionalaren zutabe nagusia, zure nazioari berezko identitatea ematen diona. Berriki, Parti Québécoiseko eta Bloc Québécoiseko diputatu‑ohi Denis Trudelek esan du, independentzia lortu ezean, frantsesa 50 urtetan desagertuko dela Quebecen. Bat egiten al duzu diagnostiko horrekin? Nolakoa da gaur egun frantsesaren egoera zure Herrian? (gure irakurleei gogoratu behar diegu 1977tik frantsesa dela hizkuntza ofizial bakarra Quebecen)

Nik uste dut Trudelek esajeratu egiten duela, zeren uste baitut hemendik 50 urtera ere, frantsesak Quebeceko hizkuntza izaten jarraituko duela, agian ez nahi genukeen bezain indartsu, baina hori beste gai bat da.

Bestalde, Quebecen dugun arazo larriena hizkuntzari dagokionez immigrazioak eragiten du, kanpotarrak gurean finkatzen direnean. Izatez, bi harrera‑gizarte ditugu, aukera dezakete Quebecen bertan bizi den kanadar gizarte anglofonoan integratzea edo quebectar harrera duen gizarte frankofonoan integratzea.

Egia da lege bat badugula, zeinaren arabera kanpotarren haurrak behartuta dauden lehen eta bigarren mailetako hezkuntzak frantsesez egitera. Baina hezkuntza maila horien ondoren ingelesezko hezkuntza hauta dezakete (kolegioa edo unibertsitatea).

Gure arazoa, beraz, etorkinen artean, frantsesaren erakargarritasuna sustatzea da, zeren bi harrera‑gizarteen artean hautatu behar dute, bata ingelesa eta bestea frantsesa. Bakarra egongo balitz, frantsesa alegia, ez genuke arazo hori izango.

Azken urteotan alderdi abertzaleek eta federalistek ere frantses hizkuntza indartu egin dute lege‑arloan

Hizkuntza‑arloan oraindik gehiengo sendoa gara, eta pentsatzen dut luzaz iraungo dugula horrela.

Euskal Herrian, oso presente da kultur aniztasunaren gaia agenda politikoan eta bertako errealitatean. Nola heltzen dio gai honi Parti Québécoisek eta zer inplikazio ditu Quebeceko joko politikoan?

Galdera oso interesgarria, aurrekoaren segida. Kultur aniztasuna kanpotik datozenengandik jasotzen dugu. Gai horri buruz bi joera daude, eta biekin ados egon naiteke. Alde batetik, joera abertzale irekia, zeinak sustatuko du etorri berriak gure kulturan murgiltzea eta integratzea. Hain zuzen, René Lévesquen jarrera zen azken hori, urteetan arrakastatsua izan dena. Bestalde, beste joera bat: ikusirik etorkin askok uko egiten diola Quebec frankofonoan murgiltzeari, ingelesaren nagusitasunaren aurrean eta Quebeceko laikotasun zorrotzaren aurrean, joera irmoagoa hartzea jende hori gure bizimoldeetan murgil dadin.

PQk bi joerak aintzat hartzen ditu. Irekitasunaren diskurtsoa erabiltzen du, baina azken urteetan irmotasunarena ere bai, bere militantzia lasaitu nahian, zeren militanteek eta biztanleriaren gehiengoak etorkinak kosta ahala kosta Quebec frankofonoan integra daitezen nahi baitute. Egia da René Lévesquek aniztasunari buruz diskurtso askoz irekiagoa zuela gaurkoarekin alderatuta, baina noski, gaur ditugun etorkin­‑samalda hauek izan aurretik. Alegia, 2015az geroztik, Justin Trudeauren Gobernu Federalak aplikatutako politikak, atea ireki dio immigrazio kontrolatu gabekoari. Horren ondorioz, denbora laburrean, biztanleria erruz emendatu da, eta zaila zaigu integrazioaren arazoa era egokian eta orekatuan kudeatzea. Hortik eztabaida sutsua sortzen da, eta PQtik kanpo dauden independentista ezkertiarrek (Québec Solidaire) irekitasun aurrerakoiaren diskurtsoa dute, PQ eta CAQen jarrera nazionalistak deabrutuz.

Eta bestalde, zer gertatuko da nahiko irmoak ez bagara? Ataka gaizto batean sartuta gaude, alde batera jo edo bestera, bietan zerbait galtzen dugu. Eta independentzia nahi badugu, lortu beharko genuke quebectar berriek gure kausarekin bat egitea, euren bizileku berriaren Historiarekin eta borrokekin alegia.

Hizkuntzatik harago, kanpotik etorritakoekin beste arazo bat ere badugu, erlijioarena. Quebeceko gizartea orokorrean laikoa da, baina Afrikatik eta Erdialdeko Amerikatik eta Hego Amerikatik datozenak, beren ohitura erlijiosoak dakartzate, eta horrek batzuetan tentsioak sortzen ditu eremu pribatutik harago ohitura horiek eraman nahi dituztelako.

Euskal Herrian ere arazo beraren aurrean gaude, hemen ere migrazio­‑politika Espainiako Gobernu zentralak kudeatzen baitu.

Zuen kasuan, Euskal Herrira doazen etorkinak, Espainiara joan dira, eta gure kasuan Kanadara. Jakina, gu gehiengoa gara gure lurraldean, eta zuek ez bezala, legeak egin ditzakegu arlo horretan, baditugu tresnak geure burua babesteko.

