EUSKAL ESKOLA NAZIONALAZ (2. ZATIA)

Publikatu genuen artikuluaren 1. zatia, hemen: https://www.naziogintza.eus/euskal-eskola-nazionalaz-1-zatia/

EREDU PUBLIKO/PRIBATUA: EZTABAIDA ANTZUA:

Eztabaida sutsuak pizten dira tarteka Hego Euskal Herrian irakaskuntza publiko/pribatu dikotomiaren inguruan, zeinetan sistema publikoaren aldekoek kritika garratzak jaurtitzen dituzten, bereziki, ikastolen aurka.

NAZIOGINTZAren ikuspuntua, gai honetaz, argia da: gure ustez, burujabetza ez duen gurea bezalako nazio batean eztabaida horrek ez du zentzurik, ez bada menpekotasun-egoera (kolonizazioa) ezkutatzea. Publiko/pribatu dikotomia burujabetza osoa duten herrialdeetan soilik plantea daiteke modu egokian; hau da, berezko estatua duten herrialdeetan. Euskal Herrian, “publikoak”, gaur egun, nazional frantses/espainola esan nahi du eta alderdi hori aipatzea ahaztu egiten zaie eredu publikoaren aldeko ahots sutsu horiei: hots, gure egoera politikotik abstrakzioa egiten dute, euskal curriculuma ez dute aipatzen, Nafarroa eta Ipar Euskal Herririk ez dago eta, hala, gure menpekotasun nazionala ez dute aintzakotzat hartzen beren analisietan.

Horrenbestez, guretzat Euskal Herrian burujabetza politikotik soilik sor daiteke eskola publikoa, benetako euskal eskola publikoa. Gurea. Bien bitartean, publiko/pribatu eztabaidak ez du zentzurik, tokiz kanpo dago.

Ondo baino hobeto islatzen dute Fito Rodriguezek eta Josu Txapartegik gaiaren dimentsioa, beren azken liburuan: “Eskola publikoa ez da Euskal Herrian behar dugun eskola publikoa”. Bertan, hau diote, besteak beste: “Publiko/pribatuari dagokionez, galdera nagusia ez da izango publikoak ala pribatuak izan behar duten eskolek eta ikastolek, baizik eta ea euskaldunok gure eskola propioa izateko eskubiderik dugun, euskara eta euskal kultura irakaskuntzarako ardatz bihurtzeko eskubiderik dugun, eta ea gaztelera eta frantsesaren nagusitasunean oinarritzen den eredu hau gainditzea helburu legitimoa den, ala ez.

Eta hau ere bai: “Ideologia neo-espainolista (ezkerrekoa, orokorrean) eskola autonomiko-estatala bultzatzen ari da (…) Hori dela-eta, ordezkapen kultural baten seinaleak ugaritzen doaz gure artean”.

Bat gatoz iritzi horrekin. Ikuspuntu abertzale batetik, gaur egun, Hego Euskal Herriko eskola-ereduari buruzko eztabaidak ez luke izan behar publiko/pribatu dikotomiaz, baizik eta euskaldun/erdaldun edo Euskal Herria/Espainia. Gune erreferentziala Euskal Herria ala Espainia edo Frantzia duen eskola-ereduaz hitz egin beharko genuke.

Aginte osoa dugunean gure curriculuma ezartzeko, Espainiako legearen morrontzatik askatzen garenean (irakurri besterik ez dago Espainiako 2/2006 Hezkuntzaren Lege Organikoa -6.2 artikulua- zertaz ari garen ulertzeko: “Corresponde al Gobierno de España la ordenación general del sistema educativo y la programación general de la enseñanza….”) eta euskal hezkuntza-sisteman gure hizkuntza eta kultura hegemonikoak izango direnean, orduan soilik izan dezake zentzua eredu publiko ala pribatuaz hitz egiteak.

Bestalde, gaurko sistema frantses/espainol publikoa hainbeste defendatzen duten horiei galdera hau egin dakieke: Zer ulertzen dugu eskola pribatuaz? Ikastolak etekin ekonomiko hutsa bilatzen duten eskola pribatuak al dira? Euskalduntze munduan, esaterako, AEK ere erakunde pribatutzat jo behar al dugu? BERRIA enpresa pribatua ote da, halaber? Eta Udako Euskal Unibertsitatea? Ukaezina da aipatutako lau adibideek dimentsio publiko nabarmena dutela euskalgintzaren arloan. Horiek denak, ikastolak barne, euskal herritarrek ezinbestean sortuak dira geure hizkuntzaren eta kulturaren biziraupen eta garapenerako. Errepresio- eta menpekotasun-egoeran sortutakoak dira, eta hasiera beretik euskara eta euskal kultura berreskuratzea izan dute helburu. Arestian aipatu dugun bezala, gogoratu behar da, gurean menpekotasun-egoera ez dela desagertu.

