NAZIOGINTZA taldean uste dugu, bai taldea eta baita Euskal Herrian dagoen abertzaletasuna eta independentzia zaletasuna ere, behar bezala agertzeko eta adierazteko, geure irudi bat behar dugula. Hori dela-eta Naziogintza taldearen logotipo eta ezaugarri nagusia izango den IKURRIN IZARDUNA (“Izarduna”) sortu dugu, euskal abertzale eta independentista guztion sinbolo ere izan nahi duena.
Horrek ez du esan nahi inondik inora ere hemen eta munduan zehar Euskal Herriarekin identifikatzen den bandera nagusiari, ohiko Ikurrinari, muzin egiten diogunik. Ikurrinak izan beharko du, gure ustez, biharko Euskal Errepublikaren bandera ofiziala. Une hori iritsi arte, baina, Izardunak independentziaren aldeko jarrera adieraziko duelakoan gaude Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo.
Jabetuak gara, azken urteotan Ikurrinak, lehen zeukan karga erreibindikatzailea eta independentista galdu izanaz, hein handi batean EAEko bandera soilik bihurtu nahi izan delako eta EAEn alderdi espainolistek ere berenganatu dutelako (Nafarroan, aldiz, oraindik euskal abertzaletasunaren sinbolo indartsua da, unionistek baztertu eta debekatzen dutelako). Horregatik gehitu diogu osagai berri bat: Euskal Izarra.
Izardunaren irudia gure ohiko ikurrinaren diseinuan oinarritzen da, aldaketa batekin: gurutze zuriaren alde luzeari zati txiki bat kendu diogu Nafarroako hainbat armarri zaharretan agertzen den zortzi puntako izarrari tokia egiteko. Euskaldunon sinbolo jator hori eta ikurrina elkartuz, abertzale guztiok onar dezakegun bandera sortzen dela uste dugu, Euskal Herri osoaren askatasun egarria sinbolizatzen duena.
Guk onartzen ditugu bestelako sinboloak, bai, eta geure egiten ditugu. Baina ez dugu ontzat jotzen ikurrina baztertu eta haren ordez beste sinbolo bat edo batzuek erabiltzea Euskal Herri osoa adierazteko, irudikatzeko eta ordezkatzeko. Haren esangura dute eta hori onartzen dugu, baina ezin dezakete gaurko Euskal Herri osoaren ordezkaritza hartu.
Ikurrin izardunak aukera ematen die abertzaleei eta independentziaren aldekoak diren guztiei sentimendu eta jarrera hori adierazteko eta besteen aurrean hori guztia agertzeko. Estaturik gabeko Europako nazio askotan (ez soilik Katalunian) banderako izarra independentziaren sinboloa da. Beraz, ohiko Ikurrinaren aldean gure Izardunak asmo independentista garbia izango du.
EUSKAL IZARRA EDO KARBONKULUA
Gure banderan erabiltzen dugun zortzi puntako Euskal izarra karbonkuluan oinarritzen da, Erdi Aroaz geroztik Euskal Herrian agertzen da eta gaur egun, oraindik, udal armarri ugaritan erabiltzen da euskaldunon sinbolo hori. Bakarrik edo beste osagaiekin batera, hondo gorrian kokatutako karbonkulua topatzen dugu, besteak beste, Baigorriko, Lizarrako, Atarrabiako, Irunberriko, Lazkaoko eta Bergarako armarrietan eta baita dokumentu eta irudi zaharretan ere: Tuterako katedralean (XII. mendean), punta lirioloratuak (puntak lirio lorearen forman amaitzen direnak) dituen Iruñeko Biblian (1197. urtea), puntak lirioloratuak dituen eta Orreagako borrokaren errepresentazioa izan nahi duen XV. mendeko irudi batean (Simon Marmionen Frantziako kronika handiak izeneko argitalpenean erabilitako irudia da. Mikel Soraurenen Historia de Navarra, El Estado Vasco, liburuan (Pamiela argitaletxea, Iruñea, 1998, 95. or.), Iruñeko Katedralean, Chartreseko Katedralaren fatxadan, eta abar. Ikus ditzagun sinbolo horietako batzuk:
ATARRABIA
BAIGORRI
BERGARA
KARBONKULUA
LIZARRAKO HARRIZKO ARMARRIA
LIZARRA
IRUÑEKO ZIGILUA, 1274
Irudi horietako batzuk, Asisko Urmenetak eta Edorta Barrutiabeñak irudiz apainduta argitaratutako Gartxot, konkista aitzineko konkista, liburutik hartu ditugu, 41-42 or. (Elkar argitaletxea, 2011).
Laburbilduz, munduan independentziaren aldeko mugimenduetan ohikoa da bandera izarduna jartzea, eta guk, independentziaren aldeko asmoa adierazten duen ohiko izarra, zortzi puntako izar gisa jarri dugu, euskal izar legez, tradizio historikoa badu eta ikurrinarekin batera dagoeneko gure askatasunaren sinbolo da.
Hona hemen independentziaren aldeko jarrera adierazten duten hainbat izar:
“ESTRELEIRA” (GALIZIA)
“ESTELADA” (KATALUNIA)
OKZITANIAKO BANDERA INDEPENDENTISTA
EUSKAL TALDE INDEPENDENTISTA BATEK ERABILTZEN DUEN IKURRA