Euskal Herria bezala, zatitutako nazioa da Bretainia. Nazio zelta horrek bost departamendu ditu: horietako lau Bretainia “ofizialean” daude, Bretainiako erregio administratiboan, eta bosgarrena (Loira Atlantikoa, Liger-Atlantel, bretoieraz) hortik kanpo, beste erregio administratibo batean (Loirerrian, Pays de la Loire, frantsesez). Nantes (Naoned, bretoieraz) da Loira Atlantikoko hiriburua (eta Bretainia historikoarena ere bai), eta Rennes (Roazhon) Bretainia “ofizialekoa”, lau departamendutakoa.
Bretainiako zatiketa 1941ean gertatu zen, II. Mundu Gerraren garaian. Pétain mariskal kolaborazionistak ezarri zuen, bi arrazoirengatik: alde batetik, garai hartan nazionalismo bretoia hartzen ari zen indarra neutralizatzeko; eta bestetik Loira Atlantikoko oligarkia eta goi-burgesia hori eskatzen ari zelako. Izan ere, Loira Atlantikoa Bretainia osoko eskualde aberatsena izanik, bertako oligarkek lotura ekonomikoak indartu nahi zituzten Pays de la Loirekin (eta Frantziarekin), haien interesak integrazio horrekin hobetuko zirelakoan. Esan gabe doa Pétainek bretoiei ezer galdetu gabe hartu zuela bere erabakia.
Pétainen hautu hori ez zuten atzera bota Frantziako gobernukide berriek, II. Mundu Gerra amaitu zenean, eta Bretainiako zatiketa artifizial hori berretsi egin dute harrezkero Frantzian egin diren lurralde-antolaketa guztietan.
Nantes (Naoned) Bretainia historikoaren hiriburua izan zen, Iruñea Euskal Herrikoa izan zen bezalaxe. Bi hiriek sinbolismo berezia dute euskal zein bretoi abertzaleentzat. Bitxia bada ere, ordea, bietako bat ere ez da Euskal Herriko edo Bretainiako egungo administrazio ofizialetako kide.
Bretainiarren borroka haien batasuna lortzeko aspaldikoa da. Azken 30 urteotan Bretainiako batasunari buruzko erreferendum baten eskaera etengabekoa da. Eskaera hori oso transbertsala da: alderdi abertzale bretoiek (Erregio Kontseiluan gutxiengoan daudenek) ez ezik, ezkerreko zein eskuineko alderdi frantsesen diputatu askok ere erreferendum hori eskatzen dute. Hego Euskal Herriko kasuan, aldiz, alderdi abertzaleek soilik defendatzen dute lurralde-batasuna, eskaera hori -zoritxarrez- ez baita transbertsala.
Azken urteotan egindako inkesta guztiek argi erakusten dute Bretainia ofizialean zein Loira Atlantikoko departamenduan herritar gehienak batasunaren alde daudela. 2019an TMO Institutuak egindakoak agerian utzi zuen Bretainiako lau departamenduetako herritarren %68k, eta Loira Atlantikokoen %62k Bretainiako batasuna nahi zutela. Are gehiago, 2018an ere Loira Atlantikoan sinadura‑bilketa masiboa egin zen, eta 105.000 sinadura bildu erreferenduma eskatzeko. Loira Atlantikoaren Departamenduko Kontseiluak Frantziako presidenteari Emmanuelle Macroni erreferendum bat egiteko eskaera luzatu zion, baina erantzunik gabe gelditu zen. Geroago, 2021ean, Nantesko Udalak (Loira Atlantikoan) alde bozkatu zuen Bretainiako batasunari buruzko erreferendum bat antolatzeko.
Azkenik, 2023an Frantziako Asanblea Nazionalean 25 diputatu bretoik proposamen bat aurkeztu zuten Bretainiako batasunari buruzko erreferendum bat Loira Atlantikoko departamenduan egiteko. Zoritxarrez, ekimen horrek ez zituen eskuratu lortu beharreko sostenguak, eta ezerezean gelditu zen.
Halere, Loira Atlantikoaren departamenduan denak ez daude Bretainiako batasunaren alde. NAZIOGINTZAk horretaz galdetu dio Gael Roblin Bretainiako abertzale historikoari, War-Sav erakunde abertzalearen kide eta Guingamp-Gwengamp hirian zinegotzi denari. Roblinek esan digunez, Loira Atlantikoko eskuineko alderdiak dira batasunaren aurkako jarrera gogorrenak mantentzen dituztenak, bertako oligarkiaren interesak ordezkatzen dituztenak. Nicolas Sarkozyren Les Republicains (LR) alderdi politikoa, bereziki. Pétainen garaian bezalaxe, oligarka horiek Loira Atlantikoa Pays de la Loire delakoaren barruan hobesten dute. Bretainia batua mehatxu gisa ere ikusten dute, kontzientzia nazional bretoia suspertu lezakeelako, jakobinismo frantsesarentzat hondamendia izango litzatekeena, noski.
Bretainiako lau departamenduetan bretainiar hizkuntzaren eta kulturaren egoera kaskarra bada ere, Loira Atlantikoko departamenduan egoera okerragoa da. Horretan ere Hego Euskal Herriarekin antzekotasunak badaude, EAEko eta Nafarroako egoerekin alegia. Bretainiako identitateak ez du erakundeen babesik Loira Atlantikoan, eta hizkuntzaren alde lan egiten duten erakundeentzako zailtasunak handiagoak dira hor. Erakundeetan ere ordezkaritza politikoa ezberdina da: Bretainia ofizialeko Erregio Kontseiluan, abertzale bretoiek 83tik 7 diputatu dituzte ( % 8,5). Loire Atlantikoko Departamendu Kontseiluan ez dute ordezkaritzarik. Hala ere, zinegotziak dituzte departamentuko hainbat herritan, Nantes-Neonod hiriburuan barne.
Bretainia batzeko borrokak aurrera jarraitzen du. Gael Roblin baikorra da. Baina argi hitz egiten du: “Gure helburuak bretainiar batasunetik askoz haratago doaz. Gure xedea gure nazioaren independentzia da ”. Bistan denez, euskaldunok eta bretoiek lurralde-arazoak eta nazio-anbizioak partekatzen ditugu, eta horrek gure arteko harremana sendotu beharko luke, eta lankidetzarako espazio berriak ireki.
