ANNA ARQUÉ, KATALUNIAKO IRMOTASUNAREN INDARRA: “KATALUNIAKO GOBERNUAK EZ ZUEN JAKIN 2017KO URRIAREN 1EKO GARAIPENA KUDEATZEN”

Argazkia: NAZIOGINTZA

Ez da erraza Anna Arquéren (Lleida, 1972) aurkezpen laburra egitea. Enpresa Zientzietan eta Marketinen lizentziaduna da eta Kataluniako Udako Unibertsitatearen errektore-orde izana. Kataluniako independentziaren aldeko aktibista. Nazioartean bere Herriarekiko konplizitateak bilatzen dituen langile nekaezina. Bertako prozesu independentista piztu zuten herri-kontsulten bultzatzailea. ICEC autodeterminazioaren aldeko nazioarteko erakundearen sortzailea. Eta euskaldunon lagun mina: independentziari buruzko lehenengo herri-galdeketan (2014an, Etxarri-Aranatzen) aholkulari eta laguntzaile gisa jardun zuen. Harrezkero, askotan bisitatu gaitu, Euskal Herriko hainbat herritako independentziari buruzko galdeketetan begirale gisa aritu baita.

Mugimendu independentistaren barnean Annaren ahotsa deserosoa da sarritan, askok pentsatzen dutena baina inor gutxi esatera ausartzen dena aho-bilorik gabe esaten duelako. Adorea eta indarra ez baitzaio falta emakume kementsu honi.

Bruselan egin dugu elkarrizketa.

Gutako askok ez genuen ulertzen katalan independentismoaren ahulezia orain dela 20 urte. Katalunia Nazio sendoa izanik, eta berezko hizkuntzaren indarra ikusiz, bitxia zen burujabetzaren aldeko adierazpen publikoak hain urriak izatea… Zure ustez zer dago azken urteetako olatu independentista indartsuaren atzean?

Hasteko, Katalunian beti egon da irrika eta pultsu independentista bat. Kontua da lehen alderdi politiko abertzale katalanetan ez zegoela gogo independentista argirik. Are gehiago, alderdi horiek esaten ziguten beti independentzia ezinezkoa zela, amets polita baina gauzatu ezin zitekeena.

XXI. mendeko lehenengo urteetan herri-mugimendu independentista batzuk aktibatu ziren eta saiatu ziren katalanen mentalitatea aldatzen. Geroztik saiatu dira frogatzen independentzia posible dela, eskuragarria dela. Eta 2009an, Herri Ekimen Legegilea aurkeztu genuen Kataluniako Parlamentuan, hark autodeterminazio-erreferendum bat ahalbidetzen zuen legea presta zezan. “Egizue Kataluniako Nazioak Nazio moduan jardun dezan” esan genien parlamentari katalanei. Eta gure harridurarako, alderdi politiko katalan guztiek egitasmo hori errefusatu egin zuten. Horrek ezinegona sortu zuen alderdi politiko abertzaleen baseetan.

Ezezko horren aurrean, 2009an bertan, lehenengo independentziari buruzko Herri-galdeketak martxan jarri genituen, arrakasta handiz. ANC artean jaio gabea zen… Bestalde, espainiar Estatuak ere prozesu independentista abiatzen lagundu zuen, katalanek erreferendum baten bidez onartu zuten estatutuaren zati handi bat ezabatu zuenean. Lagundu bai, baina ez zen prozesuaren txinparta izan. Izan ere, faktore erabakigarriena Herri-galdeketen prozesua izan zen; haren bitartez katalanak konbentzitu egin ziren eta independentzia posible zela ikusi zuten.

Kontua da XXI. mendearen hasierako Diadetan 5.000 pertsona inguru biltzen zirela Bartzelonako kaleetan. Eta 2012an eztanda dator: manifestazio erraldoi batean milioi bat ahotsek independentzia ozen eskatu zuten…. Nola aktibatzen da hainbeste jende hain denbora gutxian?

