EUSKARAREN ERABILERA ZIENTZIAREN IKUSPEGITIK

ANDONI SARRIEGI ESKISABEL.

Goiberriren 397. zk.an (2020-11-20koan), JAKITETIK KALEAN EGITERA erreportajea argitaratu zen Goierriko herriz herriko euskara-ezagutzen datuekin eta herri batzuetako erabilera-neurriekin. Jakitearen eta erabiltzearen inguruan gauza asko esan eta idazten da baina oso gutxi eta oso urri funtsezkorik eta hori azaldu nahi nuke nire herriko datuak, Beasaingoak, hartuta. Beste herri guztietako datuekin ere antzeko azterketak egin litezke banaka-banaka eta baita Goierri osokoekin ere hala nahi izanez gero.

Hasteko esan, euskararen erabilera ez dela hiztunei zerutik jausitako zerbaiten ondorioa, hitz batean esanda, urte askotan praktikatutako hizkuntza-politiken (debekuetatik hasi eta sasi-sustapenetaraino militantzietatik igaroz) ondorioek sortutako gizarte-egoerak eta soziolinguistika-egoerak emandako emaitza baizik. Eta hala den heinean soziologiako eta bereziki soziolinguistikako legeen baitakoa da. Gaur egun, zorionez, portaera-lege horiek ere matematikekin adieraziak ditugu edozein gertakariren zientzia bidezko ikerketak eskatzen duen moduan eta zerbait zuzena eta zorrotza esatekotan, zientziek eskaintzen dituzten baliabideez baliatu beharra dago. Are gehiago, euskararen erabilera-arazoa ere, (beren lurraldean hizkuntza nagusi ez diren guztiena bezala) benetako zientziazko metodoak erabiliz planteatu eta konpondu beharreko gaia da eta ez ustez ustezko iritzi eta interesekin botatako hitzen bidez. Hemen esan beharra dago, biziraupena jokoan duten hizkuntzek eta gizarteek dutela hori egin beharra, izan ere, beren lurraldeetan eta batzuek besteenetan ere, nagusi diren hizkuntzek (espainierak, frantsesak, ingelesak, italierak edo islandierak berak bere 325.000 hiztun (1) inguru soilekin) ez dute halako beharrik.

Euskal Herrian, zorionez, hainbat ikertzaile izan dira arloa ikertu dutenak, baina bat bereziki bere ingurukoekin gaiari matematika bidezko azterketa (zientzia zehatzaren bidezkoa) egin diona: Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi. Hark hasi zuen gai honetan kalkuluaren bidea eta berak, UEUn eta EHUn bere inguruan jardun duten Xabier Isasirekin eta beste batzuekin batera, ezagutzaren eta erabileraren arteko harremana matematika bidez ondo lotuta eta kalkulagarri jarria dute (2).

Beraz, edozein gizarte-taldetako (talde, auzo, enpresa, herri, herrialde, eta abarretako) azterketa ere, matematika erabiliz, zientzia bidez egin beharra dago eta matematika bidezko kalkulu horietarako hartzen diren edo horietan sartzen diren parametroak, egoki interpretatu eta atera behar dira ondorioak eta horiekin diseinatu behar dira hizkuntza-politikak; kasu honetan Euskal Herrian euskara berreskuratzekoak hain zuzen ere.

Gaiari heltzeko, har ditzadan Goiberrin argitaratutako Beasaingo 2016ko Eustaten datuak: Biztanleak (2 urtetik gorakoak): N = 13.396

Euskaldunak (gaizki; elebidunak): %59; ex= 59/100 = 0,59 Ia-euskaldunak (hiztun gisa zehaztezinak): %16,3

Erdaldunak (euskara ez dakitenak, espainieradun elebakarrak nagusiki, baina baita euskararik gabeko eleanitzak edo beste erdara bateko elebakarrak ere): %24,7; e A = 24,7/100 = 0,247

Kale-erabilera neurtua, berriz, Goiberrin bertan datorrenaren arabera: %35,80; P’B praktikoa = 35,80/100= 0,3580.

