FLANDRIAKO ESKUMENAK KANPO ARAZOETAN

    Argazkia: Flandriako Parlamentua

    STEVEN VERGAUWEN

    Vlaamse Volksbeweging-eko enbaxadorea eta Zuzendari Exekutibo ohia.

    Zenbat aldiz ez dugu entzun, espainiarren ahotan, mendebaldeko euskaldunok“ Europa osoko autonomia politikorik handiena eta zabalena” dugula? Hainbeste aldiz errepikatu digute ditxosozko lelo hori, ezen gutako gehienok itsumustuan sinetsi egin dugula. Ez da egia, ordea eta Steven Vergauewen flandriarrak, Vlaamse Volksbeweging-eko enbaxadoreak, NAZIOGINTZArako idatzitako artikulu honetan garbi azaltzen du Flandriak Kanpo Arazoetan dituen eskumen zabalak eta esklusiboak, guk amestu besterik ezin ditugunak direla. Besteak beste, parte hartze zuzena Europako ministroen kontseiluetan gai batzuk eztabaidatzeko orduan. Hobe lukete Hego Euskal Herriko politikari abertzaleek Flandriari gehiago begiratzea….

    Flandriak nazioarteko jarduera burutu dezake eskumenak dituen arloetan. Horrenbestez, nazioarteko itunak sina ditzake estatuekin edo beste lurraldeekin. Gogoratu eskumen esklusiboak dituela hizkuntza eta hezkuntza arloetan, osasungintzan, kanpo-merkataritzan, ekonomian, nekazaritzan, energian, etxebizitza -politikan, zientzia eta berrikuntzan, etab. Flandriak baditu halaber kanpoko ordezkariak hainbat estatutan (Espainian, esaterako), nazioarteko enbaxadore-lanak egiten dituztenak.

    Flandriako Gobernuaren ministroek zuzenean parte hartzen dute Europako ministroen kontseiluetan, hezkuntzan eta kulturan, adibidez. Antzeko zerbait irudika dezakezue Jaurlaritzako sailburuekin?

     

    FLANDRIAKO ESKUMENAK KANPO ARAZOETAN

    Flandriak bete-betean nazioartekoak diren hitzarmenak sinatu ditzake, diplomazia eta ekonomia zerbitzuak antolatzen ditu atzerrian, eta bere atzerri politikako aurrekontua kudeatzen du. Flandriako atzerri politika Atzerri Gaietako Sailaren bitartez moldatzen da, eta beste sail eta agentziekin lankidetzan ezartzen da.

    Flandriak 1993tik izan ditu nazioarteko eskumen batzuk, “in foro interno, in foro externo” printzipioari lotuz. Horrek esan nahi du nazioarteko mailan joka dezakeela Belgikako konstituzio oinarrien arabera ardurak dituen gai guztietan. Horretarako, bitarteko hauexek erabil ditzake:

    • Nazioartean lotesleak diren hitzarmenak lotzeko eskubide konstituzionala.
    • Diplomaziako ordezkariak izendatzeko eskubidea.
    • Haren atzerri politika babesten duten erakundeei diru laguntzak esleitzea.
    • Flandriako Inbertsio eta Merkataritza agentzia.
    • Flandria Bisitatu agentzia.

    Flandriako Gobernuan ere, “in foro interno, in foro externo” printzipioa aplikatu da. Horrek esan nahi du ministro bakoitzak Europako eta nazioarteko ekimenetan erabakitzeko ahalmena duela, bere erantzukizunen barnean. Berdin gertatzen da Gobernuko askotariko sail eta agentzietan. Beraz, ikuspegi koherenteago baten premia dago. Atzerri Gaietako ministroak Flandriako Gobernu barneko nazioarteko politikaren koordinazioa hoberentzen du, eta atzerriko ordezkaritza diplomatikoentzako lehen harreman puntua da.

    Lege Testuinguru eta Oinarriak: Buruz buruko egituraketa, ez hierarkikoa.

    Flandriak eskumen nabarmenak ditu nazioarteko mailan. 

    Belgikako Konstituzioak gobernu federalaren eta gobernu azpifederalen arteko buruz buruko egituraketa gaitzen du, hierarkiaren ordez. 1993ko Konstituzio Zuzenketak “in foro interno, in foro externo” printzipioa sartu zuen (Belgikako Konstituzioko 167. artikulua). Testuinguru horretan, horrek esan nahi du gobernu guztiek barne gaietan bezala dutela kontrola kanpo gaietan ere. Estatu federatuei 1993tik eskumenak lagaz izan diren aldaketa mamitsuak kontuan hartuz, printzipio horren garrantzia ez da txikia. Flandriak barne jurisdikzioa duen arlo guztietan parte hartzen du nazioartean, adibidez, ekonomia, enplegu, ingurumen, nekazaritza, mugikortasun, lan publiko, hezkuntza, kultura eta osasun politikan. Flandriak lotesleak diren nazioarteko itunak ixteko eskubidea du arlo horietan, eta ordezkari diplomatikoak izenda ditzake atzerrirako. Agintaritza hori Flandriako Gobernura zabaltzen da. Ministro bakoitza bere ministerioaren eskuduntzetan sailkatzen diren barne, europar eta nazioarteko ekimenen arduraduna da. Berdin jokatzen dute sail eta agentziek. Atzerri Gaietako Sailak, adibidez, nazioarteko politikaren koherentzia ikuskatzen du, eta askotariko politika arloen arteko koordinazioaren arduraduna da. Gainera, atzerriko enbaxada eta ordezkaritza diplomatikoentzako lehen harreman puntua da.