Esan berri dudanez, independentziari buruzko Herri-galdeketak erabakigarriak izan ziren. Bostehun herri-kontsulta baino gehiago burutu genituen Katalunia osoan bi urteetan. Eta horrek independentziaren gaia mahai gainean jarri zuen: komunikabideek horretaz informatzen zuten, herrietan jendeak independentziari buruz eztabaidatzen zuen, herritarrak beren botoak duen balioaz (sinbolikoa bada ere) konturatu ziren…

Ezaguna da jarrera kritikoa mantentzen duzula alderdi katalan abertzaleen jokaerarekin, zure ustez 2017ko urriaren 1eko agindu demokratikoa bete ez zutelako, eta katalan errepublika gauzatu ez zutelako. Zertan huts egin dute politikari katalan abertzaleek zure iritziz?

Ez naiz ni soilik, independentista katalan asko atsekabetuta daude independentzia gauzatu ez delako. Eta jarrera kritikoa hartu dugu. 2015ean hitz eman ziguten 18 hilabetetan bide-orri bat burutuko zela independentzia eskuratzeko. Guk zera kritikatzen dugu: Gobernu batek autodeterminazio-erreferendum lotesle bat konbokatzen du, jendeak erreferendum horretan bozkatu ahal izateko arriskuan jartzen du bere burua, eta erreferendumaren ostean botoemaileen agindu demokratikoa ez da betetzen, Estatuaren erantzun ankerra espero ez zuten aitzakiaz… Ez al zuten gure agintariek ezagutzen Espainiaren historia, errepresioz eta bidegabekeriaz zipriztinduta dagoena? Gobernu katalanak oso gaizki jokatu zuen partida: urriaren 1eko independentziaren garaipena kudeatu egin behar zuen, eta ez zuen kudeatu.

Eta okerrena da jendeari sinetsarazi egin nahi izan diotela haiek (katalan agintariek) lortu ez zutena ez zela posible. Eta guk ezetz esaten dugu, independentzia posible dela. Haiekin ez da posible izan, baina agian beste eragile batzuekin posible izan zitekeen.

Guk ez dugu kritikatzen katalan agintariak urriaren 1eko erreferendumaren ondoren beldurra izatea. Beldurra giza sentimendua da, humanoa, gizakoia. Zintzoena une hartan erretiratzea eta lekukoa beste batzuei ematea zatekeen. Prozesua burutzeko asmoa zuten beste batzuei. Baina ez zuten egin.

2017ko urriko gertaerak nahasiak izan ziren Katalunian: hil horren 10ean, erreferendumaren ostean, Puigdemont presidenteak independentzia aldarrikatu zuen, baina bere efektuak bertan behera utzi zituen segituan. Eta hilaren 27an Kataluniako Errepublika aldarrikatu zuen Parlamentuak, baina gero ez zuen gauzatu. Min egin al zizun entzuteak katalan gobernukide askoren ahotan (epailearen aurrean) aldarrikapen hori sinbolikoa izan zela?

Niri eta katalan gehienei min handia ematen diguna zera da: katalan Gobernuaren kide horiek epaile espainol baten aurrean ikustea.

Hori esanda, niri gustatuko litzaidake entzutea katalan Gobernuaren kide horiek epaileari esaten autodeterminazioa Herri guztien oinarrizko eskubidea dela, eta beren ekintzen ondorioak harro beren gain hartzen dituztela.

Kontua da, dena den, estatu berri bat sortu ahal izateko lurraldearen kontrola eta nazioarteko estatuen onarpena ezinbesteko elementuak direla, eta Katalunian 2017ko urriaren 27an ez bata eta ez bestea ez ziren lortu…

Nazioarteko onarpenari dagokionez esan behar da onarpen horiek Estatu berri bat sortzen denean etortzen direla, ez lehenago. Beraz, ezin da esan nazioarteko onarpenak izan ez zirenik, katalan errepublika ez baitzen gauzatu. Hainbat estatuk garbi esan zuten haiek gure errepublika inork eskatu ez zielako ez zutela onartu.

Lurraldearen kontrolaz esan behar da 2017ko urriaren 1ean garbi frogatu genuela katalan herriak lurraldearen kontrola hartu zuela , poliziaren oztopoen gainetik erreferendumean modu masiboan bozkatu zuelako. Espainiako gobernuaren Kataluniako ordezkariak berak horrela onartu zuen. Beste kontu bat da gero lurraldearen kontrol horri eusteko borondate politikorik ez zela izan.