Azkenik, ezin dugu ahaztu gaur egungo eredu publikoa unean uneko gobernuen menpe dagoela, horrek dakartzan arrisku guztiekin: besteak beste, esku-hartze zitalak eta alderdikoiak ikastetxeen autonomiaren aurka: duela ez hainbeste, Nafarroako Gobernuak (UPNk) testu-liburuen gaineko zentsura ezarri zuen, eta Euskal Herriko mapa edota ikurrina zuten liburuak debekatu egin zituen. Hauek dira burujabetza politikoa ez izateko eta joko arauak euskaldunon esku ez egotearen arriskuak…

SEGREGAZIOA EZ, INTEGRAZIOA BAIZIK:

Ukaezina da 2005etik hona asko aldatu dela Euskal Herriko demografia, batez ere Hegoaldean, bizimodu hobe baten bila dozenaka mila etorkin, Afrikatik eta Amerikatik bereziki, gurera etorri direnez (hori gainera, bertakoen jaiotzak izugarri jaitsi direnean gertatzen ari da). Eta kasu askotan seme-alabekin iritsi dira. Horrek eragina izan du gure ikastetxeetan, ume etorri berrien integrazioa gurea bezalako hezkuntza-sistema batean Espainian baino korapilatsuagoa delako, besteak beste hezkuntza propio bat diseinatzeko aginterik ez dugulako, eta bertako mintzairak, hots euskarak, diglosia egoera pairatzen duelako.

Datuak oso esanguratsuak dira: EAEn, une honetan, Lehen Hezkuntzan umeen %15ak atzerriko jatorria du (benetako kopurua handiagoa izango da, datu horretan jatorri espainiarra duten ikasleak kontuan hartzen ez direlako). Ume horiek sare publikoan pilatzen dira batik bat. Urtero Euskal Herriarekin inongo harremanik ez duten 5.000 ikasle berri sartzen dira EAEko Hezkuntza-sisteman (Nafarroako datu zehatzak ez ditugu, baina hor ere kopurua oso handia da: Castejonen, adibidez, ama-hizkuntza espainiera ez duten ikasleak kopuru osoaren %46 dira). Ume horiek euskal gizartean integratzeko erronka egundokoa da. Eta sistema ez daukagu prestatuta ume horiek euskaraz Euskal Herrian txertatzeko. Sistemak ez die irakasten Euskal Herria badenik ere kasu askotan. Dena den, gai honek ikerketa sakonagoa merezi duela uste dugu, eta beste artikulu batean eutsiko diogu.

Aldaketa demografiko handi horiek 2008ko krisi ekonomikoarekin eta Hezkuntza-murrizketekin batera gertatu dira eta eskolako baliabideetan inpaktu handia izan dute. Egoera horrek ume etorkinek behar duten arreta pertsonalizatua asko zailtzen du, eta maiz, arreta hori ez zaie eskaintzen, esaterako, D ereduan gelako beste ikasleekin nahastuz, euskaraz tutik ere ulertzen ez dutela. Ondorioz, integrazio-arazoak sortzen dira.

Gaur egun, gure hezkuntza-sistemak baliabide gutxi ditu ikasturtea hasita dagoenean sartzen diren ikasle etorkinei ganorazko arreta emateko. Hori, batez ere DBHn eta D ereduan, arazo larri bilakatzen da. Jakina baita, umeak zenbat eta txikiagoak izan, orduan eta hobeto integratzen direla euskarazko ereduan.

Erronka horri aurre egiteko euskal administrazioak giza eta material baliabide gehiago eskaini beharko lituzke, gure gazteriaren sektore garrantzitsu baten euskalduntzea jokoan baitago. Atzerritar umeen kopuru handiak eta ghettoak sortzeko arriskuak puntu kritiko batera garamatza, beraz, eta premiazko neurriak hartu ezean, euskalduntze-prozesuak 30 urte atzera egin dezake.

Gai hau bideratzeko bat gatoz hainbat adituren iritziarekin: ikasturtean zehar euskal hezkuntza-sisteman sartzen diren ikasleek berariazko eta pertsonalizatutako eskolak jaso beharko lituzkete, talde propioetan, epe egoki batean (bi urtez?). Epe horretan euskara ondo ikastea eta gaitasun linguistikoak eskuratzea lehenetsi beharko litzateke (are gehiago Euskal Herriko eremu euskaldunetan), era horretan, eskolatze normalizatua erraztuz. Beste herrialde batzuetan jadanik erabiltzen den formula hori (gugandik gertu, Katalunian, “aules d’acollida” izenekoak) eraginkorrena da iritsi berrientzat zein bertakoentzat ere.

