AUTODETERMINAZIOA, NAZIO GUZTIEN ESKUBIDE UNIBERTSALA (1. ZATIA)

Argazkia: 20minutos

AUTODETERMINAZIOA NAZIOARTEKO ORDENAMENDU JURIDIKOAN

Nazio Batuen Erakundeak autodeterminazioaz eman dituen ebazpen nagusiei buruz iritzi kontrajarriak irakurtzen ditugu askotan. Hori dela eta, iritzi ezberdin horien atzean egon daitezkeen arrazoiak aztertu ditugu lan honetan eta, hasteko, Nazio Batuen Erakundeak autodeterminazioaz plazaratu dituen dokumentuak sarritan oso koherenteak ez direla ohartuko gara. Esaterako, egia da testu batzuetan NBEk autodeterminazio-eskubidea koloniei dagokiela esaten duela, baina beste testu batzuetan ez ditu koloniak aipatzen. Ikus ditzagun gai honetaz NBEk emandako ebazpen nagusiak:

1.- 1960ko 1514. Ebazpena: “Herriak atzerriko azpiratze, menderatze eta esplotazio baten mende egoteak oinarrizko giza eskubideen ukapena dakar, Nazio Batuen Gutunaren aurkakoa da eta kolokan jartzen du bakearen eta munduko lankidetzaren kausa”.

Ebazpen horrek ere, Kolonialismoa bere forma eta agerpen guztietan azkar amaitu behar dela aldarrikatzen du modu solemnean.

Ebazpen osoa, hemen (ingelesez):

https://www.un.org/ga/search/view_doc.asp?symbol=A/RES/1514(XV)

2.- 1960ko 1541. Ebazpena: Ebazpen honek dio Autodeterminaziorako eskubidea duela hura administratzen duen herrialdetik geografikoki bananduta dagoen lurraldeak, haren alderdi etniko edo kulturaletan desberdina denak.

Badirudi autodeterminazioa “ur gaziaren printzipio” delakoak zuzentzen duela. Alegia, itsaso bat egon behar duela koloniaren eta metropoliaren artean. (Baina Kanariar uhartediaren kasuan, edo Madeiran edo Korsikan ez da hori aplikatzen).

Ebazpen osoa, hemen (ingelesez):

https://en.wikisource.org/wiki/United_Nations_General_Assembly_Resolution_1541

3.- Herrien askapenerako beste dokumentu garrantzitsu bat 1966ko NBEren ESKUBIDE ZIBIL ETA POLITIKOEN NAZIOARTEKO ITUNA da.

Lehenengo Ataleko lehen Artikuluak honela dio:

Lehenengo Artikulua:

a) Herri guztiek daukate autodeterminazio-eskubidea. Eskubide hori dela medio, libreki erabaki behar dute beren estatus politikoa eta libreki bilatu behar dute beren ekonomiaren, gizartearen eta kulturaren garapena.

b) “Nazioarteko zuzenbidean eta elkarren mesedetan oinarritutako nazioarteko  lankidetza ekonomikotik ondorioztatzen diren betebeharrei izkin egin gabe, herri guztiek libreki erabili ahal dituzte dauzkaten ondare eta baliabide naturalak beren helburuetarako. Inolako kasutan ere ezin zaizkio herri bati kendu biziraupenerako funtsezkoak dituen baliabideak.

c) Itun honekin bat egiten duten Estatuek, tartean Autogobernurik Gabeko Lurraldeak eta Fideikomisoak administratzeko ardura dutenak direla, autodeterminazio-eskubidea bultzatuko dute, eta eskubide hori errespetatuko dute, Nazio Batuen Gutunarekin bat etorriz.

Egia da, ikusi dugun bezala, 1960ko 1541. ebazpenak zera diola: Herriek bi irizpideren arabera autodeterminatzeko eskubidea dutela: A) desberdintasun etniko eta kulturalak dituztenean, eta B) koloniaren eta metropoliaren artean banaketa geografiko bat dagoenean. Baina goian agertzen den 1966ko Itunaren lehenengo artikuluak ez ditu bi irizpide horiek aipatzen.

Aipatu behar da espainiar estatuak NBEren 1966ko Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna berretsi zuela 1977an, eta bere BOEn txertatu (1977ko apirilaren 30ean). Era berean, Espainiako Konstituzioak, bere 10. eta 96. artikuluen bidez nazioarteko itun horiek ere bereganatu eta txertatu egin ditu bere ordenamendu juridikoan.

4.- 1970eko 2625. Ebazpena (1970eko urriaren 24koa).

a) “Gutunean jasotako eskubide-berdintasunaren eta Herrien erabaki askearen printzipioaren arabera, Herri guztiek dute beren izaera politikoa askatasunez eta kanpoko esku-hartzerik gabe zehazteko eta haien garapen ekonomiko, sozial eta kulturala lortzeko eskubidea. Eta estatu orok du eskubide hori errespetatzeko betebeharra, Gutunaren xedapenen arabera.”

b) “Estatu subirano eta independente bat ezartzeak, estatu independente batekin modu askean elkartzeak edo integratzeak (oharra: honek bi Alemanien batuketa prozesua ahalbidetu zuen), edo Herri batek libreki erabakitako beste edozein baldintza politiko eskuratzeak Herri horren autodeterminazioa gauzatzeko moduak dira”.

c) “Estatu orok ez du erabili behar indar-neurririk, Herriei autodeterminaziorako, askatasunerako eta independentziarako eskubidea kentzen dienik. Erabaki askerako eskubidea egikaritzeko helburuarekin indar-neurri horien aurka egiten duten egintzetan eta erresistentzian, Herri horiek laguntza eskatu eta jaso ahal izango dute, Nazio Batuen Gutunaren helburu eta printzipioekin bat etorriz”.

