SEI AHOLKU PRAKTIKO EUSKARAZ BIZI NAHI DUTENENTZAT, HIZKUNTZA-ESTRESA ARINTZEKO.

Argazkia: Kotarro

(Lluis Gon Saga katalanaren jatorrizko ideia batetik, euskarara moldatua)

Ez da erraza euskaldunontzat euskaldun bezala nonahi eta noiznahi jardutea, ez eta gure Herriko tokirik euskaldunenetan ere. Beste nazio batzuetan ohikoa dena, norbera bere hizkuntzan bizi ahal izatea, gure nazio zapalduan eta kolonizatuan ez-ohikoa bihurtzen da. Frantziar eta espainiar politika kolonialen ondorioz, euskaldunok gutxiengo bat osatzen dugu gaur gure Herrian, eta lege‑markoak bi erdaren alde jokatzen du, baita euskara ofizialkidea den tokietan ere. Gure testuinguruan, hizkuntza‑koherentziari eutsi nahi dion euskaldun kontzientziatuak, sekulako ahalegina egin behar du bere egunerokoan euskaraz bizi ahal izateko. Aurpegi txarrak, umiliazioak, erantzun oldarkorrak…, jasan behar ditugu Euskal Herriko jatorrizko hizkuntzan bizi nahi dugun guztiok.

Egoera deserosoak sortzen ditu askotan euskaraz jardun nahi izate horrek, orokorrean “hizkuntza-estresa” izenez ezagutzen duguna hain zuzen ere. Beste artikulu batean horretaz aritu ginen webgune honetan (https://www.naziogintza.eus/hizkuntza-estresari-buruz-hitz-egin-dezagun/). Gure hizkuntza‑koherentziari uko egin gabe hizkuntza-estresa gutxitzea, ez dirudi erraza denik. Ez dago konponbide magikorik horretarako, baina interesgarria iruditu zaigu Lluis Gon Saga katalanak proposatutako metodologia hona ekartzea, aldaketa batzuk eginda euskarara moldatzeko. Sei arau dira, egileak urteetan zehar praktikara eraman dituenak emaitza onekin. Egunerokoan aplikatzea egingarria da eta frustrazio asko saihesten laguntzen du. Jarrera eta erantzun egokietan mantentzean datza, eta gurean hainbat hizkuntza-tailerretan landu egin da hori.

 

  1. ARAUA: Euskaraz egiten diet beti guztiei, daukaten kolorea daukatela. Turistak soilik salbuesten ditut eta ezinbestekoa bada soilik. Baina hemen bizi den edonorekin, iritsi berria izan arren, lehenengo hitzak beti euskaraz.

 

  1. ARAUA: Ez dut inoiz ezer esaten besteek hitz egiten duten hizkuntzaz. Besteek hitz egin dezatela nahi dutena, neure hizkuntza errespetatzen duten bitartean.

 

  1. ARAUA: Orain arte euskaraz egin ez duen bat euskaraz hitz egitera ausartzen denean, normal hitz egiten jarraitzen dut, ezer gertatuko ez balitz bezala: ez naiz liluratzen eta ez diet laudorio faltsurik botatzen oso ondo hitz egiten dutela esanez. Ez dut aipatu ere egiten. Kontraesana dirudi, baina ikusi dut hori dela erantzunik onena. Aldiz, lausenguka hasten banatzaie, euskara “bikain” egiten dutela esaten badiet, edo euren aurrean beste norbaitekin horri buruz hitz egiten badut, horrek lotsarazi egiten ditu eta berehala etsi eta gaztelaniara itzultzen dira.

 

  1. Ez naiz inoiz haserretzen, eta ez dut eztabaidatzen ea euskaraz hitz egiteko eskubiderik dudan ala ez, bizitzeko dudan eskubidea eztabaidatuko ez nukeen bezalaxe. Eskubideak ez dira eztabaidatzen, gauzatu egiten dira. Norbait ni probokatzen saiatzen bada iruzkin iraingarri batekin, ez diot kasurik ere egiten, entzun izan ez banu bezala. Eta ez dut sekula ere gaztelaniaz eztabaidatzen euskaraz egiteko dudan eskubidea: hori egitea, hasi baino lehen eztabaida galtzea litzateke.

 

  1. Ez ditut onartzen “bitartekariak”: etorkin bati euskaraz egiten diozula entzuten dutenean tartean sartu eta kritikatzen zaituzten horiek, zu baino “irekiagoak” eta “solidarioagoak” direlako harro. Serio baina haserretu gabe jakinarazten diet ez dudala euren laguntzaren beharrik.

 

  1. Norbaitek euskaraz ez duela ulertzen esaten didanean, galdera sinple batekin erantzuten diot, beti samurtasunez: “Zergatik?”. Horrek babes guztiak hautsi ohi ditu: seguruenik lehen aldiz galdetuko zioten horrela, argi eta naturaltasun osoz. Eta ez, normalean ez dira haserretzen. Euskararen aurkako diskurtsoa dutenak soilik haserretzen dira. Horrelakoekin, ahalik eta arinen alde egiten saiatzen naiz, eta kito. Normalean, euskara txikitan ez dutela ikasi edo hizkuntzarekin harreman luzerik ez dutela izan erantzuten didate. Orduan, lehen euskaraz, eta gero erdaraz, esaten diet euskara ikasteko prozesua oso esker onekoa dela, eta euskara jakiteak aukera asko irekitzen dituela. Eta egiten ari nintzena egiten jarraitzen dut -kafea eskatu edo dena delakoa- lehenik euskaraz eta gero erdaraz, hitzak ikas ditzan. Eta atsegina izanez eta haserretu gabe beti.