EDITORIALA: ITXAROPENAREN ETA FRUSTRAZIOAREN ARTEKO TARTE LABURRA

Nazioen emantzipazio-prozesuak luzeak eta gorabeheratsuak izan ohi dira. Eta horietako batzuk, baita dramatikoak eta odoltsuak ere, zoritxarrez. Azken 40 urteotan Europan sortu diren estatu berrien sorrerei so egiten badiegu, ohartuko gara nazio batzuek gatazka luzerik gabe haien autodeterminazioa gauzatu dutela (Estonia, Letonia, Montenegro…), beste batzuetan prozesu hori askoz liskartsuagoa izan den bitartean (Kroazia, Kosovo, Georgia…). Nolanahi ere, nazio-askapeneko prozesu guztiak ez dira inon ere samurrak izan, estatuek beti oztopo guztiak jartzen dizkietelako haien mendeko nazioei, eta independentzia politikoa desobedientzia eta talka bortitz baten ostean (odoltsua ala ez) soilik erdietsi izan dute.

Euskal Herrian independentziaren aldeko borroka -azken 60 urteotan- ETA erakunde armatuaren eraginpean gauzatu da hein handi batean (eta ETAri lotuta gehienbat, borroka armatua gaitzesten zuten beste eragile independentista batzuk ere izan arren). 2018an ETAk bere bukaera iragarri zuen, bere helburu estrategikoetako bat bera ere eskuratu gabe (autodeterminazioa, lurraldetasuna, presoen amnistia, …). Argi esanda, Espainia -estatuaren tresneria osoa erabiliz, baita osoro demokraziaren eta gizalegearen aurkakoak ziren tresna zitalak ere-  euskal talde armatuari gailendu zitzaion. Ez da ohikoa gurean gauzak modu hain gordinean esatea, baina aho bilorik gabe hitz egitea funtsezkoa da gure gaurko politikako egoera eta gure gizartearen desmobilizazioa ulertu ahal izateko. ETAren desagerpenaren ondoren, ezker abertzalea birkokatu egin da politikako eremu berrian, eta tinko defendatzen zituen garai bateko helburu estrategikoak, bigarren plano batera pasatu dira bere diskurtsoan, politikan nagusitasuna edo hegemonia lortzeko lehian oztopo bailiran. Horren ondorioz, naziotasunaren pultsua nabarmen ahuldu zaigu. Ez dugu uste oker gaudenik esaterakoan nazio-arloan euskal gizartean nekea sumatzen dela, apatia, gogogabetze kezkagarria, ilusiorik eza. XX. mendeko azken urteetan eta XXI. mendeko lehenengoetan zegoen politika eta kulturako bizitasuna asko apaldu da Hego Euskal Herrian (ez hainbeste Ipar Euskal Herrian, non euskal gizarte zibilak mobilizatzeko gaitasunari oraindik ongi eusten dion).

Esan liteke nazioek, gizakion antzera, berezko gorabehera animikoak dituztela, gogo-egoera aldakor eta ziklikoak. Itxaropenaren uneak eta frustrazioarenak. Nortasun sendoko Herrietan, soziologia-ikuspuntutik, gizarteak ez ditu aldaketa sakonak erakusten denboran zehar nazio-sentimenduari dagokionez, baina bai zailtasunak nazio-askapen prozesu bati luzaroan eusteko, prozesu hori arrakastaz eta epe jakin batean amaitzen ez bada. Itxaropenaren eta frustrazioaren arteko tartea laburra baita burujabetza-prozesuetan.

