ETXETIK KANPO ERE, AGENDA NAZIONALA LEHENETSI

Argazkia: Fundación Carolina

Etsipen-beroaldi batean Espainiako presidenteak estatuko hauteskundeak ustekabean aurreratu izanak ezustean harrapatu gaitu. Eta hauteskunde horien aurrean genituen zalantzak lehenbailehen argitzera behartu ere bai. Nahiz eta Naziogintza Taldean Espainiako hauteskundeen aurrean hartu beharreko jarreraz gogoeta bat abiatuta izan, Sanchezen ustekabeko erabakiak gure hausnarketaren emaitza aurreratzera bultzatu gaitu, ezinbestean.

Zentzurik ba al du parlamentu arrotz batean parte hartzeak? Hori egiterakoan ez al gara legitimatzen ari estatu zapaltzailearen erakunde politiko gorena? Independentziaren aldeko politikak egin al daitezke Madrilen? Ez dira gutxi Espainiako hauteskundeen aurrean abstentzioaren aldeko deia egiten duten abertzaleak. Eta hein handi batean, beren arrazoiak ulertzen ditugu. Ados gaude diotenekin euskaldunok ez dugula Madrilera joan behar espainiarren arazo sozialak konpontzera, edo Espainia eskuin muturreko mehatxu faxistatik salbatzera. Estatu zapaltzaileari, ezta urik ere. Politika espainiarra egiteko eta Espainiako sistema politikoan integratzeko baldin bada, hobe etxean gelditzea. Kontua zera jakitea da, ea estatuak eskura jartzen digun bozgorailu horri (parlamentuari) etekina atera diezaiokegun ala ez.

Guk uste dugu agenda nazionala (autodeterminazioa, euskara, lurraldetasuna,…) batez ere, euskal jendartean, herriz herri eta etxeko parlamentuetan landu behar dela. Eta badela garaia alderdi abertzaleek, bertan, elkar hartuta, autodeterminazioa gauzatzeko bidean urrats sendoak emateko. Hori esanda, Euskal Herriko eskubide nazionalak Madrilen tinko aldarrikatzeak eta Espainiako klase politikoari gure nazioaren eta Espainiaren (eta Frantziaren) arteko gatazka politikoa ikusarazteak, gure ustez, ez dute zerikusirik Espainiako sistema politikoan integratzearekin.

Arerioaren etxean jokatzea ez da erraza. Are gutxiago, joko-arauak haiek erabakitzen dituztenean. Horregatik, euskal alderdi abertzaleek pentsamolde independentista argi batekin jokatu beharko lukete bertan. Jarrera otzanak baztertu eta geuk ezarri geure agenda politikoa, eta ez haiek.

Espainiako parlamentura joatea erabaki dutenek galdera honi erantzun beharko liokete: zertarako joan? Espainiako legebiltzarrean ezkerreko politikak egiteko soilik baldin bada, jakin dezatela hor daudela dagoeneko PODEMOS edo SUMAR. Horretarako soilik ez dugu behar ezker abertzalea Madrilen egotea. Bestalde, helburua bada euskaldunok Espainia autonomikoaren barruan eroso sentiaraztea, hor ditugu alderdi sukursalista denak, ez dugu EAJ-ren beharrik. Guk ezker abertzaleari zein EAJ-ri plus bat eskatzen diegu: gure agenda nazionala Madrilen ozen aldarrikatzea eta defendatzea. Eta horrekin batera gure eskubide nazionalak Madrilen defendatzeko orduan, elkarrekin lan egitea, euskal nazioaren mesedetan (espainiarrek, ezkerrekoak izan ala eskuinekoak izan, “estatu-gaietan” egiten duten modu berean). Lluis Companys parafraseatuz eta gurera moldatuz: munduko bidezko kausa guztiek defendatzaile asko dituzte, baina Euskal Herriak gu bakarrik gaitu.

Beraz, Espainiako hauteskundeen aurrean gure hautua hauxe da: parte-hartzearen aldekoa, bai, baina kritikoa. Aurreko lau urteko basamortu politikoa, naziogintzari dagokionez, ezin da errepikatu Madrilen. Espainiako legebiltzarrean euskaldunon aldarrikapen nazionalak (autodeterminazioa, euskara, lurraldetasuna,…) ozen entzun behar dira, espainiarren ganbera horretaz baliatu behar dugu ez politika espainiarra egiteko, euskal independentziaren aldeko politika desakonplexatuak burutzeko baizik. Edo ahaztu al zaie gure ordezkari abertzaleei nazio zapaldua eta kolonizatua dela gurea?

Espainiako Gobernuaren ordezkariak Madrilen zioen, duela gutxi, EH BILDUk askoz gehiago egin duela Espainiaren alde (Espainiako parlamentuan) Espainiako eskuinak eta eskuin muturrak baino. Edozein abertzaleri “hitz goxo” horiek zer pentsatu asko eman beharko liokete, eta hausnarrarazi, ea gauzak ondo egiten ari diren. Erakunde independentista baten helburuak ez lukeelako inoiz izan behar estatu menderatzaileari hauspoa ematea,  haren zilegitasuna kolokan jartzea baizik.

Euskal naziogintzaren garaia da, baita etxetik kanpo ere. Hori ahazteak independentisten frustrazioa eta abstentzioaren aldeko jarrera areagotzea ekarriko lituzke etorkizunean. Beraz, euskal alderdi abertzaleen teilatuan dago orain pilota.