ROBIN FARRAR, GALESTAR EUSKALDUNAK: “Estatuak galesaren debekua indarrean izan zuen galesa hizkuntza nagusia zen bitartean”

Argazkia: Naziogintza

Gure artean bizi da Robin Farrar galestarra (Bangor, Gales, 1985), Behe Nafarroako Bidarrai herrian. 2023an Euskal Herriratu zen bere euskara hobetzeko, eta Ipar Euskal Herriko txoko xarmangarri horretan euskaldun gisa bizi da, bertako mintzaira eta doinua ere bereganatu baititu. Bere lanak (galesezko klaseak ematen ditu etxetik, Bangorreko Unibersitateko ikasleentzat) malgutasun handia ematen dio nahi duen tokian bizitzeko: Irisarrin, lehen, eta Bidarrain, gero.  Galesen bizi zela, Cymdeithas yr laith Gymraeg erakundearen lehendakaria izan zen hainbat urtetan, hots, galesaren aldeko presio-talde garrantzitsuenaren arduraduna. Bere nazioaren hizkuntza-borrokari atxiki zitzaion gaztetan, eta euskararen berri izan zuenean liluratuta geratu zen gure hizkuntzaz. Besteak beste, galesaren  eta euskararen egoera soziolinguistikoak oso antzekoak direlako, eta bi hizkuntza horien gutxitze prozesuak (eta bizirik irauteko ahaleginak), bat-etortze harrigarriak dituztelako. Galesari buruz, euskarari buruz eta gure bi nazioen egoera politiko eta linguistikoari buruz luze eta zabal solastatu dugu Robinekin, Bidarraiko ingurune zoragarrian eta euskara hutsez, ia  ingelesera jo gabe.

 

Zer moduz zure euskarazko ikasketa-prozesua? Ipar Euskal Herrian bizi zarenetik aurrerapen handia egin al duzu?

Ongi doa nire ikasketa-prozesua. Ipar Euskal Herrian bizi naizenetik, aurrerapena  ulermenean, batez ere, nabaritu dut. Hona etorri aurretik, lanak nituen solasaldi bat konprenitzeko. Orain, ez. (Gurekin dagoen lagun euskaldun batek, Robin aspalditik ezagutzen duenak, Robinen euskara maila nabarmen hobetu dela baieztatu digu). Nire lana dela-eta, ez dut aukerarik gau-eskola batera joateko, baina azken bi urteotan, oporretan, bi barnetegi ere egin ditut.

2017an hasi nintzen ni euskara ikasten, Galesen, eta Euskal Herrian bizitzeak, azken bi urteotan, asko lagundu dit.

Zu galesaren aldeko mugimenduetan buru-belarri sartuta egon zara gaztetatik. Zerk bultzatu zintuen euskara ikastera?

Bai, gaztetan sartu nintzen Cymdeithas yr laith Gymraeg erakundean, nire unibertsitate-ikasketak bukatutakoan. Ingalaterrara joan nintzen ikastera, eta hor piztu zitzaidan galesa izatearen kontzientzia.

Cymdeithas-en nengoela euskararen berri izan nuen, eta konturatu nintzen gure bi hizkuntzek ikuspuntu soziolinguistikotik antzekotasun handiak zituztela. Gero, euskaldun batzuk ezagutu nituen, nire jakin-mina areagotu zutenak. Hizkuntzak maite ditut, eta euskara ikastea deliberatu nuen. Horrela hasi nintzen, 2017an.

Cymdeithas yr laith Gymraeg erakundea oso ondo ezagutzen duzu, bere lehendakaria izan zarelako (Cymdeithas-i buruz gehiago jakiteko, irakurri argitaratu genuen artikulu hau: https://www.naziogintza.eus/nazio-bidelagunak/cymdeithas-yr-laith-gymraeg-60-urteko-borroka-galesaren-alde/) Cymdeithas izan da Galesko erakunde zibil guztien artean isun eta epaiketa gehien jaso dituena azken 40 urteetan, bere galesaren aldeko borroka luzearengatik. Zer antzekotasun eta zer ezberdintasun ikusten dituzu Gales eta Euskal Herriko hizkuntza-borroken artean?