Quebec da adibideetako bat. Bertan, independentziaren gaia puri-purian egon zen XX. mendeko 1980ko eta 1990eko hamarkadetan. Independentziaren aldeko mugimenduaren indarrak ahalbidetu zuen bi autodeterminazio-erreferendum burutzea, azkena 1995ean, independentziaren aurkakoek ozta-ozta irabazi zutena (botoen %50,58 independentziaren aurka, eta %49,2 alde). Hogeita zazpi urte igaro dira harrezkero, eta bertako independentziaren aldeko mugimendua nabarmen ahuldu da. Independentziaren aldeko zikloaren ostean, autonomismora itzuli da Quebec, eta burujabetzari buruzko eztabaida agenda politikoaren bigarren plano batera pasatu da. Esanguratsuak dira alderdi independentista nagusiak (Partit Québécois-ek) azken hauteskundeetan izan zituen emaitza kaskarrak, inoizko txarrenak, autonomiazaleen  mesederako (Coalition Avenir Québec). Bistan da independentzia-zaletasun quebectarrak ezin izan duela 1995eko porrota ondo digeritu, eta frustrazio kolektibo horrek independentziaren gogoa nabarmen kaltetu duela. Inkestek ere erakusten dute independentziaren aldeko hautua asko moteldu dela Quebeceko biztanleengan, sostengu hori urruti baitago XX. mendeko 1980ko hamarkadako egoeratik.

Kataluniako kasua ere paradigmatikoa da. Bertan, independentzia-zaleen olatuak giharra erakutsi zuen 2012 eta 2017 urteen artean, bereziki. Alta, 2017ko urriaz geroztik, eta independentzia gauzatzeko abagunea alferrik galdu ondoren, etsipena itxaropenari gailendu zitzaion, eta independentzia-zaletasunaren sukarra  nabarmen ahuldu zen. Horrekin ez dugu esan nahi, inondik inora ere, Kataluniako  prozesu independentista bukatutzat eman behar dugunik, espainiarrek sinetsarazi nahi diguten bezala. Kataluniako gizartearen soziologia ez baita aldatu egun batetik bestera. Baina begi-bistakoa da bertako prozesua beste ziklo batean sartu dela, are gehiago independentzia-zaleen sektore batek jarrera “pragmatikoagoa” hartu, eta aldebakarreko bidea baztertu duenetik, estrategia-akats itzela eginez, gure ustez.

Kataluniako independentziaren aldeko prozesuaren gaur egungo “impassea” kroniko bihurtzen bada, Quebec-en edo Euskal Herrian gertatu dena gerta daiteke bertan ere: hasieran etsipenaren sentimendua, eta gero frustrazioa hedatzea. Eta horrekin batera, desmobilizazio orokorra. Neketsua baita mobilizatzeko gaitasunari eustea urte luzeetan zehar ageriko lorpen politikorik  eskuratu ezean. Euskal Herrian, zoritxarrez, ondo ezagutzen dugun fenomenoa da hori.

Bi gogoeta bukatzeko:

Lehenengoa: egia bada ere Quebec-en independentzia-zaletasunak indarra galdu duela azken urteotan, bertako gizarteak urrats sendoak eman ditu naziogintzaren arloan: populazioaren %95ak frantsesez hitz egiten du, eta frantses elebakarren kopurua inoizko altuena da: %53. Euskal Herrian, aldiz, independentismoaren ilunaldiarekin batera, nazio-kontzientzia ere ahultzen ari da, eta zantzu asko daude agerian jartzen dutenak gure asimilazio-prozesua, Espainian eta Frantzian, bizkortzen ari dela. Gure nazio-krisia, beraz, bikoitza da, eta azkar erreakzionatu ezean itzulerarik gabeko puntu batean sartuko da.

Bigarrena: ez dugu etsipenean erori behar. Kataluniaren edo Quebec-en antzera, Euskal Herria ere nortasun handiko nazioa da, eta gu mende luzeetan bizirik iraun duen Herri bateko partaideak gara. Haren historia luzean zehar oraingoa baino krisi latzagoak izan dira eta nolabait bederen gainditu ditugu. Ez dugu zalantzarik lozorro politiko honetatik indarberrituta aterako garela, geure nazio-sentimendua berriro piztuko duen txinparta sortzen denean. Lan egin dezagun elkarrekin txinparta hori pizteko!