d) “Aurreko xedapenetako bat ere ez da ulertuko estatu subirano edo independenteen lurralde-osotasuna, osorik edo zati batean, urratzeko edozein ekintza baimentzen edo sustatzen duen zentzuan, baldin eta estatu subirano edo independente horiek lehen deskribatutako eskubide-berdintasunaren eta Herrien erabaki askearen printzipioarekin bat badatoz, eta, beraz, lurraldeko herri osoa ordezkatzen duen gobernu bat badute, arraza, sinesmen edo bereizketarik gabe”

Azken puntu honen esanahia nahasia da, gure ustez: ematen du estatuen lurralde-osotasuna babesten duela, estatuen zatiezintasuna, baldin eta estatu hori demokratikoa bada. Eta estatu horrek autodeterminazio-eskubidea errespetatzen baldin badu… Hori ez litzateke, bistan da, Frantziaren edo Espainiaren kasua.

Ebazpen osoa, hemen (ingelesez):

https://en.wikisource.org/wiki/United_Nations_General_Assembly_Resolution_2625

Honaino NBEren ebazpenak. Ebazpen nahasiak eta kontraesankorrak kasu batzuetan. Eta azken 30 urteetako gertakariek ezeztatuak. Esaterako, “ur gaziaren printzipioa” ez zen betetzen Lituania, Estonia, Letonia edo Esloveniaren kasuetan, besteak beste. Ez zegoen metropoliaren eta “koloniaren” arteko banaketa geografikorik. Eta estatu horiek autodeterminazioa gauzatu zuten eta independentzia eskuratu. Eta NBEko kideak dira egun.

Garbi dago estatu horiek desberdintasun etniko eta kulturalak zituztela metropoliarekiko; baina ez banaketa geografikorik, NBEren 1541. ebazpenak eskatzen zuen moduan. Beraz, “koloniaren” araua ez zuten betetzen. Halere, autodeterminazioa gauzatu zuten.

 

KANADA ETA QUEBEC. EREDU INTERESGARRIA GURETZAT:

Quebec-eko gobernuak independentziari buruzko bi erreferendum antolatu zituen, 1980an eta 1995ean. Bietan boto-emaileak independentziaren aurka agertu ziren (bigarrengoan gutxigatik: %50,58 independentziaren aurka eta %49,42 alde). Kanadako gobernuak ez zuen bere adostasunik eman bi erreferendum horiek burutzeko (besteak beste, galderarekin ados ez zegoelako), baina ez zituen debekatu. Horrenbestez, eta balizko hirugarren erreferendum baten aurrean, joko-arauak argitu nahi izan zituen, Kanadako Auzitegi Gorenari bere iritzia eskatuz eta geroago Argitasun Legea onartuz (2000. urtean).

Hiru dira Argitasun Legearen puntu garrantzitsuenak:

1.- Kanadako probintzia baten Independentzia bideratu ahal izateko erreferendum bat egin behar da, independentziari buruzko galdera argi batekin. Galdera hori adostu egin behar da Kanadako eta probintzia horretako gobernuen artean.

2.- Erreferendum horretan “gehiengo esanguratsu” batek independentziaren alde bozkatu beharko luke prozesuarekin jarraitu ahal izateko. Hala balitz, probintziako eta Kanadako gobernuak behartuta egongo lirateke independentzia-prozesu hori negoziatzera.

3.- Kanadako probintzia batek ezin du aldebakarreko independentzia aldarrikapenik egin.

Quebec-eko gobernuak ez zuen Argitasun Legea onartu, eta lege propio bat prestatu zuen horri erantzuteko. Hala, 2000ko abenduan “Loi sur l’exercice des droits fondamentaux et des prérrogatives su people québécois et de l’Etat du Québec” (99. Legea ere deitua) onartu zuen. Lege horrek, Lucien Bouchardek “Quebec-eko herriaren eskubide politikoen gutun” bezala deskribatu zuena, herrien autodeterminaziorako eskubidea azpimarratzen du, nazioarteko zuzenbide publikoaren pean.

Hiru dira 99. Legearen puntu nagusiak:

1.- Argitasun Legeak aipatzen duen “gehiengo esanguratsu bat” zehazten du 99. Legeak: nahikoa izango litzateke %50 gehi boto bat independentziaren erreferendumaren emaitza onartzeko.

2.- Quebec-eko Herriak modu askean bere estatus politikoa erabakitzeko eskubidea duela dio. Beste ezein parlamentuk edo gobernuk ezin du Quebec-eko Batzar Nazionalaren subiranotasuna murriztu

3.- Aldebakarreko independentziaren aldarrikapena baztertzen du.

Kanadako gobernuak 99. Legea auzitegietara eraman zuen. Behin betiko ebazpenik oraindik ez dago, baina 2018an Quebec-eko Auzitegi Nagusiak Argitasun Legea eta 99. Legea, biak, legezkoak zirela ebatzi zuen.

Kanadako Legeriak ez dio Quebec-i ahalmenik ematen bere kabuz autodeterminazio-erreferendum bat antolatzeko eta aldebakarreko independentzia debekatu egiten du. Baina adostutako erreferendum bati ateak irekitzen dizkio, eta gehiengo sinple batek independentziaren aldeko hautua egingo balu, Kanadako gobernua behartuta legoke negoziatzera.

Lekutan daude Frantzia edo Espainia jarrera demokratiko horretatik.

(JARRAITUKO DU)