Egindako ikerketek agerian jarri dute gaur egun euskarazko hizkuntza-gaitasuna eta emaitza akademiko globala baxuagoak direla jatorri atzerritarreko ikasleen artean (aztertzekoa izango litzateke euskal herritar erdaldunen hizkuntza-gaitasuna ere eskolatze-amaieran noraino iristen den). Horrek neurri zuzentzaileak eskatzen ditu, hezkuntza-diskriminazioa galarazteko eta ikasleen arteko arrakala ez handitzeko.

Bestalde, segregazioa eta ghettoen sorrera saihesteko ezinbestekotzat jotzen dugu A eta B ereduen behin betiko desagerpena. Izan ere, joera handia dago guraso atzerritarren artean (Hego Amerikarren artean, batik bat) seme-alabak A edo B ereduetan matrikulatzeko, aukera baldin badute: EAEko Hezkuntza-sistemaren sare publikoan, A eredua -bereziki- ikasle atzerritarren aterpe bihurtu da (eta baita maila sozio-ekonomiko baxuagoa dutenena ere). Bi hezkuntza-eredu horiek gero eta marjinalagoak dira (bien artean, ikasleen %16 soilik bereganatzen dute Lehen Hezkuntzan) eta integrazioa eta elkarbizitzarako zama handia suposatzen dute.

Atal hau bukatu aurretik, bi hitz kultura-aniztasunaz. Ez dirudi oso bidezkoa hainbatek etengabe goraipatzea kultura-aniztasunaren onurak, gure Herrian bertako hizkuntzan bizi ezin garenean, euskararen normalizaziotik urrun gaudenean, eta are gehiago, Euskal Herriko toki askotan gure hizkuntza arrisku bizian dagoenean. NAZIOGINTZAren ustez, euskal hizkuntzak eta kulturak aniztasun guztien abiapuntu eta topagune izan behar dute. Hots, etorri berrien inklusioa eskoletan euskararen eta euskal kulturaren bidez egin behar da. Horrek gizarte-kohesioa ere erraztuko du. Ume horiek dakartzaten kulturak errespetatu egin behar dira, noski, eta eremu pribatuan sustatu eta mantendu ere bai. Baina argi gera bedi: euskal eskolaren helburuak etorri berriak gurean integratzea izan behar du, munduko estatu guztietan egiten den bezala, eta ez alderantziz.

EUSKAL CURRICULUMA ETA EUSKAL EDUKIAK IRAKASKUNTZAN:

Nazio burujabeek euren eskola-curriculuma diseinatu eta ezarri egiten dute Hezkuntzaren ziklo guztietan. Nazio azpiratuek, aldiz, kolonizazio kulturalaren ondorioak pairatzen dituzte hezkuntza-arloan ere: Nazio menperatzaileak inposatzen ditu ikasi beharreko hezkuntza-edukiak. Esan beharrik ez dago eduki horien bidez, ikasleak estatu nagusien erreferentzia-esparruan integratzea bilatzen dela eta, agerian ez bada praktikan bai, gure kultura atzentzea eta baztertzea dutela helburu.

Euskal Herrian ez dugu hezkuntza-curriculum propiorik. Hego Euskal Herrian, Espainiako ordenamendu juridikoaren arabera, derrigorrezko hezkuntza-zikloan ikasgaien edukien %45 bertan erabaki dezakegu. Baina praktikan, maiz hori ere ez da betetzen, eta ikastetxe askotan, eduki espainiarrak lantzen dira ia oso-osorik. Batxilergoko filosofiaren ikasgaian, esaterako, Ortega y Gasset ikasi beharreko filosofoa da, baina Joxe Azurmendi ez da aipatu ere egiten testu askotan. Esan gabe doa Ipar Euskal Herrian egoera askoz okerragoa dela, jakobinismo frantziarrak ez baitu zirrikiturik txikiena ere uzten tokian-tokiko kulturak irakasteko. Duela gutxi Euskal Herriko mapa bat tarteko arbuio eta gaitzespen nabarmenak izan dira eskola publiko batean.

Esan dezagun, bide batez, Euskal curriculuma Euskal Herriaren izaera, zentzu zabalean, aintzakotzat hartzen duen curriculuma dela.

Euskal curriculumaren aldeko urrats esanguratsuak eman ziren EAEn Ibarretxe lehendakariaren garaian, Anjeles Iztueta Hezkuntza Sailburua zenean, baina prozesu hura azken urteotan nabarmen apaldu da. Egun, euskal curriculum integralik ez dago inon, baina -egiari zor- ikastolen sarea da eduki propioak lantzeko egitasmo aurreratuena duen eskola sare bakarra.