Antzekotasun handiak ikusten ditut. Ikuspuntu soziolinguistikotik, antzeko egoera dute gure bi hizkuntzek. Galesaren hiztunak biztanleriaren %21 dira, eta Euskal Herrian bezala baditugu eremu batzuk oso gales-hiztunak. Hirietan, aldiz, galesdunen kopurua txikiagoa da. Bestalde, galesaren eta ingelesaren arteko hizkuntza-tartea oso handia da, euskara eta frantsesarena bezainbestekoa, eta zuek bezala arazoak ditugu ingeles-hiztunek guri ulertzeko. Euskal Herriko zati batean euskara ofiziala da, eta Galesen ere hizkuntzak estatus ofiziala du.

Hezkuntza-munduan zuek baino okerrago gaude. Murgiltze-eredua ez da Euskal Herrian bezain orokortua Galesen, eta beraz, ume gutxiagok ikasten dute osoki galesez. Gales osoan %25 inguruk, baina alde handiak daude eremu gales-hiztunen (Galesko Iparraldean) eta eremu ingeles-hiztunen (Galesko Hegoaldean) artean.

Nazio-egiturari dagokionez zuek baino hobeto gaude: gure nazioa konpaktua da, eta ez dago hiru eredu administratibo desberdinetan banatuta, zuena bezala. Gobernu bakarra izateak gauza batzuetarako laguntzen du.

Historia hurbila ere ezberdina da: zuen hizkuntza XX. mendeko zati handi batean debekatua eta jazarria izan zen, eta guk, aldiz, ez dugu diktadura bat bizi izan.

XIX. mendearen hasieran galesa zen Gales ia osoan gehien hitz egiten zen hizkuntza, mugako eremu batzuetan eta kokaleku berezi batzuetan izan ezik. Berrehun urte geroago, biztanleriaren %21 besterik ez da gales-hiztuna. Zeintzuk izan dira epe horretan galesaren gainbehera eragin duten alderdi nagusiak?

Ni ez naiz historialaria, baina esango nuke Estatuaren indartze-prozesua izan dela  hizkuntzaren gainbehera eragin duen alderdi nagusia. XIX. mendearen hasieran agertu ziren estatu modernoek ez zuten estatuaren barneko hizkuntza-aniztasuna onartzen. Esaterako,  XIX. mendean lege bat agertu zen Galesen, galesa hezkuntzarako oztopo bat zela aldarrikatzen zuena. Gales-hiztunak “basatitzat” jotzen zituen. Hor hasi zen galesaren debekua eskoletan.

XX. mendean demografia-mugimenduak ere gertatu ziren. Eremu gales-hiztunenetako jendeak emigratu egiten zuen, eta langile ingelesak, aldiz, lanera joan ziren Galeseko meategietara, Hegoaldera batez ere.

XIX. mende osoan eta XX. mendearen lehenengo erdialdean, galesa debekatua izan zen eskoletan. II. Mundu Gerraren ondoren hasi zen debeku hori lausotzen, eta lehenengo eskola galesdunak hasi ziren agertzen.

Estatuak beti saiatu dira menpean hartutako nazioak asimilatzen, eta hizkuntza izan da horretarako erabili duten tresna nagusia. Estatuen linguizidioa eskoletan burutu da bereziki. Bitxia da ikustea XIX. mendetik aurrera bai Euskal Herrian zein Galesen umeak zigortuak izan zirela eskoletan haien etxeko hizkuntza mintzatzeagatik: Euskal Herrian eraztunaren prozedura zitala erabiltzen zen, eta Galesen “Welsh not” politika errepresiboa. Zein izan zen azken horren eragina eta noiz arte egon zen indarrean?

