EDITORIALA: EUSKARA POLITIZATU BEHAR DUGU

Argazkia: ELA

Euskararen politizatze/ez-politizatze eztabaida-gaia Naziogintza taldearen kezka izan da bere sorreratik. Asko eztabaidatu eta idatzi dugu horretaz, baina orain -artikulu honen bidez- zuzenean gaiari heltzea erabaki dugu.

Hasteko, “politizatze” kontzeptua argitu nahi dugu. Argi utzi nahi dugu politizatze hitza zentzu nazionalean erabiltzen dugula eta ez dugu nahi, inolaz ere ez, ezker/eskuin lehia politikoan parte hartzen duten eragileen artean geure burua sartzea edo talde politiko honekin edo harekin lerrokatzea. Gure lehia euren hizkuntza inposatzen diguten espainiar eta frantziar estatuekin da, ez besterik. Hizkuntz eta kultur “aniztasun” espainiarra/frantsesa dela medio edo indar-metaketa politikoa dela medio, azken urteotan Euskal Herria desnazionalizazio-prozesu kezkagarria pairatzen ari da, hainbatetan salatu dugunez (ikusi hemen: https://www.naziogintza.eus/herri-diagnostikoa-sintomak-arindu-ala-gaitza-sendatu/). Euskal kontzientzia nazionalaren higadura begi-bistakoa da, eta gure nazioa espainiar eta frantziar identitate-itsaso zabaletan urtzen ari da, bizkor-bizkor.

Asimilazio-prozesu horretan frantziar eta espainiar estatuak eskura dituzten tresna eta trikimailu guztiez baliatzen dira. Eta hizkuntza nazio baten zutaberik sendoena dela jakinda, euskara ahultzen saiatu dira beti, baina orain modu maltzurragoan: euskara debekatu beharrean, mende luzeetan egin duten moduan, euskara “despolitizatu” egin behar dugula esanez, euskarari bere karga politiko eta sinbolikoa kenduz, hizkuntza aseptiko (ez gatz eta ez berakatz) bihurtzen ahaleginduz .Komunikabide espainiarrak ez ezik, ugari dira gure nazioan bertan ditxosozko “euskara ez dela politizatu behar” errepikatzen diguten politikari, iritzi-emaile eta eragile zozo nahiz maltzurrak.

Bitxia da beren hizkuntzak politizatzen eta inposatzen dituztenek (Espainiako Konstituzioaren 3. artikulua argia da: estatuko biztanle guztiok espainiera ezagutu behar dugu; berdin Frantziako Konstituzioaren 2. artikulua) guri hizkuntza ez dela politizatu behar esatea. Gure hizkuntza-eskubideen bortxaketak nozitzen ditugularik, adibidez, esaten zaigu horrelakorik ez salatzeko publikoki, hizkuntza “politizatzen” dugula-eta. Euskararen “despolitizazioaren” diskurtsoak, bistan da, gure hizkuntza-otzantasuna bilatzen du.

Baina ez hori soilik. Euskara “des-ideologizatu” nahi dutenek ondo baino hobeto dakite hizkuntzaren atzean unibertso sinboliko eta kolektibo bat dagoela, kultur balio partekatu batzuk daudela, hitz batean Herri bat dagoela. Hizkuntzak munduan kokatzen gaituelako, eta euskaldun bezala kokatzen gaituelako. Izan ere, hizkuntza “gutasunaren” elementurik erabakigarriena da, nazio-nortasunarena, historiako epe luzeetan zehar, belaunaldiz belaunaldi transmititu baita gaurdaino. Gure hizkuntza “des-ideologizatu” nahi duten horiek jakin badakite euskarak norbanako-identitatea eta identitate kolektiboa ematen dizkigula: norbanako-identitatea, euskaldun egiten gaituelako, eta identitate kolektiboa, euskarak nazio egiten gaituelako. Euskarak izena eta izana ematen baitizkio Euskal Herriari.

Euskara “des-ideologizatu” gura dutenek, argi esanda, gure desnazionalizazioa besterik ez dute bilatzen: euskarari bere karga afektiboa erauzi behar zaio, “euskara/euskal nazioa” binomioa desegin egin behar da, eta gure hizkuntza aseptiko, neutral bihurtu, ingelesa edo esperantoa bailitzan, nongotasun-zentzu oro galduta. Horien arabera, Euskal Herriaren berezko hizkuntza, hitz batez, ez da Euskal Herriarekin gehiegi lotu behar…..

