Gutako gehienoi maiz gertatzen zaigu, herri euskaldunetan bizi arren: gure anbulatorioko ordezko medikuak erdaraz hitz egiteko eskatzen digu (titularra euskalduna da, baina bajan dago); trafikoko kontrol batean gelditzen gaituen ertzainak espainolez mintzatzeko exijitzen digu; taberna batean zegoen zerbitzari euskaldunaren ordez orain dagoen hegoamerikarrak ez digu ulertzen kafesne bat eskatzen dugunean…. Egoera horiek eta antzekoak sarritan pairatzen ditugu euskaraz bizi nahi dugunok, euskararen aldeko hautu kontzientea egin dugunok. Ez da soilik hirietan edo euskaldun-dentsitate txikia duten eremuetan bizi direnei eragiten dien arazoa, eremu euskaldunetan (eta baita arnasguneetan ere) sufrikario bera jasaten dugu. Euskaraz bizi nahi, eta ezin.
Euskal Herrian erdaldun elebakar asko daude, baina ez dago euskaldun elebakarrik. Horrenbestez, euskaldun batek sarritan zalantzak ditu solaskide berri baten aurrean euskaraz ala erdaraz hitz egin behar duenez. Horrek, errepikatzen denean, estresa sortzen du, erdaldunek ez dutena. Zer esanik ez dago hizkuntza-estresa handiagoa dela euskaldunak euskararen aldeko jarrera argia duenean, eta bere hizkuntza beti erabili nahi duenean. Horregatik, ez dira gutxi hizkuntza-estresa ekiditeko lehenengo hitza beti erdaraz esaten duten euskaldunak, edo “no entiendo euskara” baten aurrean, mendekotasun osoz eta burumakur, segituan erdarara pasatzen direnak.
Mendeetako errepresioaren eta kolonizazioaren ondorioz, euskaldunok erdaldunen aurrean obeditzen ohitu gara, eta euskaraz gune seguruetan soilik egiten ikasi dugu. Hots, ulertuko gaituztela ziur gaudenean soilik erabiliko dugu gure hizkuntza. Zaila da asmatzea erdaldunen aurreko amore-emate horren atzean zer dagoen, Herri zapalduok geureganatu dugun jarrera otzana, edo hizkuntza-estresa saihesteko defentsa-mekanismoa. Emaitza, edozein kasutan ere, beti bera da: euskarari uko egin eta hizkuntza-portaera “egokia” hartu (zapaltzailearen ikuspuntutik, noski).
Euskarazko Wikipediak honela definitzen du hizkuntza-estresa: “Hizkuntza‑estresa edo estres linguistikoa esaten zaio, soziolinguistika alorrean, hizkuntza gutxiagotu bat erabili nahi duten hiztun elebidunek jasan ohi duten tentsioari”. “No te entiendo, hablame en español” (edo “je ne comprends pas, parlez-moi en français”) hainbat aldiz entzun ondoren, hizkuntza‑kontzientziarik gabeko euskalduna gogogabetu egiten da eta nahiago du gauza bera berriz ez entzutea, deserosoa baitzaio. Hori dela-eta, ezezagun baten aurrean ziur jokatu eta elkarrizketa bat erdaraz hastea erabakiko du.
Esan gabe doa euskaldunok katalanek edo galiziarrek baino hizkuntza‑estres askoz handiagoa dugula, euskararen eta erdaren (espainieraren eta frantsesaren) arteko hizkuntza-distantzia edo aldea amildegi bihurtzen delako. Izan ere, hizkuntza-estresa nabarmen areagotzen da gure solaskideak tutik ere ulertzen ez digunean, eta elkarrizketa “elebidunak” ezinezkoak direnean. Galiziako eta Kataluniako biztanleria ia osoak bertako hizkuntzak ulertu egiten ditu, askok ez hitz egin arren. Katalunian, esate baterako, “Mantinc el català” izeneko ekimena abian jarri dute katalanek beti eta nonahi katalanez hitz egiteko, solaskideak hitz egiten ez badu ere. Hots, katalanari eusteko baldintza guztietan. Euskal Herrian horrelako ekimena martxan jartzea ezinezkoa litzateke, erdaldunentzat gure hizkuntza errusiera bezain ulergaitza delako.