    Itun Legea praktikan

    Flandriak hirugarren herrialdeekin edo nazioarteko erakundeekin itxi ditzake   itunak.

    Atzerri Gaietako Sailaren webgunean Flandriarekin egindako ehunka itunen zerrenda bat agertzen da (gainera, bilaketak herrialdeka eta gaika egiteko iragazki eroso bat du): https://www.fdfa.be/ en/treaties-and-mous

    Adibide gutxi batzuk:

    Europako Kontseiluaren Ituna, sexu esplotazio eta sexu abusuaren kontrako haurren babesari buruzkoa.

    • Scheldt itunak.
    • Flandriar Komunitatearen eta Herbehereen arteko hitzarmena, hirugarren hezkuntza mailako programak egiaztatzeari buruz.
    • Hondakin arriskutsuen mugaz gaindiko mugimenduen kontrol eta haien isurketari buruzko Basileako hitzarmenari egindako zuzenketa.
    • Hirugarren herrialdeekiko kultura lankidetzarako itunak.
    • Zergapetze bikoitzei buruzko itunak. Estatu federatuek, eskumen esklusiboak (“itun esklusiboak”) dituzten gaietan itunak ixtean, gobernu federalari formalki jakinarazi behar diote. Hori egiteko, Atzerri Politikako flandriar ministroak gutun bat bidali behar dio Atzerri Gaietako ministro federalari.

    “Itun mistoak” estatu federatuak zein gobernu federalak, biek, zati batean eskumenak dituzten gaiei buruzkoak dira. Gobernu federalaren, komunitateen eta eskualdeen arteko 1994ko Lankidetza Hitzarmenak itun mistoak sinatzeko arau zehatzak ezartzen ditu. Atzerri Gaietako Ministerio Arteko Konferentzia (ICBB) topagune bat da, maila federalak eta estatu federatuek elkarrekin atzerri politika kontsulta dezaten. Erakunde horrek hitzarmena mistoa den edo ez erabakitzen du, Itun Mistoen Lantaldearen aholkuetan oinarriturik.

    Itunak lotzeko, urrats hauexek eman behar dira: negoziazioa, sinatzea, dagozkion aholku kontseiluei galdetzea, parlamentuaren onarpena eta berrespen eta promulgazioa. Flandriako Gobernuak prozesu horretako urrats bakoitza onartu behar du. Itunak Flandriako Parlamentuaren babes dekretu baten bitartez onartzen dira Flandriako legeetan. EBren itunak, adibidez, EB-Kanada [CETA] Merkataritza Askeko Hitzarmena, Flandriako Parlamentuak eztabaidatu eta onartu behar ditu ere. Giza eskubideen gaineko itun batzuetako sinatzaile den aldetik, Flandriak maiztasunez ematen du itun horiek gure barne politikan duten betetze mailaren berri.

    Maila federaleko barne lankidetza hitzarmenak  

    Flandriak, gainera, eskumen osoak ditu EBri begira. 1992an indarrean sartutako Maastrichteko Itunak EBko Ministro Kontseiluan parte hartzeko ahalmenak ematen zizkien flandriar ministroei hainbat gaitan, adibidez, ingurumen, hezkuntza, kultura edo arrantzan. 1994ko Lankidetza Hitzarmen batean, estatu federalak, komunitateek eta eskualdeek EB mailako ordezkaritzarako prozesu eta baimenak berretsi zituzten. Hitzarmenak EBko Ministro Kontseiluan ordezkatzeko sei kategoria zehazten zituen, ordezkaritza federal esklusibotik hasiz (adibidez, kontseiluaren eraketa justizia eta barne gaietan) estatu federatuen ordezkaritza esklusiboraino (adibidez, hezkuntza edo kultura kontseiluetan), bitartean askotariko mailakatzeak egonik. Dena den, EBko Lankidetza Hitzarmen hori zaharkiturik geratu da. Presazko eraldaketak behar ditu, Belgikan eta Europan azken 25 urtean izan diren aldaketa instituzional garrantzitsuak islatu ditzan, batez ere Lisboako Itunetik (2009) eta 2011ko Belgikako estatuaren erreformatik. EBren Lankidetza Hitzarmenaz gain, antzeko maila federaleko barne lankidetza hitzarmenak daude gobernu federalaren eta estatu federatuen arteko akordioak arautzeko. Gai hauexek estatu federatuetako ordezkari diplomatikoen ardura dira: nazioarteko erakundeetako ordezkaritza, prozedurak eramateko modua, eta atzerriko inbertsioa erakartzea.

    Atzerri Gaietako Sailaren politika markoari buruzko ARGIBIDE GEHIAGO izateko (araubideak, lankidetza hitzarmenak, estrategiaren gaineko oharrak, koalizio hitzarmena eta politikari buruzko oharrak), hemen begira daiteke: https://www.fdfa.be/en/policyframework

    Interesa duenak, hau irakur beza: www.fdfa.be