FLANDRIAR INDEPENDENTISMOA, GORA

    Argazkia: Debating Europe

    Flandriako Parlamentuko hauteskundeak ospatu ziren maiatzaren 26an, Europako hauteskundeekin batera. Emaitzek alderdi independentista flandriarren gorakada baieztatu zuten: orain, lehenengo aldiz, gehiengo osotik gertu daude, eserlekuen %45a eskuratu baitute.

    XX. mendearen hasieran agertu zenetik nazionalismo flandestarrak gero eta eragin handiagoa izan du Belgikako politikagintzan. Hasiera batean aldarrikapen linguistikoak egitera mugatu bazen ere (garai hartako Belgikan nederlanderazko hiztunek frankofonoen nagusitasuna pairatu behar zuten), XX. mendearen erdialdetik aurrera eduki politikoagoa hartu zuen, eta azken 30 urteotan, jarrera federalistetatik independentistetaraino jauzi egin du.

    N-VA zentro eskuineko alderdi independentista izan da bozkatuena (35 eserleku Flandriako Parlamentuan), baina 8 eserleku galdu ditu. Alderdi horrek parte hartu du Belgikako azken gobernu federalean, eta boto-emaile independentista batzuek ez diote hori barkatu, antza. Aitzitik, beste alderdi independentistak, Vlaams Belang-ek (eskuin muturrekoak) 17 eserleku irabazi ditu (23 ditu orain), eta parlamentuko bigarren indar bihurtu da.

    Independentismo flandriarrak, horrenbestez, 58 eserleku dauzka 124ko parlamentuan.

    Garai batean indar asko zuten kristau-demokrata flandestarrak hirugarren indar izatera pasatu dira, eta horien atzean liberalak, berdeak eta sozialistak gelditu dira. Aipatutako alderdi guztiak flandriarrak dira (berdeak izan ezik), Belgikan liberalak, sozialistak edo kristau-demokratak bitan zatituta daudelako (frankofonoak, alde batetik, eta nederlanderadunak, bestetik; azken hauek dira parlamentu flandestarrean ordezkaritza dutenak).

    Independentista izan arren, Flandriako alderdi nagusiak (N-VAk) ez du momentuz autodeterminazio-erreferendumik eskatzen. Eredu konfederala galdegiten du Belgikarako, zeinean Flandriak eskumen ia esklusiboak kudeatuko lituzkeen (tartean, Hego Euskal Herrikoak bezalako eskuduntza fiskalak).

    Proposamen hori gero eta onartuago dago alderdi politiko flandestar guztien artean, independentista ez direnek ere uste dutelako Belgikako estatua baturik mantentzeko (urte batzuk gehiago bada ere) aukera bakarra dela. Kontuan hartu behar da helburu horretarako Belgikak sei estatu-erreforma handi egin dituela 1970etik. Zazpigarrena ikusiko ote dugu aurki?

    Deigarria da, bestalde, ezkerreko abertzaletasunaren ahulezia Flandrian. Ezkerreko independentismoak ez du ordezkaritzarik Flandriako parlamentuan.

    Azken urteotan koalizio gobernu bat egon da Flandrian, N-VAk (independentista), CD&Vk (kristau-demokrata) eta OPEN VLDk (liberala) osatua. “Formula bera errepika liteke orain, zenbakiek aukera ematen dutelako” esan dio NAZIOGINTZAri Bernard Daelemans MEERVOUD aldizkari independentistaren erredaktore­‑buruak. Vlaams Belang eskuin muturrekoek aukera gutxi dute gobernu horretan parte hartzeko, gainontzeko alderdi guztiek (baita N-VAk ere) alderdi hori baztertzen dutelako. Hala ere, Vlaams Belang-en gorakada aintzat hartu dute batzuek. “Belgikako erregek berak, lehenengo aldiz, eskuin muturreko alderdiaren presidentea bere jauregira gonbidatu du” diosku Daelemans-ek. “Horrek frankofonoen amorrua eragin du

    Epe laburrean, antza, konfederazioa da Belgikaren batasunari eusteko dagoen modu bakarra. Urtez urte independentismoaren indarra gora doalako Flandrian. Estatuaren erreforma berriak, dena den, konstituzioaren aldaketa behar du, eta horrek gehiengo oso kualifikatuak eskatzen ditu parlamentu federalean (bertan frankofono eta flandriar unionistek gehiengo zabala dute). Zer gertatuko da? Gertatzen dena gertatzen dela, Katalunia eta Eskoziarekin batera Flandria da epe laburrean Europako mugak aldatzeko aukera gehien dituen nazioa.