PERPINYÀKO ALKATE BERRIA, IKUR KATALANEN AURKA

    Argazkia: Amics de la Bressola

    Marie Le-Penen eta Rassemblement National eskuin muturreko alderdiaren hautagaiak, Louis Aliotek, 2020ko Perpinyàko udal-hauteskundeak irabazi zituenean, Ipar Kataluniako katalanistek ez zuten ezer onik iragarri. Perpinyà izan zen muturreko frantziar nazionalistek estatu osoan berenganatu zuten hiri bakarrenetakoa, eta Aliotek laster erakutsi zuen Frantziari buruz duen ideia oso urruti dagoela bertako  katalanisten iritzietatik.

    Hiru izan dira bere agintaldi laburrean katalan abertzaleen amorrua piztu duten alkate berriaren erabakiak:

    1.- Hiriaren logotipoa aldatu zuen. Udaletxeko agiri guztietan agertzen den logoa, hain zuzen ere. Aurreko logotipo katalanista (“Perpignan la catalane”) kendu eta berria ezarri du (“Perpignan la rayonnante”). Gogor kritikatu zuten talde katalanistek bere lehenengo erabaki hori.

    2.- Hiriaren errotulu elebidunak kentzen hasi zen, bereziki hiriaren sarrerakoak, frantses hutsezkoak utziz. Modu diskretuan eta zarata handirik gabe, hiriko elebitasunaren aurka maltzurki jokatuz.

    3.- Bere hirugarren erabakia izan da, zalantzarik gabe, aurkako erantzun gogorrena eragin duena: Ipar Kataluniako “Bressolak” (katalan hutsez irakasten duten eskolen sarea, Ipar Euskal Herriko Seaskaren antzekoa) Perpinyà hirian eraiki nahi zuen kolegio eta lizeo berriaren asmoa bertan behera utzi du Aliotek, hasiera batean aldeko jarrera agertu arren. Perpinyàkoak izan behar luke “Bressolaren” bigarren kolegioa (sareak kolegio bakarra baitu Ipar Katalunian, une honetan), eta arduradunek udalari esana zioten komentu zahar abandonatu bat erosi nahi zutela (*). Udalak bere aldekotasuna -hasiera batean-  adierazi arren, azken unean aipatutako komentua erosi du, Bressola eraikin gabe utziz. Katalan hizkuntzaren aurkako azpijoko zikinaren erakuslea.

    Alkatearen trikimailu honek sutan jarri ditu hizkuntza katalanaren alde jarduten duten erakundeak. Bressolaren aldeko manifestazio jendetsua ikusi zuten Perpinyàko kaleek urriaren 23an. Artikulu hau argitaratzeko orduan, 12.000 sinadura baino gehiago bilduta zeuden Ipar Katalunian alkatearen erabakiaren aurka eta Bressolaren alde.

    “Aliotek kutsu katalanista duen edozein ekimen edo erakunde independentismoarekin lotzen du, maltzurki” esan dio NAZIOGINTZAri Ramon Faura Ipar Kataluniako ekintzaileak, “Angelets de la Terra” erakundearen lehendakariak. “Katalan independentismoaren aurkako frantziar arietea izan nahi du, eta horrek eramaten du hemengo hizkuntza eta kulturaren aurkako jarrera negatiboa hartzera”.

    Frantziar jakobinismoak frantsesak ez diren hizkuntzak eta identitateak baztertu eta mespretxatu egin ditu azken 200 urteotan. Orain, muturreko eskuin frantsesak are urrunago eraman nahi du bazterketa historiko hori eta Perpinyà da horren lekuko.

     

    (*) Ipar Kataluniako Bressolak 1.100 ikasle ditu, lehen hezkuntzako 8 eskoletan. Kolegio bakarra dauka, 80 ikaslerekin. Ipar Kataluniako lehen hezkuntzako ikasleen %2k katalan hutsez ikasten du. (Ipar Kataluniako populazio osoa: 457.238 biztanlekoa da)