Etsigarria da EAEko Hezkuntza Lege berriaren zirriborroan, 49 orrietako dokumentuan, AIPAMENIK EZ egitea berezko curriculum bati, Ikuspegi abertzale batetik hain estrategikoa eta garrantzitsua den arloari, hain zuzen. Zinez, deitoragarria. Begi-bistakoa da aipatutako zirriborroaren egileek ez dutela nahi Espainiako estatuaren marko zurrunetik aldendu (are gehiago, marko horrek uzten dituen zirrikituei etekina ateratzeko asmorik ere ez dute)

Unescoren Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak (1996koa) hau dio 28. artikuluan: “Hizkuntza-komunitate orok hezkuntza jasotzeko eskubidea du, bertako kideek beren kultura-ondarearen ezagutza sakona izan dezaten (historia eta geografia, literatura, eta kulturaren beraren beste adierazpen batzuk)”. Bermatzen al du gaur egungo ereduak Unescoren asmo hori Euskal Herrian? Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian argi dago ezetz, eta abertzaleagoa omen den EAEn ere ez.

Eta curriculumarekin estuki lotuta, ikasmaterialak eta testuliburuak daude: gaur egun Euskal Herrian euskal ikuspegia duen testuliburu-argitaletxe bakarra dugu. Eta, horrenbestez, frantses eta espainiar ikasmateriala, kasurik onenean euskaratua, erabiltzen dute gure ikastetxeetan. Hego Euskal Herriko sare publikoan, gogoratu, testuliburuak irakasleen mintegiak hautatzen dituela, eta hautaketa-prozesuan eskolako beste eragile batzuek (gurasoek, esaterako) ez dutela parte hartzen. Kristau-eskoletan, ikastetxeen titularrek egiten dute hautaketa hori. Ikastolak dira bakarrak euskal ikuspegiarekin bat datorren hautua egiten dutenak, hemengo argitaletxearen testuliburuak erabiliz eta gainera askotan Ikastolek berek sortuak. (Oharra: Elkarrek eta Ikastola Elkarteak bien artean kudeatzen dute IKASELKAR. Materialak Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak sortzen ditu eta IKASELKARrek argitaratzen). Eskola publikoetan, erakunde gisa ez da ezer sortzen eta argitaratzen. Ikasmaterial guztiak era guztietako argitaletxeek argitaratuak dira eta hautaketa esan den bezala egiten dute.

Joan Mari Torrealdaik, 2017an egindako ikerketa batean, (Euskal liburugintza Jakin, 235) agerian jartzen zuen EAEko ikastetxeetan erabiltzen diren liburuen %35 besterik ez dela hemengo argitaletxeek ekoiztua. Espainiarra da, beraz, EAEko ikastetxeetan erabiltzen den ikasmaterial gehiena. Nafarroan eta Iparraldean, datuak are okerragoak dira.

Torrealdai bera kezkatuta agertzen zen urte batzuk lehenago egoera horren aurrean: “Oro har esan daiteke kanpoko hezkuntza proiektuek, batzuetan eskas eta gehienetan gaizki tratatzen dutela Euskal Herria bere historian, bere geografian, bere hizkuntzan. Legea beteko dute, zaila ere ez da eta, baina gure ikuspegitik tratu txarra ematen diote Euskal Herriari”. (Testuliburuak eta Euskal Herria Jakin, 93-94. 1996. 20. or). Testuliburu horietan ohikoa da, kasurako, Euskal Herriko mapa desitxuratuta ikustea, EAE soilik agertuz.

Oso oker geundeke ikasmaterial hori euskaraz dagoelako egokia dela pentsatuko bagenu, jatorriz espainolez eta Espainiarako idatzitakoa euskaratua izan delako: pentsamendu espainola oso ondo zabal daiteke euskaraz ere. Euskaraz ikasteak ez du esan nahi pentsamolde euskalduna jasotzen denik. Espainiako argitaletxeek egindako eta euskaratutako testuliburu askoren edukiei espainiartasuna darie, nabarmenki.

Argi dezagun beraz: ez da gauza bera curriculuma euskaraz, edo euskal curriculuma. Lehena arrotza izan daiteke, bigarrena ez.

Luze hitz egin genezake EAEko hezkuntza-sistemak behar dituen hobekuntzez, baina ez da gure asmoa hezkuntza-eragileen tokia hartzea. Haiei dagokie proposamenak egitea euskal hezkuntza-sistemaren optimizazioa bideratzeko. Ohikoa dugunez, gure analisia naziogintzaren arlora mugatu da. Aurreko artikuluan esan genuen moduan, Hezkuntzaren zereginetako bat ikasleak erreferentzia-esparru nazional batean kokatzea da, eta guk, esparru hori euskalduna izatea nahiko genuke, hitzaren zentzu zabalean, ez soilik hizkuntzan. EAEko Hezkuntza Lege berriak norabide horretan emango al ditu urratsak? Ikusiko dugu… baina ez dago itxurarik.