EUSKARAREN JIRABIRAN

Argazkia: Terminology and Coordination-EU

EDURNE ALEGRIA AIERDI.

Irailaren 11ko BERRIAn Iraitz Lazkano, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakariak argitaratutako “Herritar gehiago, euskara gehiago” artikuluaren harira (https://www.berria.eus/paperekoa/1876/021/001/2021-09-11/herritar-gehiago-euskara-gehiago.htm)  zenbait burutazio sortu zait.

Lazkanok frogatu nahi du immigrazioak ez diola kalterik egiten euskarari zenbaitek zabaldu nahi duen moduan.

“Zenbait” horien balizko intentzio maltzurra albo batera utzita, ikus dezagun hotz-hotzean norainoko eragina izan dezakeen herrialde bateko biztanle-multzo bat beste batean txertatzeak, edozein izanda ere jatorrizko eta harrerako Herriak. Ados egongo gara denok esateko, iritsi berriak beren ohitura, kultura eta hizkuntzarekin datozela eta harrerako Herrian beste ohitura, kultura eta hizkuntza batzuekin topo egiten dutela. Bi multzo horien elkarketak egoera berri bat sortzen du harrerako herrialdean eta honi dagokio jende multzo hori moldatzea eta bizitoki berrian ahalik eta ondoen txertatzea, bertako bizieran ahal den eta sakoneko aldakuntza gutxien eragiteko.

Beraz, urteak dira immigranteak jasotzen dituzten Herriak gai hau aintzakotzat hartu behar izan dutela eta legeak eta arauak garatzen joan behar izan dutela, immigrazioak gizartean duen eragina hainbat arlotan erregulatzeko: lan- eta osasun-arloan, hezkuntzan, etxebizitzen arloan,… eta hizkuntzan ere bai.

Gai honi buruz interesgarria deritzot Rut Bermejo, Zientzia Politikoetako irakaslearen lana (Idioma e inmigración: un análisis de la evolución de los requisitos idiomáticos en las políticas de inmigración [Hizkuntza eta immigrazioa: hizkuntza betebeharren bilakaera immigrazio-politiketan]2008/04/16), non hizkuntza eta herrialde desberdinetako migrazio-politiken arteko harremana aztertzen duen. Halaber, Jesus Martinezena, (Exigencias lingüísticas a migrantes adultos en Europa [Migratzaile helduei Europan exijitzen zaizkien hizkuntza-eskakizunak]Université Sorbonne nouvelle – Paris 3), non ikus daitezkeen, 2008ko ekainean, Europako Kontseiluak antolatutako La integración lingüística de adultos migrantes [Migratzaile helduen hizkuntza-integrazioa] izeneko mintegian, aurkeztu ziren inkestaren konklusioak. Bide batez, errepara diezaiegun erabiltzen diren hitzei hizkuntzaren eskakizuna aipatzerakoan: requisitos, exigencias, hots, baldintzak, betebeharrak.

Lan hauek aipatzen ditut zera azpimarratzeko, alegia, hizkuntzarena saihestezinezko gaia dela immigrazioaz ari garenean, eta noski, bertan azaltzen diren adibideak nazio estatudunei dagozkie, Australia, Kanada, Frantzia, Alemania, etab. Denetan, hizkuntza ezagutzearen betekizunak etorkinen integrazioa du helburu, eta argudio hau ez dirudi inork zalantzan jartzen duenik, hala eta guztiz, estatu bakoitzak bere hizkuntza propioari ematen dio lehentasuna eta babesa.

Baina gatoz gurera, zer gertatzen da gu bezalako estaturik gabeko nazioekin? Zer gertatzen da gurea bezalako lurraldeetan, non gure hizkuntza erabiltzeko eskubidea izanda ere, derrigortuta gauden espainola/frantsesa jakitera, eta horren ondorioz denok hizkuntza hegemonikoa menperatzen dugun? Hemen, kanpotik etorritakoek, egoera horretaz jabetuta, beharrezkoa den hizkuntza ikastea lehenesten dute, normala den bezala, hego eta erdialdeko amerikarrek salbu, horiek gaindituta baitute hizkuntza-eskakizuna Hego Euskal Herrian. Gure kasuan, etorkin gehienak espainolez integratzen dira Hegoaldeko bi erkidegoetan zentzuzkoa denez, inork eta ezerk ez baititu behartzen euskara ikastera. Bistan denez, ezin diegu etorkinei egotzi gure hizkuntzaren soziolinguistika-egoera, horren erantzuleak gu baikara. Alabaina, ukaezina da, lehenagotik bizi dugun diglosia-egoera areagotu egiten dela erdal biztanleen eransketarekin.

Hau arazoa izan daiteke, bai, baina ez da inolaz ere gaur egun daukagun larriena gure hizkuntzari dagokionez, euskararen tratamendu orokorraren ondorio bat besterik ez baita. Urteak daramatzagu euskararen “normalizazioa” aldarrikatzen, haren egoera ez baita “normala”, eta aldi berean, urtea joan eta urtea etorri, hil ala biziko kinkan dagoen gaixoari, kataplasmak jartzen dihardugu.

UEMAk eta gainerako elkarte, erakunde, kontseilu, topagune, eta abarrek, euskararen alde lan baliagarria egiten dutela, zalantzarik ez dago. Lazkanok berak artikuluan aipatzen dituen adibideak eredugarriak dira. Alta, lan hori dena -etorkinen euskalduntzea barne- hizkuntzaren berreskuratze-estrategia orokor, planifikatu eta ofizial baten baitan ez bada egiten, urteak eta urteak segi dezakegu dirua eta energia xahutzen, baina ez dugu gure hizkuntza “normalizatuko”.

Berreskuratze-prozesu honetan, ez dugu ahaztu behar hizkuntzak funtzio berezi bat betetzen duela, hots, Herri bateko partaide izatearen sentimendua sustatu eta euskarritzearena. Ikusi besterik ez dugu gure auzokoek zer-nolako garrantzia ematen dioten hizkuntzaren zeregin horri kohesio soziala bermatzeko eta, era berean, etorkinak integratzeko. Goian aipatutako lanetan argi azaltzen da Estatuaren nazionalitatea lortzeko, estatuaren hizkuntza menperatzea exijitzen zaiela. Gurean, aitzitik, funtzio hori lausotzen ari gara onkeriaz, gaizki ulertutako solidaritate eta unibertsaltasunaren izenean, edota, menderatzen gaituztenen aurrean otzan azaltzearen mesedetan. Euren hizkuntza hegemonikoak babesteko Espainiak eta Frantziak gero eta neurri zorrotzagoak hartzen dituzte gure aurka, eta gu, are eta eleaniztunagoak izan behar omen dugu, gizartea, haurren heziketa, harremanak, …, euskaldun egiten gaituen mintzaira aukeran eta beste hizkuntzen maila berean edota haien azpian ezarriz.

Gure Herriari EUSKAL kalifikatzailea ematen dion hizkuntzak behar dituen sendabideak jaso ezean, eta beste edozein hizkuntza nazionali  ematen zaion tratu bera eman ezean, gureak egin du.