 

 

Urte luzeetan pairatu ditugu euskaldunok Espainiako errepresio gogorraren zartakoak: alderdi politikoak legez kanpo jarri zizkiguten, egunkariak eta irratiak itxi, kazetariak, unibertsitateko irakasleak, politikariak, sindikalistak etab. atxilotu eta espetxeratu, milaka herritar mehatxupean jarri… Horrenbestez, inozo samar iruditu zitzaigun entzutea katalan gobernuaren ordezkari batzuen ahotik espainiar estatuaren indarra gutxietsi egin zutela eta kalkulu okerra egin zutela “procés”-aren amaieraz… Zure ustez, aitzakia hutsak dira horiek ala prozesu independentistaren eragileak erratu egin ziren estatuaren indarra neurtzerakoan?

Espainiako historia Euskal Herria eta Kataluniaren aurkako errepresioaren eta bidegabekerien historia da. Eta ezin da argudiatu hori ez dela ezaguna.

Garai batean alderdi politiko abertzale katalanek esaten ziguten independentzia ez zela posible eta Euskal Herriko egoera latza gogorarazten ziguten: bazekiten nola jarduten zuen espainiar estatuak zuen lurraldean.

Katalan prozesu independentistak abiadura hartu zuenean, estatuak berdin jokatu zuen gurekin, eta gure agintariek amore eman zuten estatuaren indarkeria eta larderiaren aurrean: ez zuten katalan errepublika gauzatu. Horrekin estatua konturatzen da mehatxuak funtzionatzen duela, eta nahikoa dela mehatxu egitea independentzia inoiz gauzatu ez dadin. Badaki nola jokatu.

Honen alde ona da orain Kataluniako jendeak badakiela zer jarrera gupidagabea hartzeko gai den estatua. Garai batean askok ez ziguten sinesten guk azaltzen genienean Euskal Herriak sufritzen zuen errepresio bortitza. Orain bai.

Kataluniako gaurko gobernuak Espainiarekin erreferendum adostua nahi duela jakinarazi du. Horrek esan nahi du 2017ko urriaren 1ekoak, non 2 milioi katalanek bozkatu zuten, ez duela balio? Bestalde, ez du ematen Madrilgo gobernua prest egongo denik noizbait autodeterminazio-erreferenduma adosteko. Aldebakarreko bidea da irtenbide bakarra?

Nire iritziz Kataluniako Gobernuak erreferendum bat adosteko hartu nahi duen jarrera negoziatzailea oso traketsa da. Erreferendum adostua negoziatzeko urriaren 1eko agindu demokratikoa erabili behar da. Independentziaren eskubidea irmo aldarrikatu behar da, baina ez da egiten ari. Guk, fase honetan, ez dugu jadanik autodeterminazio-eskubidea aldarrikatzen: autodeterminazioa egikaritu zen 2017ko urriaren 1ean, orain independentzia-eskubidea dugu. Horrek izan behar du negoziazio baten abiapuntua.

Bestalde, nik ez dut ulertzen zergatik independentismoaren sektore batek orain ez duen begi onez ikusten aldebakartasuna. Aldebakartasunaren bidez eskubide sozial eta kolektiboak eskuratu dira. Autobus famatu hartan eseri aurretik egin al zuen Rosa Parks-ek asanblada bat zuriekin? Ez. Jakina aldebakartasunaren bideak balio duela!

Aldebakartasunak esan nahi du gu prest gaudela, bakarrik bada ere, demokrazia eta Kataluniako eskubideak defendatzeko.

Bide batez, Quebeceko 1995eko autodeterminazioaren erreferenduma aldebakarrekoa izan zen, nahiz eta orain jende askori hori ahaztu zaion…..

Aspaldikoa da katalanen eta euskaldunon arteko lankidetza arlo politikoan, gure bi nazioen interesak Espainiaren aurrean hobeto defendatzeko. Galegoekin batera, GALEUSCA koalizioa sortu zen 1923 urrun hartan. Europako hauteskundeetarako EH Bildu, ERC eta BNGren arteko koalizioari (ORAIN ERREPUBLIKAK) potentzialitatea ikusten al diozu?