Kalkuluak egiten hasteko sortzen den lehenengo arazoa ia-euskaldunena da. Horietatik zenbat aritzen dira euskaraz herritarrekin eta zenbat erdaraz? Besterik ezean, estimazio hutsez jokatu beharra dago. Hainbat gauzatarako erdiak euskaraz eta beste erdiak erdaraz arituko balira bezala hartu ohi dira. Nik ez nuke hainbeste esango baina hautatu beharra dago aurrera egitekotan, beraz, %16,3 horietatik, %6 hartuko ditut euskararen jardunerako eta %10,3 utziko ditut erdaldun elebakarren multzorako. Kopuru horiek aldatuta ere noiznahi berregin daiteke ondorengo guztia. Beraz, eman dezagun %59 + %6= % 65 euskaldun elebidun ditugula herrian (ex= %65 = 65/100 = 0,65) eta %10,3 + %24,7= %35 euskararik gabeko erdaldun elebakar nahiz eleanitz (eA = %35 = 35/100 = 0,35).

Askok esango lukete %65 euskaldun izanik eta %35 erdaldun, Beasainen euskaldunak gehiengoa direla, baina hori soziolinguistikako kalkuluetarako eta errealitaterako ere gezurra da. Beasainen kontu horietan %65 euskaldun elebidun (euskara nahiz espainiera erabil dezaketenak) daude eta %100 erdaldun (N espainiera erabil dezaketenak). Beraz, hizkuntza nagusia erdara (kasu honetan espainiera) da eta horrek ez du bueltarik. Euskaldun elebakarrik ez dago ( eB = %0).

Euskaldun elebakarrik ezean, euskaldun elebidunak beste euskaldun elebidunekin euskaraz edo espainieraz egin dezake, baina erdaldun elebakarrekin soilik erdaraz, (normalean espainieraz edo euskara ez den beste hizkuntzaren batean). Laburbilduta, Txillardegiren matematika-ereduaren arabera, bi egoera posible aztertuko ditut:

1.- Isotropikoa, teorian behintzat euskaldun elebidun guztiek beste herritar guztiekin harremanak dituztena.

2.- Anisotropikoa edo euskaldun elebidun guztiek, beste herritar guztiekin ez, baizik eta beste herritar batzuekin bakarrik harremanak dituztena.

Portaera isotropikoa hartuz gero, 2, 3 eta 4 pertsonako taldeen arteko elkarrizketak hartuta (4 pertsonatik gorako taldeak ia beti zatitu egiten direla frogatuta dago eta ez dute eragin esanguratsurik kalkulu honetan) honako hau da Beasaingo kalean izango litzatekeen euskara erabiltzeko PB probabilitate handiena (hizkuntza nagusia espainiera, erdara, A hizkuntza dela eta euskara, mendeko hizkuntza, B hizkuntza dela kontuan hartuta):
PB = mB . (w2. e 2 + w3. e 3+ w4. e 4 )

non:

PB, B hizkuntza (euskara) erabiltzeko probabilitate handiena den, (B hizkuntzaren, euskararen, erabilera ez da automatikoki PB izango, 0tik PB-ren baliorik handienerainokoa baizik):

mB euskaldun elebidunen euskararekiko leialtasuna, (berez, 2, 3 edo 4 hiztuneko talde bakoitzeko euskaldunek mB2, mB3 eta mB4, leialtasun desberdinak dituzte (aldeak handiak ez diren arren), eta mB2>mB3>mB4 baino betetzen da, baina kalkulua errazteko hemen berdinak direla joko dut eta mB balioa hartuko dut denentzat);

w2, w3 eta w4, 2, 3 eta 4 hiztuneko multzoek elkarrizketa guztien artean dituzten pisu espezifikoak edo dentsitateak dira (egindako kale-neurketetan frogatuta dagoenez, w 2 =%58,44 = 0,5488 da, w3 = %28,62 = 0,2862 eta w4 = %16,50 = 0,1650 balioak dituzte); ex euskaldun elebidunen proportzioa, kasu honetan %65 = 0,65 eta e A A hizkuntzadun elebakarren (euskararik ez dakiten erdaldunen) proportzioa, kasu honetan %35 = 0,35.

Beraz,

PB = mB . (0,5488 x 0,652 + 0,2862 x 0,653 + 0,1650 x 0,654) = 0,3399 mB.