Hizkuntza-estresaren kasu bakarra al da gurea? Ez, antzeko hizkuntza-ezaugarriak dituzten Europako beste hizkuntza gutxitu batzuen hiztunek ere, euskaldunok bizi dugun hizkuntza-estresa pairatzen dute. Gure inguruan, Galesen, Hego Tirolen eta Flandrian gertatzen da hori, besteak beste. Izan ere, bertako hizkuntzak -ofizialak izan arren- oso urruti daude estatu horietako hizkuntza nagusietatik (galesa eta ingelesa oso desberdinak dira, alemana eta italiera ere bai, eta nederlandera urruti dago frantsesetik). Aipatutako hiru nazioetan, guk bezalako ulermen-arazoak dituzte, hizkuntza-tentsioa sortzen dutenak.
Hego Tirol Italiaren mendeko eskualde autonomoa da, aleman-hiztuna. Alemana da bertako biztanle gehienen hizkuntza, baina populazioaren %28 inguruk italieraz hitz egiten du eta ez du alemana ulertzen. Batez ere Bozen (Bolzano, italieraz) hiriburuan. Alemana eta italiera, biak, hizkuntza ofizialak izan arren, aleman-hiztun asko ezin dira beren hizkuntzan bizi, italieradunek alemana ulertzen ez dutelako. Horrek, Euskal Herrian bezala, hizkuntza-estresa eta gatazka linguistikoa sortzen ditu.
Tobias Holbling psikologo hego-tiroldarrak ondo ezagutzen du bere nazioaren hizkuntza-egoera. Naziogintzari esan dionez, langile publikoek bertako bi hizkuntza ofizialak ezagutu behar badituzte ere, askotan hori ez da betetzen eta aleman-hiztunek italieraz mintzatu behar izaten dute elkarrizketa posible izan dadin. Osasun-arloan, bereziki, gertatzen da hori, bertako mediku asko Austriara lan egitera joaten direlako (lan‑baldintzak hobeak baitira) eta, aitzitik, Italiatik alemanez ez dakiten sendagileak Hego Tirolera joaten direlako. Merkataritzan eta arlo pribatuan egoera okerragoa da, inor ez baita behartua bi hizkuntzak jakitera. Hizkuntza-estresa saihesteko, aleman-hiztun gehienek, euskaldunon antzera, italieraz hitz egiten dute solaskideak hori eskatzen dienean.
Duela urte batzuk, Hizkuntzen eta Eskubide Zibilen Bulegoa sortu zela aipatu digu Holbling-ek, Gobernuko erakunde publikoa, hizkuntza‑eskubideen urraketak jasotzeko. Azken lau urteetan 134 salaketak jaso arren, erakunde horrek ez die inoiz isunik ezarri hizkuntza-eskubideen urratzaileei eta bere eraginkortasuna zalantzan jartzen du Holbling-ek (https://www.rainews.it/tgr/tagesschau/articoli/2024/05/zweisprachigkeitsverletzungen-werden-nie-bestraft-1ae286af-c6f7-4c4d-bf2a-65ca1f69cc22.html)
Euskal Herritik begiratuta Flandriak hizkuntza-egoera pribilegiatua badu ere, flandriarrek zailtasunak dituzte beren hizkuntza Bruselan (eta Brusela inguruko hainbat herritan ere) erabiltzeko. Bernard Daelemans nederlanderazko irakaslea da Bruselan, eta oso ondo ezagutzen du Flandriako hiriburuaren egoera. “Brusela hiri frankofonoa izan arren, diosku, populazioaren laurdenak nederlanderaz ere hitz egiten du. Tamalez, bruselar gehienek ez dute nederlandera ondo ulertzen. Ondorioz, hemen eguneroko ogia da flandriarrek nederlanderaz hitz egin nahia, eta ezina”. Brusela da eremu elebidun bakarra Belgikan, estatua bi eremu elebakarretan bananduta dagoelako (gehi eremu txiki bat aleman-hiztuna dena).
Daelemans-ek hainbat gauza kontatu dizkigu, horietako batzuk euskaldunoi oso ezagunak zaizkigunak:
-“Batzuetan Bruselan nederlanderaz hitz egiten dudanean estralurtarra banintz bezala begiratzen didate”.
