AGUR (ETA OHORE) D EREDU

Mikel Basabe

2023-05-08, ARGIA.

EAEko Hezkuntza Lege berriak eredu bakarra planteatzen du, eredu eleanitza, zeina Isabel Celaa sozialistak abiarazi zuen, Hezkuntza sailburu zela. Indarrean zegoen (eta dagoen) legediak beste aukerarik ematen ez zionez, 2011n Hiruheletasuna (sic) deitu zion eta “esperimentazioa” zela gaineratu.

Celaaren proiektua eredu bakarra zen, zeinean ingelesa eta gaztelania “irakaskuntza hizkuntza” ziren; oraingo legean ere hezkuntza-eredu bakarra dago, “zeinean bi hizkuntza ofizialak eta atzerriko hizkuntza bat, gutxienez, ikaskuntza-hizkuntzatzat hartuko baitira”. Batera nahiz bestera esanda, ez dago alderik: gutxienez ikasgai bana irakatsiko da ingelesez eta gaztelaniaz. Bana, gutxienez.

Hauteskunde-bezperan besterik esaten badute ere, 3L proiektua sozialisten betiko nahia da.

Gainera, hezkuntza-ereduak desagertu egingo dira. Zergatik? Sozialistek gura dutelako. Zelan desagerrarazi ereduak? Hezkuntza-ereduen hizkuntza-banaketa arautzen duen 1/1993 Legearen 10. xedapen gehigarria indargabetuta. Hauxe dio lege zaharrak: “(…) hizkuntza-ereduak irakaskuntza-sistema osoan ezarriko dira, publikoan nahiz pribatuan, eta honako hauek izango dira:

  • A eredua; ikasgaiak batipat gazteleraz emango dira, zenbait ekintza edo gai euskaraz eman ahal izango direlarik.
  • B eredua; ikasgaiak euskaraz eta gazteleraz emango dira.
  • D eredua; ikasgaiak euskaraz emango dira”.

Banaketa hori desagertu egingo da, Hezkuntza Lege berriak hauxe baitio: “Xedapen indargabetzaile bakarra. 1. Indargabetuta geratzen dira lege honetan ezarritakoaren aurka doazen lege eta erregelamenduzko xedapen guztiak”.

Inork zalantzarik izan ez dezan, Hezkuntza Lege berriaren xedapen indargabetzaileak hauxe gehitzen du: “2. Berariaz indargabetuta geratzen da 1993ko otsailaren 19ko 1/1993 Legea, Euskal Eskola Publikoari buruzkoa”. Akabo, hezkuntza-ereduen lege-euskarria. Akabo, euskara hutsezko D eredua.

Gauzak horrela, legea onartzen denean, seme-alabentzat euskara hutsezko irakaskuntza gura duten gurasoek… Nafarroara joan beharko dute. Hango alderdi sozialistak inoiz ez duelako harako onartuko, EAErako lortu duen legea.

Zergatik han ez, eta EAEn bai? Sinplea. Han D eredua matrikularen %29ren bueltan dagoelako. Lege honek, beraz, euskara gehiago ekarriko lieke Nafarroako ikasleen %71ri. EAEn, berriz, lege berriak euskara gutxiagorekin heziko ditu Lehen Hezkuntza aurten hasi duten 15.802 ikasle, publiko eta pribatukoak, (matrikula osoaren %80,76), hori baita D ereduaren aurtengo matrikula, maila horretan. 6 urteko ikasleen artean, bostetik lau D ereduan dago.

Euskara gehiago, berriz, 647 ikaslek soilik izango dute, 1. LHko matrikularen %3,42. Hau da: 15.239 ikaslek euskara gutxiago, 647k euskara gehiago… Atera kontuak.

Sozialistek inoiz ez dute Nafarroan honelako legerik onartuko, han euskararik gabeko ereduak direlako gurasoek gehien aukeratzen dituztenak, hala sare publikoan nola pribatuan. EAEn, berriz, D eredua da nagusi sare publiko nahiz pribatuan. Sare publikoan da, hegemonikoan, urterik urte igotzen den bakarra:

  • 1. Lehen Hezkuntzan, %97,47.
  • 1. DBHn, %93,72.
  • 1. batxilergoan %89,35.

Gogoratu aurten 1. LHn daudenak sei urte barru 1. DBHn egongo direla: hau da, D ereduko ikasleen ehunekoak hazten jarraituko du.

Sare pribatuan, D ereduan daude ikasleen %62,80, %56,07 eta %51,25, hurrenez hurren. Sare horretan ere, gorako bidean den eta urtero-urtero hazten den bakarra.

Aztertuko dugu alderdi sozialistak zergatik ez duen Nafarroarako gura EAErako jada lortu duena? Errepasatu euskarari buruz agintari sozialistek urtea joan, urtea etorri errepikatzen duten mezua.

Niri neuri, harrigarriagoa egiten zait alderdi euskaltzaleak izatea Hezkuntza Lege berria bultzatzen ari direnak. Hori ere aztertu beharko genuke.

Legebiltzarkide euskaltzaleei, beraz, proposamen hauexek:

  • Aztertu matrikulazio-datuak eta haien urtez urteko bilakaera.
  • Aztertu ebaluazio diagnostikoak eta haien bilakaera.
  • Galdetu katalanaren aldeko Valentziako kideei zelako ondorioak izan dituen hango 3L ereduak: katalana nagusi, ingelesa eta gaztelania irakaskuntza-hizkuntza.
  • Irakurri Hezkuntza Legea.
  • Hausnartu lege horrek zer ondorio izango dituen euskararentzat.
  • Bozkatu kontzientzian.