Euskaldun elebidun horien mB leialtasuna %100ekoa izanda, mB = 1 (kasurik onena), euskararen PB kale-erabilerarik handiena, 0,3399 izan liteke, hots, %33,99 ~ %34 eta txikiena, berriz mB = 0 denean, %0 = 0,00. Beraz, erabilera, 0tik %34ra artekoa izan daiteke.

Baina goiko datuetan, neurtutako euskararen kale-erabilera %35,8koa dela eman zaigu eta hori portaera isotropikoan ezinezkoa da. Zer esan nahi du horrek? Ba Beasaingo gizarteko hiztunen portaera ez dela erabat isotropikoa, anisotropikoa baizik, hau da, euskaldun elebidun guztiek ez dutela hitz egiten erdaldun elebakar guztiekin .

Portaera anisotropikoa dela onartuz gero, horrek esan nahi du A hizkuntzako elebakar guztiek ez dituztela hartu-emanak B hizkuntzako elebidun guztiekin. Orduan, demagun A hizkuntzako hiztun diren elebakarretatik (erdaldunetatik) g direla B hizkuntzako hiztun elebidunekin (euskaldun elebidunekin) hartu-emanak dituztenak.

Kasu horretan, g-ren balioa (anisotropia-koefiziente dei dakioke) beti ere, 0 < g < 1 baino izango da, hots, g-ren balioa, %0 eta %100 artekoa izango da.

Eta B hizkuntzaren erabilera-probabilitatea kalkulatzeko formula aldatu egiten da. Hona n hiztuneko taldearentzako B hizkuntza hitz egiteko P’ probabilitate handienaren formula orokorra:

P’nB = mnB . e n / (g.eA + ex) n-1

Beraz, 2, 3 eta 4 hiztuneko taldeentzat formula aplikatu eta hiru kasuetako probabilitateak (bakoitza bere pisu espezifikoarekin hartuta) batuta, eta lehen bezala m2B, m3B eta m4B (2, 3 eta 4 hiztuneko taldeetan) B hiztunen leialtasuna mB berbera dela emanda (guztiz hala ez den arren), honako formula hau osatuko genuke:

P’B = mB { w2.e 2 / (g.eA + ex)1) + w3.e 3 / (g.eA + ex)2 + w4.e 4 / (g.eA + ex) 3)}

Formula honetan, kale-neurketan lortutako P’B = 0,358 dela badakigunez, g-ren balioa (anisotropia-koefizientea) eta mB-rena (euskaldun elebidunen leialtasuna) ditugu kalkulagai. Bi aldagaiak ezezagun izanik, haztatze-metodoa erabiliz, biei balioak eman diezazkiegu eta probabilitateak kalkulatu. Balio horien taulatxoa osatuta, P’B-ren benetako baliora hurbiltzen diren kasuak zeintzuk diren ikusiko dugu. Hori eginda, honako hau ateratzen da:

g-ren balioak mB-ren balioak P’B-ren balioak
0,00 1 P’B max = 0,65=%65
0,80 1 0,3768=%37,68
0,90 1 0,3574=%35,74
(Isotropia) 1 1 0,3399=%33,99
0,70 0,95 0,3783=%37,83
0,80 0,95 0,3579=%35,79
0,90 0,95 0,3395=%33,95
0,60 0,90 0,3800=%38,00
0,70 0,90 0,3584=%35,84
0,80 0,90 0,3391=%33,91
0,50 0,85 0,3816=%38,16
0,60 0,85 0,3588=%35,88

 

0,70 0,85 0,3214=%32,14
0,40 0,80 0,3833=%38,33
0,50 0,80 0,3591=%35,91
0,60 0,80 0,3377=%33,77
0,30 0,75 0,3850=%38,50
0,40 0,75 0,3593=%35,93
0,50 0,75 0,3367=%33,67
0,20 0,70 0,3868=%38,68
0,30 0,70 0,3594=%35,94
0,40 0,70 0,3354=%33,54

 

Emaitzen taula ikusita hainbat ondorio atera daitezke:

1.- Euskaldun elebidunek teorian lor dezaketen euskara-erabilerarik handiena berek herrian duten adinako proportziokoa da, hots %65, baina horretarako g=0 izan behar du (erdaldun elebakarrekin inolako harremanik ez dute izan behar) eta gainera euskararekiko leialtasuna beren artean %100ekoa (mB = 1) izan beharko luke. Beasainen eta Euskal Herrian halako gizarterik ez dago, beraz, emaitza hori ezinezkoa da dugun gizartean.