Euskaldun, galiziar eta katalanen arteko lankidetza beti positiboa da, alderdi politikoetatik harago ere. Eta lankidetza hori estaturik gabeko Europako beste nazio batzuetara hedatzeko 2010ean ICEC erakundea sortu genuen, denok batera Herrien autodeterminazio-eskubidea defendatzeko.

Nik zintzoki esan behar dut, dena den, ERC eta EH BILDUren deribak kezkatzen nauela. Nire iritziz minimoen diskurtsoa erabiltzen ari dira, euren baseekin bat egiten ez duen minimoen diskurtso bat. Nik uste dut gogotik eta konplexurik gabe independentismo demokratikoa defendatu beharko luketela.

Nazio katalanak nortasun sendoa du, hizkuntzan -bereziki- oinarritzen dena eta baita bere biztanleen gogo kolektiboan ere. Egun, nazionalista edo abertzale izatea deabrututa dagoenean, independentismoaren sektore bat ere deseroso sentitzen da “Herri-identitateaz” hitz egiten dugunean. Ez al duzu uste Kataluniako edo Euskal Herriko identitateaz independentista batzuek hitz egiteko jartzen duten debekuak mesede egiten diola Espainiako nazionalismoari? Gure abertzaletasunak independentismoa ahultzen al du, ala -Vicent Partalek berriki esaten zuenez- abertzaletasunak independentismoa sendotu egiten du?

Nik uste dut identitate nazionala funtsezkoa dela. Niretzat, nabarmena da independentismoa eta katalan nazionalismoa banandu ezinak direla. Ni independentista naiz estatu katalan bat nahi dudalako, eta nazionalista Katalunia nire Nazioa delako. Eta Nazio hori maite dudalako nahi dut, hain zuzen ere, independentzia.

Batzuek independentzia hobeto bizitzeko nahi dutela diote, uste dutelako independentziak gizarte oparoagoa ekarriko duela. Ondo, baina ez da aski. Independentzia Herri-duintasunarekin ere oso lotuta dago.

Identitate nazionala, beraz, gakoa da. Horregatik atentzioa ematen dit entzuteak independentista batzuen lelo berria: “Katalunia Herrien Herria da”. Katalunian mundu osoko jendea bizi delako. Oso ondo, aizu, baina nire Nazioa “multikulturalizatzen” duzunean sarritan garrantzitsuena ahazten zaizu: nire Nazioa. Alegia, Katalunia oso mestizoa da, ados, baina mamia eta jatorria nire Herria eta nire Nazioa dira, hots, Katalunia. Ematen du hainbat independentistari hori ahaztu egiten zaiola!!!

Nazio okupatuok ez genituzke hainbeste konplexu izan beharko identitatearen gaiarekin…

Ez da kasualitatea Kataluniako prozesu independentistaren aldeko manifestazio jendetsuenak, Europan eta Kataluniatik kanpo, Euskal Herrian gertatu izana… Urte luzeetan eta une zailenetan Euskal Herriak beti jaso du Kataluniako elkartasun beroa, eta orain guri dagokigu hori itzultzea. Zu hamaika aldiz egon zara gure artean eta harreman asko egin dituzu Euskal Herrian. Nola ikusten duzu gure egoera politikoa? Zein da katalan independentismoaren pertzepzioa Euskal Herriaz?

Katalan independentismoaren pertzepzioa da borroka armatua eta ETA desagertzearekin, euskal independentismoak, hori aprobetxatu beharrean independentziaren defentsa irekia eta konplexurik gabekoa egiteko, diskurtso askoz zuhurragoa hartu duela. Agian PODEMOS-en agerpenak eragina izan du ere aldaketa horretan.

Euskal independentismoaren begiradak orain Kataluniara zuzenduta daude, nonbait, eta horrek aipatutako zuhurtzia ere azal dezake: prozesu katalanaren bukaeraren zain zaudete urrats ausartagoak eman aurretik…

Niri gustatuko litzaidake independentziaren aldeko eta inhibiziorik gabeko Euskal Herri bat ikustea. Gurekin batera urratsak ematen dituena. Gure bi Herrion independentzia bidezko, zilegi eta posible delako. Eta merezi dugulako.

 

NAZIOGINTZAK EGINDAKO ELKARRIZKETA

2019KO APIRILA