KATALUNIA AUKERA BERRI BATEN AURREAN

    Argazkia: Economía-Digital

    Aurtengo otsaileko hauteskundeek independentismoa sendotu dute Katalunian. Lehenengo aldiz, hiru alderdi independentisten (ERC, JuntsxCAT eta CUP) artean, botoen %50eko langa, gutxigatik bada ere, gainditu egin dute (%52). 135 eserleku dituen katalan parlamentuan ERCk 33 ordezkari lortu ditu, JuntsxCAT-ek 32 eta CUPek 9. Gehiengo erosoa dute, nahi izanez gero, prozesu independentistari beste bultzada bat emateko.

    Hiru urte eta erdi igaro dira 2017ko urriaren 1etik, Kataluniak autodeterminazio-erreferenduma gauzatu zuenetik. Erreferendum hartan independentziaren aukera gailendu zen, emandako botoen %92rekin. Espainiako gobernuak erreferenduma debekatu arren eta bera galarazteko indarkeria eta errepresioa erabili arren, parte-hartzea %43koa izan zen.

    Erreferendumaren ondoren gertatutakoa ezaguna da: Espainiako epaileek Kataluniako gobernuko eta Parlamenteko kide batzuk espetxeratu egin zituzten, eta beste batzuek, erbesteko bidea hartu behar izan zuten kartzela saihesteko. Kataluniako autonomia ezabatu ondoren, Espainiako gobernuak, hiru hilabeteren buruan, Generalitateko kontrola hartu eta hauteskunde berriak antolatu zituen. Hauteskundeen ondoren gobernu berri bat osatu zen 2018ko maiatzean.

    Gobernu berri horrek, praktikan, ez du aurrerapausorik eman azken hiru urteotan independentziaren prozesuan. Are okerrago dena, gobernu horretako bazkideen (JuntsxCAT eta ERC) arteko liskarrek eta desadostasunek hauteskundeak aurreratzea ekarri dute, Kataluniako presidentea (Quim Torra), Espainiako epaileek desobedientziagatik kargugabetu ondoren.

    Kale itsu batean dago gaur egun Kataluniako prozesu independentista gure ustez. Egia bada ere azken urtebetean pandemiak desmobilizazio orokorra ekarri duela, 2017an Katalunian zeuden ilusio eta indar haiek, hein handi batean, ahuldu eta apaldu egin dira eta hori oso kezkagarria da.

    Izan ere, kontuan hartzekoa da horrelako prozesu batean, aurreratu ezean, frustrazioa eta ezinegona ager daitezkeela, eta denboraren joanak egoera okertzea besterik ez duela eragiten. Bederatzi urte igaro dira prozesu independentista abiatu zenetik, eta oso zaila da etengabeko ilusioari eta mobilizatzeko gaitasunari eustea sortutako itxaropenak betetzen ez direnean.

    Bestalde, alderdi independentisten jokaerak ez dio lagundu nazio-askapenaren prozesuari. Haien arteko ika-mikak eta ezin ikusiak deitoragarriak dira, eta badirudi, interes gehiago dutela lidergo politikoan Kataluniako independentzian baino (esanguratsua da, esaterako, artikulu hau idazteko orduan, hauteskundeetatik bi hilabete baino gehiago igaro direnean, ez direla gai izan akordio batera iristeko presidente berria aukeratzeko). Batasuna ezinbesteko baldintza da prozesu independentista bat gauzatuko bada, are gehiago gehiengo independentista, nagusia izan arren, oso zabala ez denean.

    NAZIOGINTZAren ustez soilik gobernu sendo eta batu batek, desobedientzia zibil masiboa ondorio guztiekin bultzatzeko prest dagoenak, lor dezake egungo “impassea” desblokeatzea eta nazioarteko arreta erakartzea, gatazkaren dimentsioa areagotzen bada. Izan ere, nazioarteko komunitateak ez du Kataluniako gatazkan esku hartuko gatazka politikoak gaur egun duen intentsitate baxuari eusten badio. Herritarren mobilizazio masiboek, baketsu baina irmoek, eta gobernu katalanaren ausardia politikoak soilik lortuko dute nazioarteko bitartekaritza erakartzea, funtsezkoa dena Espainiako gobernua mahai batean autodeterminazioa negoziatzera eserarazteko . Hori da irtenbide bakarra. Euskaldunok ondo baino hobeto dakigu Espainiak ez duela inoiz bere borondatez negoziatuko Euskal Herriaren edo Kataluniaren autodeterminazioa.

    Azkenik, gure ustez 2017ko urriaren 1ean egindako erreferendumaren irakaspen orokorra eta horrek suposatzen duen ondare politikoa ezin dira historiaren zaborrontzira bota, nazioartean legitimazio-tresna oso garrantzitsua baita noranahirako.