2.- Beasaingo euskaldun elebidunek emandako %35,8ko erabilera horren inguruko emaitzak ondorengo kasuetan lortzen direla ikusten da:

a) g=0,90, erdaldun elebakarren %90arekin harremanak eta mB=1 edo %100eko leialtasuna euskararekiko;

b) g=0,80, erdaldun elebakarren %80arekin harremanak eta  mB=0,95 edo %95eko leialtasuna euskararekiko;

c) g=0,70, erdaldun elebakarren %70arekin harremanak eta mB=0,90 edo %90eko leialtasuna euskararekiko;

d) g=0,60, erdaldun elebakarren %60arekin harremanak eta mB=0,85 edo %85eko leialtasuna euskararekiko;

e) g=0,50, erdaldun elebakarren %50arekin harremanak eta mb=0,80 edo %80eko leialtasuna euskararekiko;

f) g=0,40, erdaldun elebakarren %40arekin harremanak eta mb=0,75 edo %75eko leialtasuna euskararekiko;

g) g=0,30 erdaldun elebakarren %30arekin harremanak eta mb=0,70 edo %70eko leialtasuna euskararekiko;

Eta balio gehiago ere atera litezke baina ez dut uste erdaldunen eta euskaldun elebidunen arteko harremana %30 baino txikiagoa denik, beraz, hortik beherakoak ez ditut kalkulatu. Kasu horietako edozeinetan lortzen da kale-neurketak emandako emaitza baina Beasaingo gizartearen portaerak kontuan hartuz gero, nik esango nuke erdialdeko balioek ager dezaketela zuzen samar beasaindarren jokabidea. Hala bada, %40tik %60erakoa izan liteke erdaldun elebakarren eta euskaldun elebidunen arteko harremana eta azken horien hizkuntzarekiko leialtasuna %85etik %75era bitartean ibil daiteke.

Horrek zer tarte uzten du Beasainen baldintza horietan euskararen erabilpena igotzeko? Ba ikus dezagun.

g=0,60, erdaldun elebakarren %60arekin harremanak eta mB=0,85 edo %85eko leialtasuna euskararekiko izanda, gehienera ere mB leialtasuna %100era igo liteke eta mB=1 hartuta, P’B probabilitate handiena 0,4221=%42,21era igo daiteke, beraz, %42,21-%35,80=%6,41 igo daiteke erabilera muturreraino joanda, baina erabilera inoiz ez litzateke %42,21etik pasako.

g=0,40, erdaldun elebakarren %40arekin harremanak eta mB=0,75 edo %75eko leialtasuna euskararekiko izanda, gehienera ere, mB leialtasuna %100era igo liteke eta mB=1 hartuta, P’B probabilitate handiena %51,34ra igo daiteke, beraz, %51,34-%35,80=%15,54 igo daiteke erabilera muturreraino joanda, baina erabilera inoiz ez litzateke %51,34tik pasako.

Ikusten den bezala, elebidun euskaldunen leialtasunak badu noski hobetzeko tartea(%6,41etik %15,54rakoa), baina oso tarte mugatua da hartu ditugun balioekin. Erdaldun elebakarrekiko harremanak asko murriztu ezean (eta hori gaurko gizartean hemen ezinezkoa da), euskaldun elebidunen hobetzeko tartea txiki samarra da. Beasaingo kasuan ez dakigu g horren balio zehatza zein den (gainera aldakorra izan daiteke), baina nik herria ezagututa altu samarra dela esango nuke (nik %40tik %60rakoa hartu dut) baina harreman hori %60 baino handiagoa balitz, euskaldun elebidunek %6,41 baino tarte txikiagoa izango lukete erabilera igotzeko eta benetako sabaitik oso gertu egongo lirateke.

