NORTASUNAZ, EUSKALDUNTASUNAZ

Jon Azkoaga

2023-10-27, BERRIA.

Gizakiok izaki sozialak gara eta taldearen beharra dugu bizirik irauteko. Gizabanakoa garrantzitsua bada ere, ez da ezer gainerakorik gabe. Gizabanakoz gizabanako osatzen da komunitatea. Sarritan, ez gara soilik komunitate bakarraren parte, talde askotako parte baizik. Eta, aldi berean, gutako bakoitzak komunitate horiek sortzen laguntzen dugu. Beraz, identitate kolektiboaren sorreran parte hartzen dugu norbanakook.

Identitate kolektiboa harreman sozial eta kulturalen ondorioa da, komunitatean izaten diren hartu-emanen emaitza. Interakzio horiek guztiek Gutasunaren eraikuntzan garrantzi handia dute.

Beraz, identitatea sozialki eraikitzen den zerbait da. Gutasuna ematen diguna. Nor garen zehaztuko duena. Eta gizakiok eraikitzen dugunez, ordezkatu ere egin dezakegu. Beraz, kolektiboaren identitatea sortu eta landu beharreko kontua da. Sinboloak, ezaugarriak, hizkuntzak, moduak edo tradizioak komunitateak beharrezkoa duen nortasuna garatzen laguntzen dute. Horiek landu ezean, ordezkatu egingo dira. Ordezkapen kulturala gertatuko da: asimilazioa.

Futbolaren adibidea aipatzeko modukoa iruditzen zait. Gero eta gaztetxo gehiago ikusten ditut Paris Saint Germain, Bayern Munich, Real Madril edo Manchester Cityren kamisetekin. Realeko, Osasunako, Alaveseko edo Athleticeko kamisetak jada ez dira hain ohikoak Hego Euskal Herriko plaza eta eskoletan. Pertsona batzuek Euskal Herriko taldeak alboratu eta atzerriko beste hainbat besarkatu dituzte. Beraz, pertenentzia sentimendua aldatu egin da. Gaztetxo horiek ez dute beren burua bertako taldeekin identifikatzen eta atzerrira jo dute identifikazio bila, nortasun bila.

Euskalduntasunarekin ere antzeko fenomenoa gertatzen ari dela uste dut. Esango nuke gero eta jende gutxiago identifikatzen dela euskalduntasunarekin, eta gero eta gehiago atzerriko ezaugarriekin. Gure markoa ere, mundua nondik eta noraino ikusten dugun, aldatzen ari dela iruditzen zait.

Euskalduntasunak, euskalduntasunaren iruditeriak, euskalduntasunaren markoak ez ditu garai oparoenak bizi. Pertenentzia sentimendua ahuldu egin da eta horren ordezkoek hartu dute indar handiagoa. Futbolaren adibidea aipatu dut gorago, baina beste askotan ere agerikoa da ordezkapena. Mundu digitaleko aplikazio sorta zabalean gutxienekoa da euskaldunon sorkuntza eta erreferentzialtasuna. Bertako eduki sortzaileak badaude ere, euskalduna ez den beste marko baten arabera egiten dute haien ekoizpena. Gurea alboratzen, gureari unibertsaltasuna ukatzen eta ordezkatzen ari gara.

Gainera, gizakiok berezkoa dugu zerbaiten/norbaiten parte sentitzea. Komunitatetik at gizakiok ez dugu izaterik, eta etengabe bilatuko dugu kolektiboaren onarpena: nor izan. Bestela, gureak egingo du. Horrexegatik, ordezkapen kulturala gerta daiteke, bata ez bada bestea izango delako. Euskalduntasunik ez bada, beste batzuk izango direlako.

Nortasun kolektiboa, gainera, bada gizakion ongizaterako gakoetako bat. Pertenentzia sentimendua oso da garrantzitsua gizakiok orekan bizi gaitezen. Kolektiboaren parte ez izateak pertsonoi zuzenean eragin diezaguke. Izan ere, gizakiok animalia sozialak gara eta kolektiboa behar dugu bizirauteko. Bakardadean ez baikara bizirik irauteko gai.

Eta euskalduntasunak, nortasun kolektibo gisa, berebiziko garrantzia izan lezake pertsonen ongizate emozionalean. Identitatea Gutasuna da, zerbaiten parte izaten laguntzen diguna: nor garen.

Euskalduntasuna sustatzea interesgarria litzateke ordezkapen kulturalik eman ez dadin eta pertenentzia sentimendua indartu dadin, guztiok barnebilduko gaituen euskalduntasuna. Gure etxea.