EUSKAL PRESOEN ALDE ARRAUNEAN

Unai Villacorta

2023-09-15ean, ARGIA.

Aurten ere polemika sortu da Kontxako estropadan garaileetako batek euskal presoen aldeko mezua zabaldu duelako. Horrekin batera betiko topikoetako bat bota dute zenbaitzuek: kirola eta politika ez direla nahasi behar. Ez dira nahasi behar baldin eta zapalduen bandoan bazaude, noski, zapaltzaileek erabaki politikoen ondorioz debekatzen baitiete euskal kirolariei mundu mailan ikurrinapean lehiatzea.

Kirolaren bitartez lortu dute Getaria bezalako herri euskaldun batean arraunlariek Espainiako bandera kaleetan eta udaletxean harro astintzea, edo Hondarribian egun luzeetan zehar hamarka piperpoto kale nagusian eskegirik ikustea. Kirol garaipen bat ospatzen dutela esango dute… baina Espainiako banderarekin… Luzerako emango lukeen beste eztabaida bat da, ordea.

Zapalduok kirola eta politika elkarlotzen ditugunean, ordea, akabo! Urkullu bera ere atera da datu batzuk plazaratzera (baimena eskatu diela espero dut, fokuen erdigunean jarri baititu). Urkulluk, bistan da, ez gaitu besteok inoiz aipatzen: senide eta lagun torturatuak, bahituak eta sakabanatuak ditugun edo izan ditugun hamarnaka arraunlariak. Bizitzako lehen hamabost urteetan milaka kilometro egitera kondenatuak izan garen arraunlariak, bide istripuak barne. Senideen sufrimenduz beteriko tortura lekukotzak irakurri ditugun arraunlariak. Espainiako Estatuak eraildako senideak dituzten arraunlariak, eta abar luze bat.

Nik ere eman dudan palada bakoitzean euskal preso politikoak bihotzean izan ditut, eta naturalki, izan ditudan garaipen, momentu zoriontsuetan oso gogoan izan ditut. Neure egiten ditut, beraz, Taberok Kontxako bandera prestigiotsua irabaztean errandakoak. Iurgi, Sanse, Gaztelu eta beste guztiak etxera orain!

Bukatzeko, Urkulluk jakin dezala, abertzaleok egiteko dugun bide bakarra, herriaren askatasunaren bidea dela!