-“Bruselako langile publikoek nederlanderazko arreta eman behar dute norbaitek eskatzen badie, baina sarritan hori ez da betetzen”.
-“Bruselako ospitaleen egoera tamalgarria da. Mediku ia gehienek ez dakite nederlanderaz. Egoera latzak ikusi ditut umeak eta adineko jendeak, ia elebakarrak izanik, trantze estuak pasatzen. Norbait nederlanderazko arreta eskatzen tematzen bada, denetatik esaten diote: fanatikoa, arrazista edo faxista. Ospitale batean jendeak bizi duen zaurgarritasun-egoera betean, azkenean denek amore eman eta frantsesez (baldin badakite) hitz egiten dute”
-“Ni erradikala izan naiz nire hizkuntza-praxian, baina aitortu behar dut hizkuntza-estresak akitu egiten nauela. Eta ez dut gehiegi eskatzen, uler diezadaten soilik, ez diezadatela hizkuntza aldarazi. Orain praktikoagoa naiz: Bruselan, nire hizkuntzan arreta emango didaten lekuetara eta saltokietara joaten naiz nagusiki”
-“Duela 40 urte hizkuntza-gatazka gogorragoa zen hemen orain baino. Gaur egun, gatazkak intentsitatea galdu du, eta flandriar askok, nekearen ondorioz, jarrera pragmatikoagoa hartu dute. Eta ez dira gutxi Bruselara inoiz etortzen ez diren flandriarrak, hain zuzen ere hizkuntza-estresa saihesteko”
Galeseko hizkuntza-egoera eta Euskal Herrikoa, sarritan esan dugunez, oso antzekoak dira. Galesaren eta ingelesaren arteko distantzia linguistikoa, bestalde, euskararen eta espainieraren artekoa bezain handia da, eta horrek galesaren aurka jokatzen du, Galesen bizi diren ingeles-hiztun gehienek galesa ulertzen ez dutelako. Nahiz eta Galesko ipar-mendebaldean galesa hizkuntza hegemonikoa izan, hor ere arazoak daude galesez bizitzeko, Rhys Tudur abokatu galestarrak eta Plaid Cymru alderdi abertzale galestarraren kideak Naziogintzari esan dionez. Galesen ere ohikoa da, baita eremu gales-hiztunenetan ere, galesez hitz egin nahi eta ezin hitz egin izatea. Eta zerbitzu publikoetan zein arlo pribatuan (merkataritzan, esaterako) gertatzen da hori. Galesa hizkuntza ofiziala izan arren, zerbitzu publikoetan ez dago -inondik inora- bermatuta gales-hiztunek beren hizkuntzan arreta jasoko dutenik.
Eta Euskal Herrian gertatzen denaren antzera, galesaren eta ingelesaren arteko hizkuntza-aldeak (hizkuntza-familia ezberdinekoak baitira) ez ditu errazten elkarrizketa “elebidunak”. Emaitza: Euskal Herrian edo Hego Tirolen bezala, gales-hiztunek hizkuntzaz aldatzen dute ia beti beren solaskide ingeles-hiztunen aurrean, Tudurrek dioskunez ez aldatzeak atzerapenak eta eragozpenak besterik ez baitakarzkiete. Bestelakoa da abokatu galestarraren hizkuntza-jarrera: eremu oso gales-hiztunean biziz, bilera publikoetan eta erakunde-batzarretan berak galesari eusten dio beti.
Arazo bera partekatzen dugunez, galestarrak, flandriarrak, hego‑tiroldarrak eta euskaldunok bat gatoz hizkuntza-estresari aurre egiteko protokoloren bat lantzeko dugun beharrean. Gure solaskideak ulertzen ez digunean eta hizkuntzaz aldatzeko esaten digunean, guk amore ez emateko eta egoera deseroso bat sortu gabe gure hizkuntzari eutsi ahal izateko. Bidegabea baita ulertzen ez digunak bere hizkuntza-arazoa guri transferitzea. Euskaraz bizi nahi badugu gure nazioan, premiazkoa da afera honi irtenbide bat bilatzea. Ideiak?







