KORSIKA, BERRIRO SUTAN

    Argazkia: France3-Corse

    Korsikako gatazka politikoa sumendi baten jardueraren antzekoa da: hilabeteetan edo urteetan hilik egon ostean, bere gordintasun osoz lehertzen da berriro unerik susmagaitzenean. Eta hori gertatu da orain, Yvan Colonna presoak eraso larria (hil zorian dago) jasan ondoren.

    Yvan Colonna, preso independentista, biziarteko kartzela-zigorra betetzen ari da 2003tik. Claude Erignac Korsikako prefetaren erailketa egotzi zion auzitegi frantses batek, berak bere errugabetasuna beti ozen aldarrikatu arren. Korsikar nazionalismoak, gaur egun uhartean hegemonikoa denak, beti errepikatu du euskaldunok oso ongi ezagutzen dugun eskaera bera: Colonna eta beste preso politikoen hurbilketa Korsikako espetxeetara (Frantziako presondegietan baitaude). Frantziako kolore guztietako gobernuek, baina, errefusatu egin dute beti korsikar nazionalismoaren aho bateko eskaera hori.

    Martxoaren hasieran pairatu zuen Colonnak preso jihadista baten eraso larria, Arles-ko (Okzitania) presondegian. Gilles Simeoni Colonnaren abokatuak eta Korsikako Kontseilu Exekutiboko lehendakariak (Femu A Corsica) gogor salatu zuen erasoa: “korsikar presoak Korsikako kartzeletara hurbildu izan balira, drama hau saihestuko zatekeen”, esan zuen Simeonik.

    Colonnari egindako erasoa, Korsikako egoera suharbera  piztu duen ustekabeko txinparta izan da. Albistea hedatu bezain laster, manifestazioak eta istiluak izan dira uharteko hiri nagusietan. Lau alderdi abertzale nagusiek (Femu A Corsica, Partitu di a Nazione Corsa, Corsica Libera eta Core in Fronte) gogor salatu zuten erasoa, eta horietako bik (Corsica Libera eta Core in Fronte independentistek) bat egin zuten manifestazio handienen lemarekin: “Statu francese assassinu”.

    Martxoaren 6ko manifestazio jendetsuan, Cortin, milaka lagunek, ikasleek batik bat, Frantziako gobernuaren jarrera biziki salatu zuten. Martxoaren 9an, hainbat gazte independentistak su eman zioten Ajaccioko Justizia Jauregiari. Eta martxoaren 13an Bastiako kaleek azken urteetako manifestazio jendetsuena ikusi zuten, alderdi politikoek, sindikatuek, unibertsitateak, ikasleek eta beste eragile batzuek deitua. Istilu larriak egon ziren Frantziako prefeturaren aurrean.

    Preso politiko korsikarrekiko Frantziak erakutsi duen jarrera itxiak eta ankerrak korsikar nazionalismoaren behin-behineko batasuna eragin du, eta baita korsikarren mobilizazio jendetsuak ere. Abertzaleen eskaera nagusiak, lotan zeudenak, mahai gainean jarri dira berriz ere: autonomia-estatutua, korsikar hizkuntzaren ofizialtasuna, presoen hurbilketa eta egoiliar estatusa. Frantziako gobernuak, eskaera horiei  beti bizkarra eman dienak, eutsiko al dio oraingoan uharteko kaleko presioari?