Eta A hizkuntza nagusiko elebakarren (erdaldunen) eragina zenbatekoa den ikusteko, ikus ondorengo taulan formula berarekin kalkulatutako erabileraren beste balio batzuek abiapuntuko beste datu batzuentzako:

Euskaldun elebidunak Erdaldun elebakarrak g-ren balioak mB-ren balioak P’B-ren balioak
%80 = 0,80 %20 = 0,20 0,50 0,80 P’B = 0,5311 = %53,11
%80 = 0,80 %20 = 0,20 0,50 0,90 P’B = 0,5975 = %59,75
%80 = 0,80 %20 = 0,20 0,50 1,00 P’B = 0,6638 = %66,38
%90 = 0,90 %10 = 0,10 0,50 0,80 P’B = 0,6603 = %66,03
%90 = 0,90 %10 = 0,10 0,50 0,90 P’B = 0,7441 = %74,41
%90 = 0,90 %10 = 0,10 0,50 1,00 P’B = 0,8253 = %82,53

 

Gure herrietan oro har, erdaldun elebakarrek euskaldun elebidunekin %50ean harremanak izaten dituztela emanda, %80 euskaldun elebidun dituen herri batean eta euskaldun elebidunek beren artean %100ean euskara erabili arren mB=1, inoiz ezin daitezke pasa %66,38ko   erabileratik.   Eta   %90   euskaldun   elebidun   izanda, berriz,   beren artean %100ean euskara erabili arren mB=1, inoiz ezin daitezke pasa %82,53ko erabileratik. Kalkulu horiek oso garbi uzten dituzte bi gauza: 1) euskaldun elebidunen leialtasunak %13 eta %16 artean hobe dezaketela erabilera eta 2) elebakar erdaldunek, oso gutxi izanda ere, euskaldun elebidunekin harremanak mantentzen dituzten heinean, proportzioan izugarri baldintzatzen dutela euskararen erabilera.

Orain arte ikusitako guztia kale-erabileraren azterketa izan da. Kale-erabilerak badu euskarak jendartean duen erabilpena islatzeko adierazgarritasun bat, baina ondo pentsatuz gero ez da erabilpen horren ordezkari orokor eta unibertsala. Gauzak benetan ongi eta zehatz egiteko, beti ere matematiketako oinarrien arabera, euskaldunok geure herrian, herrialdean, auzoan, eskualdean edo neurtzeko hartzen den dena-delako esparruan, goizean jaikitzen garenetik gauean lotaratu arte parte hartzen dugun toki eta harreman guztietan dauden giza taldeetako azterketa egin beharko genuke eta horrek ere bere matematika-adierazpena izan dezake Txillardegiren formulak erabiliz osotasun horrentzako formula bat prestatuta.

Nik dakidala, hitzez edo idatziz egindako gogoetetan bizimodu osoaren aipamenak egin izan dira baina inoiz ez dut ikusi osotasun horretarako egindako kalkulu teorikorik eta aregutxiago osotasun horri dagokion neurketa praktikorik.

 

 

Hala ere, osotasun horren azterketa bat, teorian bederen planteatu nahi nuke, eta horrek, gutxienez ere, euskararen erabilera zenbat esparru, giza multzo eta baldintzen baitan dagoen ikusteko balio izan diezaguke.

Demagun P1 dela, kalean euskara erabiltzeko probabilitatea (beti ere handiena edo maximoa Txillardegiren formula erabiliz kalkulatutakoa, kasu anisotropikoan kalkulatua; badakigu jakin gutxienekoa edo minimoa %0 izan daitekeela), P2 lantokian euskara erabiltzeko probabilitatea (lantokikoa ere kaleko erabilera kalkulatzeko erabilitako parametroekin kalkulatuta), P3 zerbitzuetan euskara erabiltzeko probabilitatea baliabide berekin kalkulatuta, P4 merkatuetan edo dendetan euskara erabiltzeko probabilitatea, P5 ikastetxeetan erabiltzeko probabilitatea, P6 kiroletan erabiltzeko probabilitatea, P7 aisialdian erabiltzeko probabilitatea, etab. Horiek denak, goiko marrazkian agertzen den moduan irudika ditzakegu multzo orokor baten (bizimodu osoaren) barneko azpimultzo gisa, bakoitza bere erabilera-probabilitate handienarekin.

