EDITORIALA: KOHERENTZIA ESKATZEA, GEHIEGI AL DA?

Argazkia: Deia

EAEko hauteskundeak igaro dira eta atsekabe handiz egiaztatu ahal izan dugu alderdi politiko abertzaleek agenda nazionala (euskara, autodeterminazioa, lurraldetasuna…) berriro ere baztertu egin dutela kanpainan zehar. Beste batzuk izan dira lehentasunak, eta gure eskaera (ikus hemen: http://www.naziogintza.eus/editoriala-eae-ko-hauteskundeak-naziogintzaren-eskaerak-eta-proposamenak/) ez dute aintzakotzat hartu: Sevillan edo Albaceten aipagai diren gai eta lelo berdinak erabili dituzte hauteskunde-kanpaina horretan. Zinez penagarria.

Hautestontziek ez dute ezustekorik eman: EAJ gailendu da eta EH BILDU izan da bigarren indarrik bozkatuena. Bien artean, 6 eserleku gehiago lortu dituzte, eta Legebiltzar berriaren eserlekuen %70 inguru berenganatu dute. Alderdi espainiarrek, aldiz, inoizko ordezkaritzarik txikiena izango dute EAEko Legebiltzarrean.

Etekinik aterako al diote alderdi abertzaleek ordezkaritza zabal horri? Urrezko aukera dute beren nagusitasunaz baliatzeko eta euskal agenda nazionala bideratzeko, baina horretarako abertzaleen arteko aliantza estrategikoak lehenetsi behar dira. Hori da NAZIOGINTZAtik sarritan eskatu izan duguna: EAJ eta EH BILDUren arteko elkarlana, norberaren berezitasunetan baino areago topaguneetan eragitea, alderdian baino gehiago aberrian pentsatuz jokatzea, hori baita bide bakarra Espainiako estatuari aurre egiteko eta konfrontazio demokratikoa planteatzeko, burujabetza eta naziogintzaren bidean urratsak eman ahal izateko.

Ez da erraza izango. Hauteskundeen ondorengo mugimenduetan EAJk garbi adierazi baitu ez duela EH BILDUrekin gobernu bat osatu nahi, eta PSOE lehenesten duela gobernatzeko bazkide politiko gisa. Eta bai, azkenik Trebiñu gabeko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hurrengo Jaurlaritza PSOEko unionistekin osatu du EAJk.

Harritzekoa da bere burua abertzaletzat jotzen duen alderdiak, eta Euskadiko (7 lurralde historikoetako) askatasun osoa bilatzen omen duenak, hain koherentzia politiko eskasa izatea. Bere oinarri ideologikoen eta praxi politikoaren artean halako amildegia egotea. Hori baieztatzeko aski da 2016an Iruñean EAJk onartutako Aberri Estatutuek diotena ikustea:

Oinarri nagusiak:

1.- Euskal Aberriaren izate politikoa beraren Aberri-burujabetasuna berreskuratzearekin batera adieraziko da.

2.- EAJk Euzkadi du Aberritzat, eta euskaldun jendea bizi den Pirinioetako bi aldeetara dagoen lurraldetzat.

3.- EAJk euskara dauka aberri hizkuntzatzat, eta haren normalizaziorako behar den ardura nazionala aintzat hartzea eskatzen du.

  1. Titulua:
  2. artikulua: EAJ-PNVko alderdikideak konpromisoa hartuko du erakundearen barruan euskal aberriaren askatasuna lortzen laguntzeko.”

 

Ondoren, zilegi iruditzen zaigu galdera hauek pausatzea:

  • Euskal aberriaren askatasuna lortuko al dugu PSOEren eskutik?
  • Euskararen normalizazioa posible izango al da sozialista espainiarrak bidelagun izanik?
  • Euskal Pirinioetako bi aldeak hurbilago egongo al dira PSOEri esker?

EAJko buruzagiek uste al dute benetan PSOEko unionista amorratuekin gauzatuko dituztela publikoki azaldu dituzten aldarrikapen hauek?:

-Iñigo Urkulluk, hauteskunde-gauean (uztailaren 12an), zaleen aurrean hitz hauekin bukatu zuen bere diskurtsoa: Gora Euskadi askatuta! PSOEko buruzagiek lelo hori konpartitzen al dute, Urkullu jauna?

-Bakartxo Tejeriak abuztuaren 3an esandakoa: “Jaurlaritza berriak euskal herritarron eskubide politikoak, ekonomikoak, sozialak, kulturalak eta linguistikoak bermatu beharko ditu”. Benetan uste al dute posible dela azken biak bermatzea PSOErekin osatutako Jaurlaritzarekin?

-Joseba Egibarrek, 2019ko abuztuaren 30ean, Zarautzen: “Euskal estatu batekin amets egitetik pasatu behar dugu euskal estatu bat erreibindikatzera”. Bidelagun txarrak aukeratu dituzue Jaurlaritzan horretarako, Joseba…..

-Andoni Ortuzarrek, EAJko EBBko lehendakariak, BERRIAn (2020-07-31n): Nik uste dut bide hori (Telesforok aipatzen zuen Maltzagako bidea) soilik egin daitekeela ezker abertzalearekin; ez ezker abertzalearekin bakarrik, baina nazio identitatean sinesten duen mundu horrekin egin behar da. Identitateak askotarikoak dira eta errealitate hori ezin da begien bistatik galdu, guztientzako proiektu bat eraiki behar delako, baina logikoena litzateke, abertzaleak gehiengo bagara, abertzaleok gauza izatea ados jartzeko” Euskal nazioaren identitatean sinesten al du PSOEk, Andoni?

Zinez, nekeza egiten zaigu ulertzea inkoherentzia politikoa: gauza bat esan eta kontrakoa egin.

Halere, EAJko zuzendaritza ez da abertzaleen batasuna oztopatzen duen bakarra. Tamalez, ezker abertzaleko zenbait militanteren ahotan ere entzun izan dugu abertzaleen arteko gobernu bat eratzea baino hobe dela unionista espainiarrekin (PODEMOS eta PSOE) “ezkerreko gobernu” bat osatzea. Jarrera horren aurrean, ezkerreko abertzale horiei ere koherentzia eskatzen diegu EH BILDUREN webgunean irakur daitezkeen hiru oinarri hauei erreparatuz:

Nor gara?

1.- Burujabetzaren aldeko euskal ezkerreko indarra da EH BILDU.

2.- Justizia sozialean oinarritutako Euskal Herri independente bat lortzea dugu xede.

3.- Helburu horiekin bat datozen alderdi edo sektore politiko eta pertsona guztien parte-hartzera gaude irekita”.

Zaila deritzogu PODEMOS eta PSOE alderdiak bidaide hartuz Euskal Herri independente bat lor dezakegunik.

Ugari dira Euskal Herrian eta estatuan abertzaleen arteko elkarlana galarazi eta oztopatu nahi duten eragile faktikoak, bai baitakite hori ezinbesteko baldintza dela burujabetzaren bidean urratsak emateko. Lizarra-Garaziko garaian planteatzea posible izan zena, orain zergatik ez?

Gehiegi al da koherentzia eskatzea?