AGURAINGO EUSKALDUNTZEAK POZTEN GAITU

 

Agurain, 1995
Agurain, 2017

 

Iraganean beltz, orain amets, bihar baietz.

Agurainen kokapen geografiko eta historikoa.

Agurain Arabako Lautadaren ekialdean dagoen herria da. Gaur egun 5.000 biztanle inguru dauzka eta populazio euskalduna % 30 ingurukoa da, gehien bat jende gaztea.

Aguraingo gazteleratze-prozesua 1256. urtean hasi zen. Gaztelako Alfontso X.ak orduko Hagurahin izena kendu (San Millan de la Cogolla delako monasterioko XI. mendeko dokumentu batean hala agertzen da) eta Salvatierra izena jarri zionean. Orduz geroztik hainbat dokumentutan lotzen dira euskara eta Agurain (Salvatierra) eta azkena 1842. urtekoa da. Auzitegi-barrutiari zegokion akta batean itzultzaile baten beharra azpimarratzen da eta lanpostu hori betetzeko Ignazio Aristimuño izeneko gizona hartu zuten. Toponimiari dagokionez, Agurainen eta inguruko herrietan euskal izenak agertzen dira toki guztietan (ikusi Aguraingo Euskalgintza eta Itziar Amestoy, Arabako Foru Aldundiak argitaratua, Gasteiz, 2010. www.alava.net).

Helduen euskalduntzea

Agurainen egiten den euskara berreskuratzeko prozesua 1967. urtean hasi zen, frankismo garaian eta ezkutuan. Euskalduntzea gau‑eskoletan hasi zen eta helduak ziren ikasleak. Euskarazko klaseez gain, euskalduntze‑lanetan laguntzeko eta kulturaren transmisioa ziurtatzeko, hainbat eta hainbat jarduera antolatzen ziren. Txistu­‑klaseak, dantza‑ikastaroak, erosketak eta irteerak euskal hitzak eta leku berri ikasteko, kirol‑jarduerak, batez ere pilotakoak, euskal txaranga, urteetan zehar antolatzen joan diren ohiko urteroko ekitaldiak, inauteriak eta abar. “Baietz euskara” izeneko ekimena, euskara entzun eta erabiltzeko esparrua sortu nahi zuena ere sortu zen, gero elkarte izango zena. Txistu‑klaseak hasteko euskal abesti bat kantatzen zen eta, hala, euskal kantagintza ere jorratzen zen. Hortik aparte larunbatero euskal kantaldiak antolatzen ziren eta, horiekin lotuta, ostiraletan partaideak biltzen ziren kantak ikasteko. Beraz, euskararekin batera euskal kontzientzia garatu eta euskal kulturaren transmisioa egiten zen.

Erdal eskoletatik Euskal ikastoletara

Gauzak horrela, 1973-1974 ikasturtean Lopez de Larrea (Aguraingo eskultore baten izena) ikastola jaio zen apaiz etxeko ikasgela batean. Guraso talde bat (kooperatiba gisa antolatuta) eta orduko euskalgintzako kideak izan ziren ikastolaren bultzatzaileak. Izan ere, ordura arte kolegio erlijioso bat eta eskola publikoak besterik ez zegoen Agurainen eta denak erdaraz aritzen ziren. Orduko Agurainen 3.000-3.500 biztanle bizi ziren, haietako asko Espainiatik etorritako langileak ziren eta populazioa, orokorrean, erdalduna zen. Gaur egun izaera publikoko D ereduko ikastetxe bat dago, Lopez de Larrea, herrian sorturiko lehen ikastola kooperatiboa (geroago publifikatu zena) eta Ikastolen Federazioan sartuta dagoen ikastola bat, Lautada izenekoa, lehenago kolegio erlijiosoa zena. Institutua eta Lanbide‑eskola ere badaude Agurainen, Aniturri Institutua, eta denetan euskara da ikaste-hizkuntza (D eredukoa).

“Agurainen 75 ordu euskaraz” ekimena, 2016an

“Agurainen 75 ordu euskaraz” ekimena 2016ko azaroaren 8, 9, 10 eta 11n burutu zen. Hala ere ekimenaren alderdi garrantzitsuena eginbidea izen zen, prestakuntza. Izan ere, ekimena burutu ahal izateko sei hilabeteko lana egin behar izan zuten euskaltzaleek: kaleko jendearekin hitz egin, partikularrekin eta profesionalekin; talde, ikastetxe, erakunde, elkarte, denda eta era guztietako eragile kultural eta sozialekin hitz egin zuten; denei azaldu zizkieten era garbian ekimenaren nondik norakoak eta beren parte­‑hartzea eskatu zitzaien. Ondoren, parte hartzen zuten guztien zerrenda egin, sailkatu beren egoera linguistikoaren arabera eta informazio‑orriak banatu ziren mundu guztiak egoera zein zen jakin zezan (parte‑hartzaileak identifikatzeko itsasgarriak jarri ziren komertzioetan). Bestalde, publizitatea eta giroa prestatzeko era guztietako ekitaldiak antolatu ziren (hitzaldiak, dantzaldiak, pintxo‑poteak, kartelen egintzak eta banaketak, Interneteko informazioa diseinatu eta zabaldu…). Eta batez ere, eskatu zitzaien Aguraingo euskaldunei (18 urtetik gorako 800 pertsonek hitz egiten dute) euskaraz egitea toki guztietan: samurtasunez, goxotasunez, era atseginean eta, batez ere, haserretu gabe norbaitek kontrako jarrera agertzen baldin bazuen. Euskaraz jarduteko konpromisoa 284 pertsonek hartu zuten, eta 134 kolektibo eta establezimenduk konpromisoa hartu zuten bide emango ziotela euskaraz hitz eginez etortzen zenari.