Herritar bakoitzak, bere bizimodu eta estatusaren arabera, horietako probabilitate batzuek izango ditu eta beste batzuek ez. Baina edonorentzat orokorki formula orokor bat plantea dezakegu, probabilitate horietako bakoitzari dagokion pisu espezifikoa sartuta. Demagun kale-erabilerako P1 probabilitateari w1 pisu espezifikoa dagokiola (pertsona baten eguneroko bizitzan kale-erabilerak duen pisua edo eragina ehunekotan (%) adierazita), w2 lantokiko P2 probabilitateari dagokion pisu espezifikoa, w3 zerbitzuetako P3 probabilitateari dagokiona, etab., hurrenez hurren, wn eta Pn azken guneko probabilitateari dagokioneraino.

Orduan euskararen erabilerarako probabilitate orokor handiena, honako hau izango litzateke:

P = w1.P1 + w2.P2 + w3.P3 + w4.P4 + w5.P5 + w6.P6 + w7.P7 + + wn.Pn

beti ere norberak nahiz herritarrek multzo horietako zenbatetan eta zeinetan parte hartzen duenaren/dutenaren arabera.

Horretarako noski esparruz esparruko probabilitateak kalkulatu beharko lirateke, eta gainera, bakoitzak herritar arrunten bizitzan batez beste duen pisu espezifikoa edo eragina finkatu. Hobeto ulertzeko ikus dezagun adibide bat.

Demagun Beasainen kale-erabilera %35,8koa dela (P1) eta batez beste beasaindarrek egunean zehar beren harremanetako %30 dituztela kalean (w1) eta demagun lantokietan erabilera-probabilitate handiena (P2) %15ekoa dela (ordenagailuak, idatzitako dokumentuak, ahozko hizkera, telefonoa, etab., dena kontuan hartuta) eta lantokiak egunean zehar duen eragina (w2) %40koa dela eta kiroletan edo aisialdian erabilera- probabilitatea (P3) %30koa dela eta bere eragina (w3) %10ekoa eta azkenik, etxeko erabilera-probabilitatea (P4) %45ekoa dela eta bere eragina (w4) %20koa.

Noski, w guztien batura (w1+ w2+ w3+ w4) beti ere 1 (%100) izan behar du. Kasu honetan 0,3 + 0,4 + 0,1 + 0,2 = 1.

Orduan, bizitza osoari legokiokeen erabilera-probabilitate handiena, ondorengoa izango litzateke:

P = 0,358 x 0,3 + 0,15 x 0,4 + 0,30x 0,1 + 0,45 x 0,2 = 0,2874 = %28,74

Adibide honek eta aipatutako teoriak argi eta garbi uzten du etxeko hizkuntzak eta kale-erabilerak berak ere, oso garrantzitsuak izan arren, ez dutela ematen osotasunezko bizitzaren benetako emaitzarik eta lana, aisialdia, kirola, zerbitzuak, merkataritza eta gizarteko beste hainbat gauzak ere eragin handia dutela erabilera orokorrean eta EUSKARAZ BIZI esaten denean, herritarren osotasunezko bizitzaz ari gara, beraz, horrelamoduzko osotasunezko kalkulu bat egin beharra dago osotasunezko erabileraren kalkulua egiteko eta horrek ohartarazi behar gaitu, oso garrantzitsuak izan arren, etxeko eta kaleko erabilerarekin bakarrik (zeinen eta handiak diren) ez dugula konpontzen gure euskararen erabilerarena, ahozkoa eta idatzizkoa eta irakurketakoa bere osotasunen hartuta hain zuzen ere.

Gizartearen benetako euskalduntzea eta euskararen benetako garapena helburu baldin baditugu, ezin ditzakegu soilik etxeko eta kale-erabilerako kalkuluak egin. Esparruz esparrukoak egin behar ditugu eta denetan erabilera hori igotzeko, kalkuluak egin eta horien ondoriozko politikak burutu behar ditugu. Herririk euskaldunenetan ere, osotasunezko kalkuluak eginez gero, erabilera orokorrak etxeko edo kaleko erabilerak baino ondotxoz beheragokoak izango lirateke herritar askorentzat (ez denentzat), eta horrek, orokorrean guk uste baino erabilera txikiagoa egiten dugula erakutsiko liguke eta sektore guztiak euskalduntzen joateko ezinbesteko beharra dugula agerian geldituko litzateke.

