EZ ZIREN ANTIFRANKISTA HUTSAK, ABERTZALEAK BAIZIK

Argazkia: Berria

Berrogeita hamar urte bete dira Francoren erregimen faxistak Txiki eta Otaegi exekutatu zituela. Urteurren berezi honetan, bi euskal militanteen aldeko omenaldiak ugaritzen ari dira Euskal Herrian zehar, eta horietako batzuetan esan diren hainbat gauzak gure kezka eta haserrea piztu dute. Izan ere, nabaria da kolore ezberdinetako talde politikoek Txiki eta Otaegiren figuren erabilera alderdikoia egin dutela, bi euskal abertzale horien ordezkaritza berentzat esleituz, eta haien ibilbide politikoaren manipulazio lotsagabea eraikiz. Zinez deitoragarria.

Errebisionismo historikoaren joerari eutsiz (modan baitago), esaterako, abertzalea ez den ezker muturreko hemengo talde batek, langileriaren zapalkuntza salatzen duenak baina euskal nazioaren zapalkuntza ikusi nahi ez duenak, “faxismoaren aurkako gudari” izendatu ditu frankismoak eraildako bi euskal gudariak. Ez gaude ados. Txiki eta Otaegi, garai hartako ETAko kide gehienen antzera, ez baitziren militante antifrankista hutsak, Euskal Herriko independentziaren aldeko borrokalariak baizik. Abertzale sutsuak. Cerdanyolako hilerrian exekutatua izan aurretik, bere borreroen aurrean eta fusilak bera apuntatzen zutela, Txikik “Gora Euskadi askatuta. Aberria ala hil!” oihukatu zuen hil aurretik. Zarauztarrak argi zeukan zergatik eta zertarako borrokatu zuen: Francoren erregimen faxistaren aurka eta Euskadi askatuaren alde. Bi helburu ezberdin, beren artean loturarik ez zutenak. Izan ere, frankismoa, itxuraz bederen, laster desagertu zen, baina gure aberriak oraindik ez du bere askatasunik lortu.

Kezkagarria da halaber ezker abertzaleko buruzagi batzuen oroimen historiko kaskarra. Baten batek Txikiren eta Otaegiren ibilbidea “borroka antifrankistaren” testuinguruan ere kokatu duelako, haien nortasun abertzalea eta independentista ahaztuz. Antifrankistak ziren garai hartan Felipe González, Alfonso Guerra, Enrique Múgica edo Fernando Savater ere. Zaku berean sartu behar al ditugu Txiki eta Otaegi? Ez, inondik ere. Berriz diogu, azpiratutako eta zapaldutako (frankismoan eta orain) euskal nazioaren alde jardun zuten Espainiako faxismoak eraildako bi militante abertzaleek. Euskal Herriaren independentziaren alde. Hori ezkutatzea edo behar den bezala ez azaltzea, espainiar ikuspuntu unionistatik baino ezin da ulertu, Euskal Herriko zapalkuntza nazionala ukatzen duen portaera espainolista hutsetik, alegia.

Milaka izan ziren frankismoaren garai ilunean errepresioa, espetxea eta heriotza pairatu zuten euskal abertzaleak. Denek euskal nazio askea zuten amets, Txikik eta Otaegik bezala. Gaur egun euren dimentsio abertzalea alde batera uztea bidegabea da, ezin zuritu den errebisionismo historikoa, irmoki salatuko duguna.

Haatik, urteurren horren harira esaten ari diren gauza guztiek ez diote egiari iskin egin. Asko izan baitira ezker abertzalearen aldetik Txikiren eta Otaegiren borroka askapen nazionaleko parametroetan ere kokatu dutenak. Denok dakigu Francoren obsesioa Euskal Herria ezabatzea zela, eta bere testamentu politikoan hori gerta zedin aginduak eman zituela. Dena lotua, eta ondo lotua, utzi zuen. 1975az geroztik gertatu denak hori berresten du: euskaldunoi indarrez ezarri zaigu 1978an errefusatu genuen marko politiko espainiarra, gure nazio‑izaera eta autodeterminazio‑eskubidea ukatzen dituena. Horrenbestez, Txiki eta Otaegiren ametsa ez da oraindik bete.