ZERTARAKO EUSKALDUNAK SARRASKITU, EUSKALDUN BATZUK ARI DIRENEAN GURE ERRESISTENTZIA NAHIA “BURGES” ETA “ARRAZISTATZAT” KRIMINALIZATZEN?

Eneko Zestau

2025-11-15ean, INDEPENDENTEA.

Gure hiper-minorizazioak azaltzen du hain zuzen okupatzaileek une honetan gure aurkako bortizkeria fisiko gordinik ia erabili behar ez izatea.

Euskaldunok pairatzen dugun kolonizazio, zapalkuntza eta etnozidioa ukatzeko edo gutxiesteko beste herri batzuek pairatzen duten bortizkeriaren intentsitatea erabiltzea sozial-inperialismo anti-euskaldunaren baliabidea da.

Batetik, nazio zapalkuntza, kolonizazio eta etnozidio kasu bakoitzak bere prozesu historiko propioa du, une historiko desberdinetan kolonizatzaileen bortizkeria fisikoaren intentsitatea aldakorra izanez.

Ameriketako indiarrak edo irlandarrak gaur egun ez dira masiboki sarraskituak izaten ari, baina historiako une batzuetan genozidio gordinena pairatu izan dute. Gaur egun masiboki sarraskituak ez izateak ukatzen ote du haiek pairatzen duten zapalkuntza eta etnozidioa?

Gauza bera gertatzen da euskaldunokin.

XVIII. mendearen bukaeran euskaldunok genozidio fisikoa pairatu genuen Lapurdin. Hamar mila euskaldun desplazatu eta bi mila eraildako.

XIX. mendean foru-gudak galdu ostean exodoa pairatu genuen.

Eta 1936-37ko gudan, beste sarraski batzuen artean, Gernikakoa pairatu genuen.

XVIII.-XIX. mendeetan Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Baxe Nafarroa, Zuberoako,… populazioaren %90etik gora euskalduna zen (gehienak elebakarrak).

Gaur euskaldunok asko jota populazioaren %25 gara (eta behin-behineko elebakarrak % 0,2).

1870-1970 ehun urteko epean euskaldunagoa Euskal Herrian erabateko gehiengo izatetik erabateko gutxiengo izatera igaro zen.

Benetako nazio ordezkapen eta garbiketa etnikoaz hitz egin daiteke. Eta minorizazio horrek jarraitzen du gaur egun ere.

Gure ahuldade eta hiper-minorizazioak azaltzen du hain zuzen okupatzaileek une honetan gure aurkako bortizkeria fisiko gordinik ia erabili behar ez izatea (ehundik gora gatibu atxikitzen jarraitzen dutela ahaztu gabe).

Zer behar dute gaur yankiek apatxeak sarraskitzeko, hiper-minorizaturik eta erreserba txiki batzuetan hiper-kontrolaturik badituzte? Zer behar dute frantses eta espainolek gaur euskaldunok sarraskitzeko, hiper-minorizaturik eta hiper-diluiturik “arnasgune” txikienak ere galtzen ari garenean? Zer behar, euskaldunon erresistentzia gordinki erreprimitzeko, euskaldunak dituztenean gure erresistentzia borondatea “burges”, “txobinista” eta “arrazistatzat” kriminalizatzen?

Euskaldunak dituzte guri esaten: “Zer zapalkuntza pairatzen duzu zuk, euskaldun pribilegiatu, txobinista eta zapaltzailea, zure hizkuntza eskubideak urratuta sentitzen dituzula? Ja, ja,… mesedez. Egiazki zapalduak palestinarrak daude”.

Aplikatuko dugu klase-auzira desitxuraketa berdina? Erraza da. Zer mintzo zara zu “Euskal Herriko langileriak” pairatzen duen esplotazioaz? Esplotatuta Kongoko meatzariak daude, kobaltoa erauzten 12 orduko lanaldi eta 2 euroko soldatarekin. Zu mintzo zara “Euskal Herriko langileriaren” esplotazioaz, unibertsitate bateko karreran tasa bat ordaindu behar delako? Kongoko langileek erauzitako kobaltoarekin egindako telefonoa darabilzun bitartean?

Aplikatuko dizugu zuri zeure manipulazio berdina, zure ustiapenaren intentsitatea Kongoko langileriarena baino apalagoa delako? “Europan ez dago ustiaketa kapitalistarik eta plusbaliorik. Esplotazioa periferian bakarrik dago… eta zu ez zara langile bat, are gutxiago zapaldu bat. Zu Kongoko langileen ustiakuntzaren konplize bat zara.”

Erraza da desitxuratzea eta manipulatzea. Ezta?

Ba hori.

Kolonizazioa badago Palestinan eta badago Euskal Herrian. Kapitalismoa eta ustiaketa ekonomikoa badago Afrikan eta badago Europan.

Politika iraultzailea ez da herri desberdinek pairaturiko zapalkuntzaren intentsitatearen arabera zapalkuntza batzuk ukatzea eta mespretxatzea. Hori kontra-iraultzailea da.