Honen guztiaren ondorio nagusia zera da, euskaldun elebidunek badute zerbait hobetzeko leialtasunean (hori antzeman egiten da askotan, baina soil-soilik euskaldun elebidunen arteko elkarrizketetan, besteetan ez), baina espainiera nagusi izanda (hasieran ikusia da hori) nagusiki erdaldun elebakarren euskalduntzean eta hizkuntza-portaera orokorra aldatzen joatean dago gizartea euskalduntzeko gakoa, bestela ezinezkoa da-eta egoera honetan. Beasainen hizkuntza nagusiaren jabe soilik diren % 35 horiek berena inposatzen dute alde guztietan sistema osoa beren hizkuntzan dutelako. Beraz, horiek eta sistema osoa euskalduntzen dago gakoa, eta euskalduntzeko motibazio handia behar da. Jose Maria Sanchez Carrionen, Txepetxen, hitzak hartuz (motibazioa-ezagutza-erabilera), erdaldun elebakarren eta hainbat erdaratako ez-euskaldunen euskalduntzea lortzeko (lehentasunezkoa da une honetan etorkin mota guztien euskalduntzea lehentasunez planteatzea eta ez haiei espainiera irakasteko antolakuntzak egitea) ondo planifikatutako motibazio-lan eta eragite-lan izugarria egin beharra dago, segidan ezagutza lortzeko baliabide guztiak jarriz eta ondorengo erabilera ere sendo planifikatuz. Motibazioak era askotakoak izan daitezke (sentimenduzkoak, naziotasunezkoak, konplimenduzkoak, interesezkoak, kulturakoak, komunikaziokoak, etab.). Euskaldunok jasan ditugun agindu bortitzen bidezko metodoak ahaztu gabe baina albora utzita, motibaziorik indartsuenetakoa, besteak beste, lanarena eta hileko soldatarena da. Euskaldun asko erdaldundu da Euskal Herrian historian zehar erdaraz antolatutako lantegietan eta gaur egun ere gehienek erdalduntzen jarraitzen dute (orain bi erdarekin gainera). Beraz, motibazio-lanik eraginkorrenetakoa orain eta hemen, jaiak jai, euskara lanarekin(3), hileroko soldatarekin, aisialdiarekin, zerbitzuekin eta bizibidearekin lotzea da, ez ordea lanpostuaz jabetzeko azterketa edo maila bat gainditzea eskatuz soilik, maila hori gainditu ondoren euskaraz lan egiteko baizik. Eguneroko lanean erabiltzen den hizkuntzak gizarteko erabilera eragiten du. Horretarako, ordea, laneko eta gainerako eginbideetarako jarduera -kateak euskaraz jarrita eduki behar dira eta horretan oso ahalegin gutxi egin da gaurdaino. Hori gabe euskara-maila eskatzea antzerki hutsa da eta lantokian sistematikoki euskara erabiltzea ametsa.

Oharrak:

(1) 2014ko datua

(2) Ikus hiru lan hauek:

  • Soziolinguistika matematikoa. J. L. Alvarez Enparantza, Txillardegi. UEU. 1994.
  • Euskararen kale-erabilera. Txillardegiren eredu matematikoa. Xabier Isasi eta Arantxa Iriarte. BAT ALDIZKARIA, 28. zk. 1998ko urria. 51-80. or.
  • Hacia una Sociolingüística Matematica. J. L. Alvarez Enparantza, Txillardegi. SEI. 2002.

(3) Lana esatean, sektore eta enplegu mota guztietako jardunak esan nahi da: nekazaritza, arrantza, industria, zerbitzuak, merkataritza, ostalaritza, ikerkuntza, irakaskuntza, unibertsitatea, osasun-arloa, zaintza, etab., zeregin mota guztiak alegia.