Horren aurrean, guk ozen aldarrikatzen dugu duen balio politikoa, identitarioa eta sinbolikoa eman behar zaizkiola euskarari. Euskara politizatu egin behar dugula, horrenbestez, nazio egiten gaituen funtsezko elementua delako.

Argi gera dadin: euskara ez da alderdi politiko baten edo ideologia zehatz baten ondare esklusiboa. Inondik inora ere. Baina horrek ez du esan nahi euskara despolitizatu egin behar dugunik. Hori baita, hain zuzen ere, euskal abertzaletasuna ahuldu nahi duten espainiar eta frantziar inperialisten helburua, eta euskaldun batzuek duten hizkuntza-kontzeptua “deskafeinatzeko” nahia.

Ondo baino hobeto dakite unionista espainiarrek eta frantziarrek euskaraz hitz egiten dugun bakoitzean geure nazio-identitatea agerian jartzen ari garela. Euskara ez politizatzeko eskaerak mezu subliminala dakar: ez lotu euskara eta identitatea, arriskutsua da. Horiek horrela, euskara (edo katalana edo galegoa) “des-ideologizatzeko” ahaleginean espainiarrek sarritan diote “hizkuntzak komunikazio-tresna hutsak” besterik ez direla. Hizkuntza periferikoak, jakina. Izan ere, haien hizkuntzaz hitz egiten dutenean espainiera da espainiar-hiztun guztiek partekatzen duten ondare preziatua, Hego Amerika eta Espainiaren artean kultur loturak eta lotura afektiboak sortzen dituena (urriaren 12a, “Hispanitatearen eguna”, horren lekuko; gauza bera esan liteke “frankofoniari” buruz). Baina ez, ondo dakigu guk hizkuntzak ez direla komunikazio-tresna hutsak. Hizkuntzak identitate kolektiboak sortzen dituzten funtsezko elementuak dira, haien hiztunen arteko kultur loturak eta lotura afektiboak eragiten dituztenak. Hizkuntzak komunikazio-tresna hutsak izango balira, gaur egun denok ingelesez hitz egingo genuke.

Berezko hizkuntza bat dagoen tokian, balizko nazio bat dago. Bere biztanleen kontzientzia kolektiboak, hizkuntzaz gain, nazio horren gauzatze-prozesua eragingo du. Beraz, hizkuntzaren osagai politikoa nabarmena da, eta horren oso jakitun dira euskarari bere karga politikoa kendu nahi diotenak.

Deitoragarria da ikustea esparru abertzaletik ere, sarritan lelo bera errepikatzen digutela: “euskara ez da politizatu behar”. Hori diotenek, normalean, ez dute euskaraz funtzionatzen. Euskara itxurak egiteko erabiltzen dute eta erdaretan eroso funtzionatzen dute inolako kezkarik gabe. Baina abertzale orok jakin beharko luke zein den hizkuntzaren garrantzia nazio baten bilakaeran, eta ohartu, Euskal Herriko ezaugarri nagusiena eta bereizgarriena, Espainiaren edo Frantziaren aurrean, bere hizkuntza, euskara, dela. Ebidentzia objektibo hori ezkutatu egin behar al dugu?

Horrenbestez, euskarari ezin zaio tresna-balio hutsa eman, gure ikastetxe askotan ematen zaion bezala. Ingelesari ematen zaion tratamendu bera, alegia. Ezinbestekoa da Euskal Herriko ikasle guztiek jakitea, euskara dela Herri honen identitate kolektiboaren zutabea, horrek dakartzan ondorio guztiekin. Esparru horretan ere, euskara “politizatu” egin behar da, arestian aipatu dugun zentzuan. Baina Hezkuntza-eredu euskaldunari buruz beste artikulu batean luze jarduteko aukera izanen dugu.

Bai, euskara -zalantza barik- politizatu egin behar da. Alde batetik, anbizio handiko hizkuntza-politikak abian jartzeko, gure hizkuntzak pairatzen duen egoera diglosikoa gainditze aldera. Eta bestetik, euskara ez dela komunikazio-tresna hutsa azpimarratzeko, Euskal Herria munduko gainontzeko nazioetatik bereizten duen ikurrik nabarmenena baizik.