EZ GARA BASKOAK, EUSKALDUNAK BAIZIK

Argazkia: Noticias de Gipuzkoa

Linguizidio eta kolonizazio luze baten ondorioz Euskal Herriko nortasun nazionala nabarmen ahuldu da azken 150 urteotan, eta asimilazioaren malda bortitzean irristatzen ari gara harrezkero. Oso bestelakoa zen gure egoera 1843an, Victor Hugo idazle frantziarrak bisitatu gintuenean: “Baina Espainian ote naiz? Ozta izan liteke inor espainiarra Donostian, euskaldunak dira denak. Gipuzkoa da hau, foruen herri zaharra, euskal probintzia libre zaharrak. Ongi da gaztelera apur bat hitz egitea, baina euskaraz hitz egiten da hemen bereziki”. Eta Pasaian zegoela, hau ere erantsi zuen: “Hemen euskaldun jaio, euskaraz hitz egin, euskaraz bizi eta euskaraz hiltzen da. Euskara aberria da hemen, erlijioa, esango nuke. Esaiozu euskarazko hitz bat baserritarrari mendian; hitz horren aurretik, doi zinen gizon bat harentzat; hitza esandakoan, anaia zaitu. Espainiera arrotza da hemen, frantsesa bezala”.

Globalizazio basatiaren ondorioz eta bi estatu zapaltzaileek ezartzen diguten diskurtso politiko maltzurraren ondorioz, gero eta zailagoa da gure artean identitateaz mintzatzea. Eta Victor Hugoren garaiko euskaldunek garbi zeukatena, gaur egungo euskaldunok modu lausoagoan ikusten dugu. Zein da gure identitatea? Bada garaia gure euskalduntasuna konplexurik gabe aldarrikatzeko, eta ozen esateko: gu ez gara “baskoak” edo “nabarroak”, euskaldunak baizik. Hizkuntzak norbanako identitatea eta identitate kolektiboa ematen dizkigulako, mundua ikusteko modu berezia. Hizkuntzak gure pentsamoldea moldatzen du. Hizkuntzak egiten gaitu euskaldun.

Sabin Aranaren garaietatik abertzaletasunaren diskurtsoak, salbuespenak salbuespen, baskoa eta euskalduna nahasi ditu. Horrek agerian jartzen du abertzaletasun hark ez zuela euskaraz hitz egiten, ez zuela euskaraz pentsatzen. Aranak zioen: “euskal herritarrok ez gara espainiarrak edo frantziarrak, euskal herritarrak baizik” (“los vascos no somos españoles ni franceses, somos vascos”, idatzi zuen erdaraz). Guk esaten dugu: euskaldunok ez gara baskoak edo nabarroak, euskaldunak baizik. Euskara da gure aberria, Euskararen Herrian bizi garelako.

Ondo baino hobeto zekiten gure arbasoek zertan zetzan beren identitatea, zein zen beren nortasunaren muina. Euskaldunak ziren. Gaur, hau korapilatu egin da, gure terminologia oso argia izan arren. Izan ere,  gertuko beste hizkuntza batzuetan ez dira bereizten jentilizioaren eta hiztunaren izenak: esaterako, “espainola” esaten dugunean ez ditugu bereizten hiztuna eta biztanlea. Berdin “katalana”, “frantsesa”, “galiziarra” edo “korsikarra” esaten dugunean (“español”, “català”, “français”, “galego” edo “corsu”, bertako hizkuntzetan). Euskaraz, aldiz, bereizketa begi-bistakoa da: identitatea hizkuntzarekin lotzen baita, ez jaiolekuarekin edo bizitokiarekin.

Inperialistek ezartzen diguten terminologia ez dugu ontzat jo behar, ezin dugu hori gureganatu. “Vasco” espainiartasunaren barruko azpikategoria da, “castellano”, “andaluz” edo “aragonés” bezalakoa. “Euskalduna”, aldiz, Espainiako zein Frantziako erreferentzia-markoa gainditzen duen kontzeptu etnolinguistikoa da. Geurea.

Komunitate nazional normalizatu batean ez dago identitate bikoitza duen gizabanakorik. Horrenbestez, gurean ezinezkoa izan beharko luke baskoa eta euskalduna izatea, baldintza normaletan. Menderatzen gaituztenek sinetsarazi nahi digute bi kontzeptu horiek baliokide eta sinonimoak direla, identitate bikoitza dugula. Eta gutako batzuek sinistu. Esanguratsua Joseba Egibar buruzagi jeltzaleari arestian gertatu zitzaiona, Donostiako ekitaldi batean “euskara da euskaldun egiten gaituena” esan zuenean. Begi-bistakoa dena eta denok dakiguna, modu traketsean itzuli zuten EAJko prentsa arduradunek, erdal komunikabideei igorritako ohar ofizialean: “el euskera es lo que nos hace vascos”. Hautsak harrotu zituen giro unionista espainoletan itzulpen kaskar horrek, gure pentsamolde nazionalaren endekapena argi islatzen duena. Horiek dira oinarrizko kontzeptuak garbi ez edukitzearen ondorio deitoragarriak.

Guk argi dugu: nazio euskaldunaren identitatea hizkuntzan datza. Eta nazio politikoa, lortu nahi dugun Euskal Errepublika, nazio linguistiko eta kulturalean oinarrituta eraiki behar dugu. Guztiz bat gatoz Joxe Manuel Odriozolaren irizpidearekin: “burujabetza politikorik ezin da eraiki herritarren borondate abstraktuaren gainean. Nazio etno- kulturalaren matrizea behar du ezinbestez proiektu politikoaren ernamuinak, bestela ezin delako erne eta hazi”. Nazio euskalduna aintzat hartzen ez duen egitasmo politiko abertzalea, hizkuntzaren ordez beste elementu batzuk bere formulazio politikoaren oinarrian jartzen dituena, iruzur hutsa da, hizkuntza baita Herri baten egite kolektibo nagusia eta nazio zapaldu baten tresnarik eraginkorrena bere asimilazioa saihesteko.