IRAKEKO KURDISTAN, INDEPENDENTZIATIK GERTUAGO

    Irakeko gobernua aurka egon arren, mendebaldeko potentzia nagusiek kontrako iritzia eman arren, eta Estatu Islamikoaren aurkako borrokan buru-belarri murgilduta jardun arren, Irak barruko Kurdistango gobernuak bere hitza bete eta autodeterminazio-erreferenduma antolatu zuen aurreko irailaren 25ean.

    Nahi al duzu Kurdistango lurraldea (Irakeko Gobernu Autonomoarena) eta eskualde honetatik kanpoko Irakeko toki kurduak estatu independente bihurtzea?” galderari herritarren %92ak baietza eman zion, parte hartzea %72a izanik.

    2005ean beste erreferendum bat egin zen lurralde hartan, gizarte zibilak antolatuta. Independentziaren aldeko portzentajea %97a izan zen, baina loteslea ez zenez (gobernuak ez baitzuen antolatu) bere legezko balioa hutsaren hurrengoa izan zen.

    Oraingo honetan, aldiz, Massud Barzani presidentearen alderdiak (Kurdistango Alderdi Demokratikoa, kontserbadorea eta independentista) herri-kontsulta bultzatu du, Kurdistango Batasun Abertzale (progresista eta independentista) alderdiaren sostenguarekin. Bi alderdi horiek gehiengo osoa dute Erbilgo Parlamentu autonomoan.

    Irakeko Kurdistanek autonomia zabala du 2005etik. Kurdistango eremu osoan, Irakeko kurduak dira autonomia politiko gehien dutenak, Parlamentu eta guzti. Halere, autonomia hori sarritan errespetatu eta garatu ez izana leporatu diote Irakeko gobernu zentralari.

    Erreferenduma bi eremutan burutu da: Kurdistango Probintzia Autonomoan (Erbil hiriburua) eta Irakeko beste eremu kurduetan ere, gaur egun armada kurduak (pexmergak) Estatu Islamikoa kanporatu ondoren kontrolatzen dituenetan (petrolioa ugari duelako oso aberatsa den Kirkuk inguruko eskualdean, adibidez, eta Ninive eskualdean ere bai, besteak beste). Probintzia Autonomotik kanpoko leku kurdu horiek dira, hain zuzen ere, gatazka gehien sortu dutenak. Hor, kurduez gain, beste etnia batzuetako herritarrak ere badaude (arabiarrak eta turkmeniarrak), erreferendumaren eta independentziaren aurkakoak. Nahiz eta eremu horiek ofizialki Irakeko Kurdistango Probintzia Autonomotik (KPA) kanpo egon, Irakeko konstituzioak baimentzen du, haietako herritarrek hala erabakiz gero, KPArekin bat egitea (gure Nafarroaren antzeko estatusa dute).

    Independizatu nahi duen Kurdistango Probintzia Autonomoa Irakeko eskualde aberatsena da, eta Estatuko pobrezia-tasa txikiena duena. Bertako kurduek tratu txarrak jaso dituzte sarritan Iraketik, bortitzena Sadam Hussein diktadorearen garaian (milaka kurdu hil zituen arma kimikoak erabiliz). Haien ustez Irakek ez ditu inoiz begi onez ikusi, eta gaur egungo autonomiaren arauak askotan ez ditu bete.

    Mendebaldeko potentziak (AEB, Frantzia, Alemania…) autodeterminazio-erreferendumaren kontra azaldu ziren, haien ustez estatu kurdu berri bat sortzeak Estatu Islamikoaren aurkako borroka ahuldu lezakeelako. Baina oposiziorik handiena, Irakez gain, Turkiatik eta Iranetik etorri da, estatu horiek ere, beren eskubide nazionalak aldarrikatzen dituzten gutxiengo kurduen lurralde esanguratsuak dituztelako.

    Ulergaitzagoa da, ordea, Turkiako PKK alderdi kurdu indartsuaren jarrera: ez du ontzat ematen estatu kurdu bat Iraken. Arrazoi horren atzean alderdi kontserbadore batek prozesu independentista abiatu izatea egon daiteke (gogoratu PKK sozialista iraultzailea dela). Edo Irakeko gobernu kurduak historikoki Turkiako kurduen borroka laguntzeko erakutsi duen interes eskasa.

    Nolanahi ere, erreferendumaren ostean Turkia eta Irakeko armadek maniobra militarrak hasi dituzte Irakeko Kurdistan lurraldeko mugetan. Era berean, Iranek eta Turkiak blokeo ekonomikoaren mehatxua bota diote Massud Barzanik zuzentzen duen herrialde kurduari. Presidente kurduak dei egin dio Irakeko gobernuari mehatxuak alboratzeko eta negoziazioaren atea irekitzeko. Eskaera horrek, baina, ez du orain arte arrakastarik izan, eta Irakek ez du bere mezua aldatu.

    Siriako gobernuak, aldiz, jarrera irekiagoa azaldu du eta prest agertu da Irakeko kurduekin negoziatzeko, beti ere Estatu Islamikoaren aurkako borroka ez ahultzeko baldintzarekin.

    Irakeko Kurdistanek ez du itsasorik, eta horrenbestez bere baliabide naturalak esportatu ahal izateko beste herrialde batzuen laguntza behar du; haien oliobideena, esaterako, Turkia eta Irak zeharkatu behar baititu petrolioak.