Gizagabekeria hutsa izango litzateke etorkinei atea ixtea. Errezibitzen ditugu bai, baina gehienek ezer ez dakite gure historiaz eta kulturaz. Berez, haientzat, Kanadak errezibitzen ditu, eta Kanadaren gehiengoa anglofonoa da. Zuen kasuan ere, Euskal Herrian, etorkinak herri hispano batera doaz, eta bertan bizitzeko ez dute euskara jakin beharrik.

Frantsesez eta ingelesez gain, komunitate autoktonoek beste hizkuntza batzuk ere hitz egiten dituzte Quebecen. Komunitate horien kultur eta hizkuntza‑eskubideak bermatzen al ditu Quebeceko gobernuak?

Quebecen 11 nazio autoktono daude oso antzinatik. Horietako bakoitzak hizkuntza, ohiturak eta egitura sozio-politiko propioak ditu. René Lévesquen garaitik hona, herri horiek aitortuak izateaz gain, aintzakotzat hartu dira, haien aldeko garapen‑politikak egin dira eta mendeetan jasandako bidegabekeriaren erreparazio neurriak hartu dira.

Lehen Nazioen hizkuntza‑ eta kultura‑eskubideak egitura juridiko eta politiko konplexu baten barruan kokatzen dira, 1982ko kanadar Konstituzioak eta Nazio Batuen Adierazpenak babestuta.

Quebecen, hainbat ekimen martxan dira hizkuntza autoktonoen irakaskuntza sustatzeko, batez ere komunitate beretan eta berek kudeatuta. Alta, nazio bakoitzaren egoera desberdina izaki, erabakiak eta politikak ere desberdinak dira batetik bestera. Hizkuntza‑politikak gauzatzeko, haien arteko batasun politikoaren falta da oztopo nagusia, eta erronka bat da haien kultura‑ eta politika‑garapena eragitea.

Horrez gain, kopuruan gutxi dira eta ikaragarrizko lurralde batean barreiatuta daude. Nazio batzuk beste batzuk baino hobeto antolatuta daude, baina ez daude batuta, nahiz eta haien buruzagi politikoak Assemblée des Premières Nations izeneko elkarte handi baten barruan dauden. Bestalde, arbasoen lurraldeen okupazioaren gaia ere hor dago, autoktonoak politikoki beraiek kudeatu nahi dituztenak. Gure nahia da Herri horiek aintzakotzat hartzea, haien eskubideak, haien zauri kolonialak eta beren erara bizitzeko haien bidezko aspirazioak. Ez da erraza. Apustu politiko ikaragarria da. Eta jakin behar da haietako askok ez dutela nahi quebectartzat edo kanadartzat hartuak izatea. Halere, badira Asanblea Nazionaleko hauteskundeetan aurkezten direnak eta diputatu direnak ere, horietako batzuk ministro izatera ere heldu dira.

Zein izan da Herri autoktono horien jarrera aurreko erreferendumetan, eta zein da gaur egun beren garrantzia Quebeceko politikan?

Aurreko bi erreferendumetan Herri horien jarrera ez zen uniformea izan. Batzuk baietzaren alde egin zuten, beste batzuk kontrakoa, eta askok ez zuten bozkatu. Italiar, greziar edo juduen komunitateek ez bezala, zeintzuk euren buruzagiek ezetza bozkatzera bultzatu zituzten publikoki, autoktonoek ez zuten bozka‑kontsignarik jaso. Esan beharra dago hiru komunitate horien biztanle‑kopurua autoktonoena baino askoz ere handiagoa dela.

Nolanahi ere, Lehen Nazioen garrantzia ez da neurtzen kopuruaren arabera, soilik. Pisuzkoak dira halaber haien estatus juridiko berezia, aitortutako eskubide kolektiboak, lurralde‑, ingurumen‑ eta ekonomia­‑gaietan duten ezinbesteko eragina, eta eremu politiko, judizial eta nazioartekoan esku hartzeko duten gaitasuna.

Euskal Herriaren berri ba al duzu? Inoiz izan al duzu harremanik Euskal Herriarekin edo euskal eragile politiko edo kulturakoekin?

Zoritxarrez ez. Zuek zarete ezagutzen ditudan lehen euskal ordezkari independentistak.

Alta, katalanekin bai, harremanak izan ditut.

Horrela bada, Euskal Herria ezagutzera gonbidatzen zaitugu. Anima zaitez!

Mila esker.

 

NAZIOGINTZAK EGINDAKO ELKARRIZKETA

2026KO URTARRILA

 

ERANSKINA: QUEBECEKO LEGEBILTZARREKO OSAKETA (2025ean):

COALITION AVENIR QUÉBEC   (CAQ):  79 ESERLEKU

PARTI LIBERAL DU QUÉBEC (PLQ):  18 ESERLEKU

QUÉBEC SOLIDAIRE (QS):  11 ESERLEKU

PARTI QUÉBÉCOIS (PQ):  7 ESERLEKU

INDEPENDENTEAK:  10 ESERLEKU

 

ALDERDI BAKOITZARI BURUZKO DATUAK:

COALITION AVENIR QUÉBEC (CAQ):  Abertzale autonomista, EAJ-PNVren antzekoa. Gobernuan dago, gehiengo osoarekin. Zentro-eskuina.

PARTIT LIBERAL DU QUÉBEC (PLQ): Liberala eta unionista

QUÉBEC SOLIDAIRE (QS):  Ezkerreko independentismoa

PARTIT QUÉBÉCOIS (PQ):  Zentro-ezkerra, independentista. Quebeceko alderdi nagusia 1980ko eta 1990eko hamarkadetan. Bi autodeterminazio­‑erreferendumen antolatzailea.