“Welsh not” politika linguizidaren bukaerari buruz ez dago erabateko adostasunik historialarien artean (oharra irakurleentzat: “Welsh not” eskoletan galesez hitz egiten zuten umeei lepoan zintzilikatzen zitzaien zurezko pieza bat zen, WN -Welsh not, alegia, galesa ez– letrak zituena. Zurezko pieza hori zintzilik zuen umeak galesez hitz egiten zuen beste ume bati pasatzen zion, eta eskola amaitutakoan pieza zuena zigortua zen). Gehienen ustez XX. mendearen hasieran bukatu zen Welsh not, baina horrek ez du esan nahi eskolan galesaren aurkako debekuak bukatu zirenik.

Ondorio psikologiko sakonak eragin zituen gales-hiztunengan politika errepresibo horrek.

Badakit Euskal Herrian antzeko prozedurak erabiltzen zirela iraganean ikasleak euskaraz mintzo ez zitezen. Estatuak galesaren debekua indarrean izan zuen galesa hizkuntza nagusia zen bitartean. Ikusi zuenean galesa ahulduta zegoela, eta ume  gehienak elebidunak zirela, hasi zen debekua lausotzen. Gauza bera gertatu zen Ipar Euskal Herrian ere.

Zeintzuk dira zure ustez galesaren indarguneak eta ahulguneak gaur egun?

Gauza onen artean, galesak -debekuak debeku- oraindik 650.000 hiztun dituela aipatuko nuke. Eta baita Galeseko gizarteak hizkuntzarekiko jarrera positiboa duela ere, orokorrean. Hori ez zen gertatzen iraganean. Pentsamolde-aldaketa hori ahalbidetu zuen alderdi garrantzitsu bat izan zen 1998tik Galesek autonomia politikoa eta berezko parlamentua eta gobernua izatea. Erakundetzeko prozesu horrek eragin positiboa izan du jendeak hizkuntzarekiko duen jarreran.

Ahulguneen artean, hezkuntza-sistema aipatu behar da. Nahiz eta Galeseko iparraldean galesezko murgiltze-sistema indartsua izan, ez da gauza bera gertatzen Hegoaldean, non galestarren gehiengoa bizi den. Eremu galesdunetan, bestalde, egoera ekonomikoa ez da hegoaldean bezain ona, eta horrek eragina du hizkuntzaren bilakaeran ere.

Unibertsitateak oraindik toki gutxi eskaintzen dio gure hizkuntzari. Ez du izan zuenak izan duen hizkuntza-bilakaera. Karrera edo gradu gutxi egin daitezke galesez. Cymdeithas-ek luzaro eskatu du unibertsitate galesduna, baina ez du arrakasta handirik izan.

Nahiz eta literatura oparoa ukan Erdi Arotik eta biztanle gehienen hizkuntza izan XX. mendeko hasierara arte, eta zenbait eskubide aitortzen zizkioten hizkuntza-legedia ezberdinak ere onartuak izan arren (1967, 1993), galesak ez zuen ofizialtasunik lortu 2010. urtera arte. Zergatik atzeratu zen hainbeste hizkuntzaren lege-estatusa? Eta bestalde, 2010eko hizkuntza-legeak asebetetzen al ditu zu bezalako galesaren aldeko eragileen gogoak?

Hizkuntzaren ofizialtasuna eskuratu ahal izateko Galesen gobernu bat behar genuen, eta goian aipatu dugun bezala 1998ra arte ez genuen gobernu autonomo bat eduki. Londresek agintzen zuen bitartean ezinezkoa zen ofizialtasuna lortzea.

Halere, gogoratu behar da Erresuma Batuak ez duela konstituziorik, eta beraz ez duela hizkuntza ofizialik. 2010ean Galeseko gobernuak ofizialtasuna eman zien galesari eta ingelesari, biei, zegoen hutsune legala betez.

2010eko hizkuntza-legea motz gelditzen da guretzat. Ez du arautzen hizkuntzaren erabilera sektore pribatuan, esaterako. Sektore publikoari dagokionez, hutsuneak ere badaude. Ondorioz, hizkuntza ofiziala izan arren, askotan gales-hiztunok ezin dugu administrazio publikoaren aurrean geure hizkuntzan hitz egin.