Kanpaina aurreko kezkak

Lehenengo eta behin gauza bat argitu behar dugu: “Agurainen 75 ordu euskaraz” ekimena euskara ia galduta zeukan herri batean egin zela, euskararen berreskuratze‑lanean murgilduta dagoen herri batean. Beraz, halako programa bat baliagarria izan daiteke antzeko egoera soziolinguistikoan dauden beste herri askotarako ere, baina populazioaren % 60tik gora euskalduna den herri batean, adibidez, ekimen hau dezente egokitu beharko litzateke eraginkorra izateko.

“Agurainen 75 ordu euskaraz” kanpaina konstatazio batetik abiatu zen: euskaldunok, askotan, ez dugu geure burua euskaldun bezala aurkezten; segituan erdarara pasatzeko joera handia dugu, inork eskatu gabe; euskaldunon artean erdaraz egiten dugu, elkar ezagutu dugunetik horrela egin dugulako; euskaldunok ez dugu baliatzen Aguraindarren euskararen ezagutza‑maila (% 55ak euskaraz ulertzen du) eta erdaldunek berehala eskatzen dute erdarara pasatzea, solaskideak esaten duena ulertzeko ahalegin txikiena ere egin gabe. Horrek guztiak euskaldunon mendekotasun‑egoera agerian jartzen du.

Euskaldunei eskatzen zaien portaera

Honako gomendio hauek ematen dira: lehenengo eta behin, egoera edozein izanik ere, norbere burua euskal hiztun bezala agertzea, lehenengo hitza beti euskaraz eginez; guztiekin euskaraz aritzea kontrakorik eskatu arte; solaskidea euskalduna bada eta erdaraz ari bada, erdarara ez pasatzea (norberak bere lehentasunak argi azaldu behar ditu); solaskidea euskaraz ulertzeko gai bada, elkarrizketa elebiduna baliatzea (batek euskaraz besteak erdaraz); norberaren inguruko erdaldunekin aurrerapausoren bat adostea, nahiz eta gero erdarara pasatu; eraso bat jasoz gero, egoera neurtzea, ez eztabaidatzea eta irribarrez eta asertibitatez erantzutea.

Erdaldunei eskatzen zaien portaera

Erdaldunei, orokorrean, malguak izatea eta nolabaiteko sentiberatasuna agertzea euskaraz hitz egiten dutenekin; hori da eskatzen zaiena. Erdaldunentzako aholkuak bederatzi hizkuntzatan daude idatzita: Euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, alemanieraz, frantsesez, galegoz, katalanez, hasanieraz (Saharakoa) eta arabieraz. Denak irakur daitezke Interneten: https://aguraineneuskaraz.wordpress.com/erdaldunentzako-gomendioak/

Agurain herria prestatu

Giroa ahal den baikorrena edukitzeko hainbat jarduera burutu ziren: euskara eroso nonahi eta noiznahi sentitzeko eta erabiltzeko teknikak ikasteko tailerrak antolatu ziren; euskaraz bizi ahal izateko gomendio­‑gida argitaratu zen; ekimenean parte hartuko zuten eta duten pertsonak eta kolektiboak bilatu, haiekin hitz egin eta ekimenean parte hartzeko eskatu zitzaien; establezimenduetan itsasgarri identifikatzaileak ezarri ziren, herriko hizkuntza‑mapa osatu eta publiko egin zen; euskarari bidea emateko gomendio‑gida argitaratu zen; euskal hiztun normalizatuak ez direnei malgutasuna eta konpromisoa eskatu zitzaien, 75 ordu horietan bederen.

Ekimena amaitu ondorengo balorazioa

Amaitu ondoren inkesta bat egin zen euskal parte‑hartzaileen artean. Hauek dira emaitzak: %86,1ek dioenez, ohi baino ahalegin handiagoa egin dute euskaraz erabiltzen; %8,9k beti bezala aritu dela erantzun du; %5ek euskara gehiago erabili duela dio, era nabarmenean. Bestalde “normalean baino gehiago hitz egin didate euskaraz” diote parte hartu dutenetatik %65ek eta “beti bezala egin didate” esaten dute % 35ek. Inork ez du esan “gehiago hitz egin didate”.

Antolatzaileen ondorio orokorrak

  1. Hizkuntza‑aldaketak ahalbidetu ditu egitasmo horrek.
  2. Erabilera errazteko prestatu diren eremuetan, harreman berri gehiago lortu dira euskararen inguruan.
  3. Multzo batek, %79k, euskal hiztun bezala presentatu du bere burua, lehenengo hitza euskaraz esanez.
  4. 60 lagun inguruk beharrezkoa egin dute euskara beren inguruan.
  5. Errealitatean oinarritutako aktibazioa izan da. Hala ere, oinarrizko aktibaziotik euskara beharrezko izatera iritsi arte tarte handia dago oraindik.
  6. Solaskideak duen euskararen ezagutzak mugatu egiten ditu elkarrizketak.
  7. Erdaldunek oso barneratuta daukate erdarara pasarazteko hizuntza‑ohitura; norbanako euskaldunak ezintasuna topatu du hor, presio soziala.
  8. Erdaldunen hizkuntza pribilegioak oso presente daude aurrez aurre gaudenean; hortik datorkigu oinarrizko portaera aktibotik harago joateko zailtasuna.

Informazio gehiago eskuratzeko ikusi https://aguraineneuskaraz.wordpress.com/