AGUR ETA OHORE, TXABI

Unai Villacorta

2023-06-13an, BERRIA.

Ekainaren 7an 55 urte bete dira espainiar indar okupatzaileek Txabi Etxebarrieta Euskadi Ta Askatasunako militantea erail zutenetik. Txabik sekulako garrantzia izan zuen ETAren gidaritzan eta ezkerkeriazko joerekin amaituz abertzaletasun iraultzailea bultzatu zuen zorrozki.

Bere aburuz, Euskal Herriaren lehen premia askapen nazionala erdiestea zen, eta hala pentsatzen dut nik ere.

Munduan zehar gizartearen gehiengoa bezala, nire lan indarra saltzera behartua/ kondenatua nago bizi ahal izateko, gutxi batzuk gehiengoaren bizkar luxuan bizi diren bitartean. Horregatik beti borrokatuko dut egoera hau permititzen duen sistema kapitalista, eta Txabik zioena nire egiten dut: «Sozialismoa da elkarbizitzarako konponbide bakarra».

Baina langile izan aurretik, sortzetik beretik euskal herritar izatea egokitu zait, eta nazio zapaldu bateko kide izatea, nire nortasuna ukatua izatea. Etsaiek etengabe zapaltzen naute: nortasun arrotz bat inposatzen didate, bi hizkuntza arrotz inposatzen dizkidate nirea desagerrarazi nahi dutelarik, nire kulturaz barre egiten dute kasurik hoberenean folklorera kondenatuz, nire herria beren interes nazionaletara moldatu dute eta nire lurrak desitxuratu dituzte, berriz ere beren interes nazionalen mesederako. Bi zapalkuntza jasaten ditut beraz, nazionala eta soziala.

Honi lotuta, pasa den Aberri Egunaz bi puntu nagusi nabarmendu nahi nituzke:

Lehenik eta behin, pozez hartu dut alde guztietako erakundeek publikoki beren diskurtso abertzaleena plazaratu izana, batzuek urte osoan zehar nazio askapenerako borroka baztertzen badute ere. Horrek argi uzten du nazio askapenerako borrokak egungoa izaten jarraitzen duela; horretan sinisten ez dutenak ere diskurtso politikoa moldatzera behartuak sentitzen dira.

Baina, bestetik, irakurri ahal izan dut «independentziaren aldarri hutsala motz gelditzen» dela eta «independentzia halabeharrez sozialismoaren eskutik izango dela ala ez dela izango, argi eduki behar dugun egia» dela. Ez dago dudarik ezkerreko abertzaleok independentzia eta sozialismoa nahi ditugula gure herri kuttunarentzat, baina hori esatera iristea, egia absolutu bat balitz bezala gainera, gogorra eta larria iruditzen zait. Are gehiago, azken hamarkadetan nazio askapenerako borroka elikatu duten eta iraultza teoria hutsetik praktikara eraman duten milaka kide eskuzabalen lana gutxiestea iruditzen zait.

Imajinatuko genituzke palestinarrak, sahararrak, korsikarrak… independentzia ukatzen sozialismoarekin batera ez bada? Imajinatuko genuke José Martí adierazten sozialismorik gabeko independentzia-gerra motz gelditzen dela? Inola ere ez; kontrara, Euskal Herritik beti defendatu eta defendatzen ditugu, internazionalismoa gure eginez.

Euskal Herrian independentziarako aukera sortzen bada, sozialismoarekin batera ez bada ere, niri behintzat sufritzen ditudan bi zapalkuntzetatik bat gainetik kentzeko balioko dit. Noski, ondoren beste zapalkuntza gainditzeko nireak eta bi egingo ditut, gure herri askean herritar askeak ikusteko.