Galesko gobernuak milioi bat hiztun lortu nahi ditu 2050erako (hiztunen kopurua 650.000 ingurukoa da egun). Nola lor daiteke mugarri hori? Zer nahi zenuke gertatzea zure hizkuntzarekin etorkizun hurbilean?

2015 inguruan abian jarri zen egitasmo hori, milioi bat hiztun lortzekoa 2050ean, baina 10 urte igaro dira eta Galeseko gobernuak (laboristak) gauza gutxi egin ditu helburu hori eskuratzeko. Zaila da, eta etxeko lanak ez gara egiten ari. Hezkuntzari dagokionez, esaterako, ez da ezer egin, ez dugu ezer aurreratu. Eta hezkuntzatik harago, ez da ezer egin lan munduan galesaren presentzia areagotzeko. Esan daiteke gobernuak  beste lehentasun batzuk dituela,  eta hizkuntzarena ez dela premiazkoa.

Plana anbiziotsua zen, eta Cymdeithas-en eta gobernuaren artean diseinatu genuen. Paperean oso polita zen, baina gobernua ez da dagokiona egiten ari.

Bizi garen globalizazioak ez die laguntzen galesa edo euskara bezalako hizkuntza gutxituei. Aitzitik, globalizazio horrek hizkuntza nagusiak (eta bereziki ingelesa) indartzen ditu nonahi. Zure ustez, nola jokatu beharko genuke galestarrek eta euskaldunok gure hizkuntzen biziraupena bermatu ahal izateko?

Alde batetik, bizitza lokala sustatzen. Gertuko harremanak indartzea mundu digitalari eta globalizazioari aurre egiteko modu eraginkorra da.

Horrek ez du esan nahi gure hizkuntzek mundu digitalari bizkarra eman behar diotenik. Garrantzitsua baita euskarak eta galesak interneten ahalik eta presentzia handiena izatea.

Mundua asko aldatu da urte gutxitan. Lehen garrantzitsua zen telebista bat galesez edukitzea, baina orain ez hainbeste. Orain internetek garrantzia handiagoa dauka. Wikipedia on bat galesez edo euskaraz izatea estrategikoa da, esaterako. Berdin euskarazko edo galesezko edukiak izatea You Tuben edo Podkastetan.

Europako estaturik gabeko nazio batzuetako mugimendu abertzaleentzat (Flandriakoa, Kataluniakoa, Galiziakoa…) hizkuntza da nazionalitatearen muina eta nazioa osatzen duen ezinbesteko elementua. Beste mugimendu abertzale batzuek, aldiz (Eskoziakoak, Irlandakoak…) ez dute uste hizkuntza funtsezkoa denik nortasun nazionala definitzeko. Non kokatzen da nazionalismo galestarra hizkuntza eta nazioaren arteko harremana aztertzerakoan?

Iraganean nazionalismo galestarrak garrantzia handia ematen zion hizkuntzari. Plaid Cymru alderdi abertzalea sortu zenean (1925ean) helburu nagusia ez zen Galesko independentzia, hizkuntza babestu eta garatzea baizik. Gaur egun, aldiz, badaude bi ikuspuntu mugimendu abertzalean: alde batetik, gure hizkuntza gure nazionalitatearen muina dela uste dugunona; eta bestetik, hizkuntzaren garrantzia erlatibizatzen dutenena. Azken horien iritziz, mugimendu abertzalea hedatu ahal izateko ingelesari ere toki zabala eman behar zaio.

Euskal Herria euskararen Herria den modu berean, Gales hizkuntza galesaren Herria da niretzat. Gales osoan galesak arrasto sakona utzi duelako, baita hizkuntza galdu duten tokietan ere. Nik garbi daukat:  hizkuntza da galestar identitatea ematen didana.

 

NAZIOGINTZAK EGINDAKO ELKARRIZKETA

2025EKO APIRILA