Gasteizko Legebiltzarrean ehuneko ehun euskaraz

NAZIOGINTZA TALDEAk, Gasteizko Legebiltzarrean euskarak duen presentzia urriarekin kezkatuta (%25 inguruko erabilera besterik ez dauka) ekimen bat martxan jarri du, parlamentari euskaldunek euren mintzaldi eta eztabaidetan gure hizkuntza beti erabil dezaten. Legebiltzarrean euskara hutsez hitz egiteko. Hori burutzeko ez dago inongo arazorik, Legebiltzarreko saioetan itzulpen zerbitzua badagoelako, eta euskara ulertzen ez duten parlamentariek eragozpenik gabe saioak erdaraz jarraitu ditzaketelako.

NAZIOGINTZAk eskaera pertsonalizatua luzatu die Eusko Legebiltzarreko parlamentari euskaldun guztiei, gonbidatuz hemendik aurrera euren mintzaldiak euskara hutsez burutzeko. Era berean, agiri bat prestatu dugu gure ekimena azalduz, behean duzuena. Agiri honentzat jendearen atxikimenduak jasotzen ari gara, beheko aldean ikusiko duzuen lotura baten bidez. Eman zuen izena!

Erdararen aldeko inertzia linguistikoak, kasu honetan Legebiltzarrekoak, irauli arazteko garaia badela uste dugu. Has gaitezen!

AGIRIA